Ostirala, Martxoa 27, 2009
IRAKASKUNTZAKO IKASTAROEN SALMENTA Irakaskuntza ez-arautuko ikastaroen salmenta (hizkuntza-ikastaroak, oposizioak, etab.) bi modutara arauturik dago, ikastaroa merkataritza-establezimenduaren barruan edo kanpoan egiten den kontuan izanik. Aurreneko kasuan hutsune juridiko nabariak daude; bigarrenean, berriz, badago arautegi berezi bat. Bi modalitate horietan ikastaroak finantzatzeko kredituen eskaintza gero eta handiagoa da. Akademiek hainbat hilabetetako ikastaroak eskaintzen dituzte aldez aurreko ordainketa-modua erabiliz, bai eskurako ordainketaren bidez, bai kreditu-entitate baten finantzaketa erabiliz. Orokorrean, salmenta establezimenduan bertan egiten denean, erabiltzaileek ezin diote zerbitzuari uko egin eta hileroko kuota guztiak ordaindu behar izaten dituzte, bertako irakaskuntza-modua gustatu ez eta ikastetxean arazoak izan arren. Batzuetan, jakin ere ez dute jakiten klaseak finantzatzeko kreditu bat sinatu dutenik. Gure aholkuak * Irakaskuntza-zentro pribatu batean matrikula egin baino lehenago, beharrezko informazio guztia eska ezazu.* Egiazta ezazu maila profesional eta akademikoan daukan balioa, prezioak, klase eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak eta irakasleen prestakuntza.* Ahal dela, ikasgai berbera ematen duten beste establezimenduetan eskainitako baldintza aztertu eta zure ahalbideetara ondoen egokitzen dena aukera ezazu.* Akademiak ikaslearen eskubideak eta betebeharrak adieraziko dituen arauzko kontratu pribatu bat egin behar dizu. Hori sinatu aurretik dena ondo irakurri.* Epeka ordaindu behar baduzu, kontuan hartu gehienetan finantza-entitate baten bitartez egiten dela hori, eta akademiak beharrezko informazio guztia eman behar dizula epeei buruz, hileroko kopuruei buruz eta UTBri buruz. Gainera, finantza-entitatearekin egindako eta baldintza guztiak jasotzen dituen kontratua erakutsi behar dizute. Beraz, behar-beharrezkoa da dena arretaz irakurtzea.* Edozein zalantza edo erreklamazio izanez gero Kontsumitzaileen Elkarte batera edo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulego batera (OMIC) jo behar duzu. HIZKUNTZ IKASTARO BAT FINANTZATZEKO KONTRATUA BALIOGABETZEA Madrilgo 1. Instantziako 55 zk.dun epaitegiak, 2001eko martxoaren 19ko epaiaren bidez, hizkuntz ikastaro baten finantzaketa-kontratua erabat baliogabea dela adierazi du. Epaitu den kasuan alderdi demandatuak -kontsumitzaileak- ez du ukatu hizkuntz ikastaroari buruzko kontratu bat dagoenik, baina bai ordea auzia jarri duen entitatearekin (finantza-entitatearekin) egindako finantzaketa-kontratua jakinaren gainean sinatu zuenik; entitate horrek mailegu osoa ordaintzeko erreklamatzen dio, eta kopuru hori ikastaroa ematen zuen akademiari entregatu zitzaion. Era horretan, "ezinezkoa gertatzen zen hari Kode Zibileko 1124. artikuluan aurreikusitako ebazpen-klausula ezartzea, akademiak egindako hutsegiteengatik, eta beraz kontsumitzaileak bere bankuari agindua eman zion bidaltzen zizkioten kuotak ez ordaintzeko". Auzitegiaren ustez, alderdi demandatuak "kontratuko matrikula sinatu zuenean, horrekin batera 13.920 pta.ko 25 ordainketa helbideratzeko agindua ere sinatu zuen, hasieran 20.000 pta. ordainduz; hala ere, matrikulan ez da auzi-jartzaileak alegaturiko finantzaketaren aipamenik egiten; bestalde, ez da ikusten sinaturiko mailegua ematerakoan demandatuari inolako informaziorik eskatu zitzaionik, mailegua ematerakoan eskatu ohi den eran". Eta okerra hortik etorri da. Gainera "kontratuari begiratzen badiogu ikusiko dugu kuoten finantzaketari buruzko informazioa -demandatuak ikastaroko matrikula sinatzean emandako informazioa- inpresio mekaniko bidez idatzia dela polizaren beraren testutik aparte". Alderdi horiek guztiak kontuan izanik, Auzitegiak uste du adostasuna ematean egindako funtsezko akats hori ezin zaiola kontsumitzaileari egotzi, eta beraz, adierazitako guztiaren arabera, eta kontratua nola sinatu zen kontuan izanik, adierazten du akats hori funtsezkoa izateaz gainera ezin desenkusatuzkoa ere badela, zeren aztarnek erakusten dutenez poliza hori sinatu zenean gerora modu mekaniko batez erantsi zitzaion informazioa falta baitzitzaion. Beraz, kontratua erabat baliogabea dela adierazi du, haren helburuari dagokionez adostasunik lortu ez delako, eta finantza-entitateak jarritako demanda ezetsi egin du.