Hemen zaude

SALMENTAK BIDAIA ANTOLATUETAN

Ostirala, Martxoa 27, 2009

SALMENTAK BIDAIA ANTOLATUETAN

Enpresa batzuek oso bidaia merkeak -eta batzuetan are doakoak ere- antolatu ohi dituzte beren produktuak ezagutarazi eta saltzeko asmoz. Salmenta horien berezitasun nagusia da merkataritzako establezimendu batetik kanpo egin ohi direla; beraz, eskaintzaren kalitateari eta prezioari dagokionez ezin da inolako konparaziorik egin. Horregatik, zure eskubideak ondo babesteko, ondoko aholkuak kontuan hartzea gomendatuko genizuke:

· Bidaiari buruzko publizitate-orria arretaz irakurri eta klausularen bat ulertzen ez baduzu, galdetu zalantza guztiak baiezkoa eman aurretik.

· Kontuan hartu bidaia egiteagatik ez duzula enpresak eskainitako produktua erosteko obligaziorik, propagandan edo kontratuan baldintza hori ezarrita ez badago behintzat. Horregatik, seinalea jarri edo bidaia ordaindu aurretik beharrezko informazio guztia eskatu behar duzu.

· Ez ezazu produktua eros haren ezaugarriak eta kalitatea ondo egiaztatu gabe, eta batez ere, haren premiarik ez baduzu.

· Erosketa egin aurretik galdetu produktuaren prezio osoa eta ordaintzeko era.

· Erosketa merkataritza-establezimendu batetik kanpo egiten denean eta zortzi mila pezetatik gorakoa denean, kontratua edo merkataritzako eskaintza idatziz egin behar dira.

· Ezeztatze-agirian argi adierazi behar dira hura jasoko duen enpresa-buruaren izena eta helbidea.

· Produktua kreditu baten bitartez eskuratuz gero, erosketan atzera egiteak kreditu horren baliogabetzea ekarriko du.

· Ondo erreparatu erosiko duzun produktuaren etiketari. Hura erabiltzeko eta mantentzeko argibideak gutxienez gaztelaniaz azaldu behar dira.

· Eskatu beti erosketaren faktura edo ziurtagiria. Aldaketak, itzulketak edo erreklamazioak egiteko beharko duzu.

· Produktuak garantiarik baldin badu, eska ezazu dagokion ziurtagiria; horretan data eta saltzailearen sinadura eta zigilua azaldu behar dira.

· Gogoan izan saltzaileak publizitate-orrian iragartzen den horixe eskaini behar dizula, nahiz eta geroko kontratuan edo ematen dizuten beste dokumenturen batean alderdi hori berariaz adierazita ez egon.

· Zure eskubideak urratu dituztela uste baduzu edo argibideren bat behar baduzu, jo ezazu KIUB/OMICera edo Gipuzkoako Kontsumitzaileen Batasunera (EKB).