Ostirala, Martxoa 27, 2009
AUTOMOBILA EROSTEA Automobila erosi behar duzula edo egunen batean erosiko duzula erabaki baduzu, hainbat alderdi ezagutzea komeni zaizu erabaki egokia har dezazun. Gaur egun hori ez da batere erraza, egunez egun ugariagoak baitira egileek aurkezten dituzten aukerak: eredu berekoak hamabost edo hogei bertsio ezberdin topatuko ditugu karrozeria, motorizazio eta ekipamenduari dagokionez. Agian onena izango litzateke prezioa eta funtsezko ezaugarriak aipatzen hastea, tamaina eta motorizazioarekin jarraitzeko, eta urtean zenbat kilometro egingo ditugun ikustea, gasolina edo diesela komeni zaigun erabakitzeko (kontuan izan behar dugu diesel motorra duen automobila amortizatzeko 25.000 edo 30.000 kilometro egin behar direla urtean). Halaber, egokia litzateke erosi aurretik autoa frogatzea, eta horretarako ez genuke inolako zailtasunik izan behar, ia kontzesionario guztietan baitituzte bereak diren ereduak; era horretan, autoan sentitzen dituzun sentsazioak bizi ahal izango dituzu eta dituen neurriak eta edukiera egiaztatu, bereziki atzeko eserlekuei eta maletategiari dagokienez. Komenigarria izango da gure premietara egokitzen ez diren ereduak baztertzea, gutxi batzuekin geratu ahal izateko; gero, prezioa eta finantzaketa izango dira gure aukera bideratuko dutenak. Gogora ezazu potentzia -zure ekonomiak aukera hori ematen badizu behintzat- garrantzia handikoa dela, ez abiada handiagoan ibiltzeko, baizik eta larri ez ibiltzeko besteak aurreratzeko orduan. Publizitatean ikusten duzuna ikusten duzula, aukera itzatzu benetan komeni zaizkizunak, horietako batzuk erabilgarritasun gutxi duten “apaingarri” hutsak izan eta prezioa nabarmen gehitzen dutelako. Nolanahi ere, kontuan har itzazu ondorengo ohartarazpenak: Ibilgailu batengatik ordaintzen den prezioan kontzeptu ezberdinak sartzen dira: - Fabrikako prezioa, izapidatze gastuak, aurrez ematearen gastuak eta garraioarenak.- Ordaindu beharreko zergak, hau da, Erantsitako Balioaren gaineko Zerga (BEZ) %16koa, eta Garraioko Bitarteko jakin batzuei buruzko Zerga Berezia, %12koa. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ere ordaindu behar zaio Udalari.- Matrikulazioak sortzen dituen gastuak: matrikulazio tasa, plakak, eta hala dagokionean, gestoriako gastuak. Espezializatutako prentsan azaltzen diren prezio-zerrendak egileak edo inportatzaileak gomendatutako prezioak dira, baina ez dira beti bat etortzen ordaindu beharreko zenbatekoarekin. Gainera, eredu eta ezaugarri bereko auto baten azken prezioa aldatu egiten da marka bereko kontzesionario batetik bestera. Horrenbestez, prezioak begiratzea komeni izaten da kontzesionari ezberdinetan, eskaintzen dituzten beherapen, eskaintza eta opariak kontuan hartuz. Autoa erosterakoan beti eskatu behar izaten da faktura eta idatziz egindako bermea. Legezko gutxieneko bermea 6 hilabetekoa da, marka guztiek gutxienez urte bateko bermea eskaintzen badute ere. Nolanahi ere, zenbait kasutan legezko bermeari gehituta eskaintzen diguten epea mugatuko duten baldintza murriztaileak arreta handiz aztertzea komeni da. Berria erosterakoan erabilitako gure autoa kontzesionarioan uzten badugu komenigarria izango da motorraren alorreko aldizkarietan erabilitako autoen gutxi gorabeherako prezioak begiratzea, eredua eta antzinatasuna kontuan hartuz. Erabilitako gure ibilgailuak 10 urtetik gora izan eta desegiteko uzten badugu, PREVER programaz balia gaitezke auto berria erosterakoan, hori eginez 80.000 pezetako beherapena egingo digute Garraioko Bitarteko jakin batzuei buruzko Zerga Bereziagatiko ordaindu beharreko kuotan. Eta erabilitako autoa erostea baldin bada nahi duguna... Orduan ibilgailuaren egoera ongi aztertu beharko dugu, horretarako konfiantza osokoa dugun aditu batek hori ikustea komeni da, arriskua handiagoa delako ezkutuko akats mekanikoak izateko, istripu larriak izandako autoa izateko, edo kilometro gehiegi egindakoa izateko edo beste hainbat izateko. Gainera, bermeak ere hor daude. Zenbait saltzailek ez du idatzizko bermerik ematen, eta badira salerosketako kontratuaren idatzizko agiririk ematen ez dutenak ere. Erabilitako autoaren bermea Bi eratako bermeak daude, legezkoa eta komertziala. Lehenengoa, ezinbestekoa dena -ibilgailua, nahiz eta erabilitakoa izan, ondasun iraunkorra delako- salerosketako araudiaren eta kontratuaren ondorioz sortutakoa da. Berme