Hemen zaude

PRODUKTUAK ITZULTZEA

Ostirala, Martxoa 27, 2009
PRODUKTUAK ITZULTZEA

Merkatariak egoera jakin batzuetan bakarrik behartuta daude itzulitako produktuak onartzera

Produktua erosi nuen dendan ez didate onartzen nik hura itzultzea. Nola liteke hori? Lehengo batean beste erostetxe batean produktu baten kostua itzuli egin zidaten eta gainera ez zidaten inolako trabarik jarri. Ez al lukete guztiek hori egin behar? Horixe da kontsumitzaileen elkarteetan edo kontsumitzailearen informaziorako udal bulegotan gehien egiten den galderetako bat. Hala ere, kasu guztietan ez da posible itzulketa onartzea.

Merkataritza-mota ezberdinak arautzen dituzten lege-testuetan argi adierazten da zein egoeretan egin daitekeen hori. Adibidez, batzuetan 7 laneguneko epea izango dugu horretarako, baina beste batzuetan erositako artikuluak ezin izango ditugu itzuli.

Erosketa merkataritza-establezimendu batean egin badugu, erositako produktua hondatuta dagoenean bakarrik itzuli ahal izango dugu. Hau da, akats edo hutsuneren bat duenean. Eta hori, noski, beste aukera batzuk baztertu ondoren, adibidez, produktua konpontzea eta/edo ezaugarri berak dituen beste bat hartzea.

Egia da, bai, gaur egun badirela denda batzuk dirua itzultzea edo produktua aldatzea onartzen dutenak, artikulua erabat ondo egonda ere. Baina hori enpresa-politika besterik ez da.

Normalean establezimendu horiek erosketa-txarteletan edo fakturetan garbi adierazten diete beren bezeroei noiz arteko epea duten produktua itzultzeko. Beraz, horren berri ondo jakitea komeni zaigu.

Txartelak

Sarritan jantzien edo artikuluen zenbatekoagatik txartel batzuk ematen dizkigute, denda horretan bertan urteko garai jakinetan edo aurrez ezarritako denboraldi batean erosketak egin ahal izateko. Establezimendu batzuek horrelako aukerak ematen dituzte, bakoitzak bere baldintzak ezartzen ditu eta guk errespetatu egin behar ditugu. Nolanahi ere, ez ahaztu produktua hondatuta ez baldin badago ez dutela guri dirua itzultzeko betebeharrik izango.

Dena den, aukera horiek ikusita ez genuke okerreko ondoriorik atera behar. Erositako artikuluak hondatuta daudenean bakarrik behartuta daude dendak itzulketa onartzera, erosketa-txartela edo faktura aurkeztu ondoren. Eta artikulua konpondu ezin denean edo ezaugarri berak dituen beste bat ematerik ez dutenean bakarrik itzuliko digute ordaindutako kopurua.

Ezeztatze-agiria

Hoteletan, jatetxeetan edo enpresaren egoitza ez den beste edozein establezimendutan antolaturiko merkataritza-bileretan egiten dugun erosketari dagokionez, itzulketarako baldintzak oso bestelakoak izaten dira. Salmenta-modu horri, oro har, urrutiko salmenta deitzen zaio, eta horrelakoetan zazpi eguneko epea izaten dugu artikuluak itzultzeko.

Salerosketako kontratu horiek ezeztatzeko modurik egokiena ezeztatze-agiriak erabiltzea da. Agiri horiek kontratua egiten denean aurkeztu beharrekoak dira. Nolanahi ere, jaso izanaren agiria duen telegrama bat, burofax bat edo notario-akta ere erabil daitezke. Hau da, bidalitako edukia egiaztatzen duen zerbait erabili behar dugu.

Hortik kanpo geratzen dira, noski, ezeztatze-agiririk behar ez duten kontratuei dagozkien kasuak, adibidez 8.000 pta.tik beherako erosketak, ondasun higiezinak, aseguruak, etxean sinaturiko kontratuak (enpresak aurrez hori egiteko eskaera eginik) eta katalogoak aztertu ondoren egindako erosketak, lehendik enpresaburuarekin izandako harremanen bidez egindakoak.

Horrelakoetan ez da beharrezkoa artikuluak hondatuta egotea. Produktu guztiak itzul egin daitezke, beren egoera edozein dela ere, horretarako taxuzko arrazoirik eman behar izan gabe. Hori horrela da legegileek ikusi dutelako salmenta-mota horrek ez diela herritarrei batere babesik eskaintzen.

Publizitatea gorde

Urrutiko salmenta horien barruan Internet bidez egiten diren erosketak eta hedabideetan jarritako promozio-saioen bitartez egiten direnak ere sartzen dira. Salmenta-mota horietan guztietan oso garrantzitsua da publizitatea gordetzea: beraz, informazioa inprimatu edo iragarkiak grabatu egin ditugu.

Gogoan hartu behar da bezeroei informazio eskaintzen dieten publizitate-saioetako edukiak lotesleak direla enpresentzat; hau da, publizitate horretan esaten den guztia zorrotz bete behar da, legeak kontratu baten maila bera ematen baitie.

Urrutiko salmentaren bi modalitate direnez, salerosketako kontratuak egitearekin batera ezeztatze-agiria ere eman beharko digute, hori behar-beharrezkoa baita enpresarekiko harremana eten, artikulua itzuli eta aurreratu ditugun kopuruak atzera eskuratzeko.