Hemen zaude

Uda honetan ere, kontsumitzaileen eskubideek ez dute oporrik hartzen

Osteguna, Uztaila 2, 2026

Uda iristearekin batera, bidaiak, ostatu-erreserbak eta aisialdiko jarduerak ugaritu egiten dira. Horregatik, Kontsumobidek gogorarazi du garrantzitsua dela kontsumitzaileek dituzten eskubideak ezagutzea, oporrak lasaitasun handiagoz gozatu eta gorabeherak saihesteko.

Gomendioen artean, bereziki azpimarratzen du erreserbei eta erosketei lotutako dokumentazio guztia gordetzea, zerbitzu bat kontratatu aurretik baldintzak arretaz irakurtzea eta azken prezioak kontzeptu guztiak barne hartzen dituela egiaztatzea. Era berean, arreta berezia jartzea gomendatzen du ezeztapen-politiketan, erreserben aldaketetan eta bidaia-aseguruen baldintzetan.

Atzerapenak, ezeztapenak edo enpresa baten ez-betetzeak gertatuz gero, kontsumitzaileek erreklamazioa aurkezteko eta, araudiak hala aurreikusten badu, dagokien kalte-ordaina eskatzeko eskubidea dute. Kontsumobidek gogorarazi du, zalantzarik edo kontsumo-gatazkarik izanez gero, herritarren eskura dituela informazio eta aholkularitza zerbitzuak.