
Prezio dinamikoak enpresek gero eta gehiago erabiltzen duten estrategia dira produktu edo zerbitzu baten prezioa denbora errealean aldatzeko. Prezio finkoek ez bezala, etengabe aldatzen dira hainbat faktoreren arabera, hala nola eskariaren, eskaintzaren, asteko egunaren, ordutegiaren edota eguraldiaren edo ekitaldi berezien moduko inguruabarren arabera. Ohikoa da praktika hori hegazkin-txartelak erostean, ostatu-erreserbetan, garraio-plataformetan, merkataritza elektronikoan edo ikuskizunetarako sarreren salmentan.
Sistema horiek nola funtzionatzen duten ezagutzeak kontsumitzaileei produktu edo zerbitzu beragatik gehiago ez ordaintzen lagun diezaieke. Horregatik, Kontsumobidek hainbat gomendio eskaintzen ditu modu adimentsuagoan erosteko eta prezio dinamikoen eragina murrizteko.
Aholkuen artean daude nabigazio pribatua edo inkognito modua erabiltzea, edo cookieak ezabatzea bilaketen jarraipena mugatzeko; prezioak plataforma desberdinetan alderatzea; erosketa egiteko datetan eta ordutegietan malgutasuna izatea; prezioaren igoera puntual bat antzemanez gero, ordu batzuk itxarotea; eta bilaketak gailu edo kokapen desberdinetatik egitea; izan ere, plataforma batzuek prezio desberdinak erakutsi ditzakete faktore horien arabera.
Kontsumobidek gogorarazten du prezio-aldaketa horiek legezkoak direla, baldin eta enpresek erosketa formalizatu aurretik azken prezioaren berri argi eta gardentasunez ematen badute. Horregatik, erosketak aldez aurretik planifikatzea, eskaintzak alderatzea eta lasaitasunez jokatzea gomendatzen du, produktu edo zerbitzuaren azken kostua garestitu dezaketen presazko erabakiak saihesteko.