komertziala saltzaileak borondatez eskainitakoa izaten da. Berme horren bidez saltzaileak ziurtatzen du saldutako ibilgailua egoera onean dagoela, beraz, akatsen bat sumatuz gero, kontsumitzaileak saltzailearengana jo dezake. Kode Zibilaren arabera, erosleak sei hilabeteko epea izango du judizio bidez errekurritu eta erabilera iraunkorreko ondasun batengatik (kasu honetan autoa) ordaindu duen prezioan beherapen bat lortu ahal izateko, horren bidez akatsen konpentsazioa lortuko da edo horiek saltzailearen kontura konpontzea. Baina hori bai, saltzaileak idatzizko inolako bermerik eman ez badigu ere, sortu zaizkion akatsak dohainik konpontzeko, ezaugarri bereko beste auto batez ordezkatzeko edo ordaindutako dirua berriro jasotzeko eskubidea izango du kontsumitzaileak. Azterketa teknikoaren txartelean egiaztatu beharko dugu automobilak lau urteko ibilgailuek aldizka pasatu beharreko Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) gainditu duela. Komenigarria da Trafikoko Probintziako Buruzagitzara joan eta erosi nahi dugun automobilari buruzko ziurtagiria eskatzea Erregistroan. Ziurtagiri horretan, ibilgailuaren ezaugarriak eta titularraren datuak azaltzeaz gain, interesgarriak diren ondorengo datuak ere jasotzen dira:- Autoa zertarako erabili den: erabilera partikularra, taxia, autoeskolako ibilgailua, etab.- Ibilgailuak finantza kargaren baduen edo bahiturarik izan duen. Autoa erosteagatik hitzartuko ditugun zenbatekoak, Trafikoko Probintziako Buruzagitzan ordaindu beharreko tasak, eta hala dagokionean, gestoriako gastuak ordaintzeaz gain, ezarri ahal izango zaizkion honako zergak hartu behar dira kontuan: - Sektoreko enpresaburu edo profesional bati erosi badiogu, dagokion BEZ, erabilitako ondasunen erregimen bereziaren arabera.- Beste partikular bati erosten badiogu, Ondare Eskualdaketen gaineko Zerga, autoaren eredu eta antzinatasunaren arabera Ogasunak ezarrita duen zenbateko bati %4ko tasa ezarriz kalkulatzen da hori. Saltzailea sektoreko enpresa bat edo profesional bat baldin bada, faktura eman beharko digu nahitaez. Nolanahi ere, saltzaileak automobilaren zirkulazio-baimena eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren azken ordainagiria eman beharko digu. 1996ko urritik bada erabilitako autoa berriro matrikulatzeko aukera, ibilgailuaren jatorrizko matrikulari ez dagokion Herrialde Historiko edo probintzian bizi izanez gero. Horretarako, ezinbestekoa izango da azterketa teknikoko txartel berri bat lortzea IAT egiteko guneren batean eta Buruzagitzan aldi berean izapidatzea transferentzia eta matrikula aldaketa. EDITORIALA IBILGAILUEN AZTERKETA TEKNIKOAREN LIBERALIZAZIOAK ARRISKUAN JAR DEZAKE KONPONKETAREN ETA EGIAZTAPENAREN ORAIN ARTEKO MUGA. Gipuzkoako Kontsumitzaileen Batasuna-GKB Erakundearen ustez Ministroen Kontseiluak joan den ekainean onetsi zuen Ibilgailuen Azterketa Teknikoen liberalizazioak arriskuan jar dezake automobilen egiaztapena eta konponketaren artean gaur egun dagoen bermea. Batean edo bestean agente berak eduki ahal izatea –prezio jaitsiera gertatuko balitz ere- orokorrean herritarren interesen eta eskubideen aurkakoa da. Orain arte IAT zerbitzu publikoa izan da, interes ekonomikoa helburu ez zuena, gidari eta oinezkoen segurtasunerako, trafikoaren arintasunerako eta Ingurumena zaintzeko bermeak eskaintzeko. Aurrerantzean zerbitzu hori eskaintzen dutenak konponketarako tailerrak eta kontzesionarioak izanez gero, sektore horretan hartu diren neurriak kaltegarriak izan daitezke -GKBren iritziz- ikuskatzailea eta konpontzailea bera izateak ez duelako bermatzen kontzientzia zibikoa edo ekologikoa gailenduko denik, legezkoak ez diren lanetarako aukera handiagoa emanez. GKBren iritziz aukera horiek baztertzeko IATk zerbitzu publikoa izan behar du, zerbitzu hori Estatuak edo beste erakunde publikoren batek eskaini behar duela dioen EBko 96/96 Arteztarauan ezarritakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, euskal erakundeak badu eskuduntza arlo horretan. Kontsumitzaileari Argibideak emateko Bulegoetan Ibilgailuen Azterketa Teknikoagatiko kexurik jasotzen ez bada ere, konponketa tailerretako eginkizunarekin zerikusia duten kontsultak eta erreklamazioak gero eta ugariagoak dira. Egiaztapenak konponketa tailerretan eta kontzesionarioetan egiten diren Erresuma Batuan 27.381 kexu jaso ziren 1999an. AUTOMOBILAREN ASEGURUA Automobilarentzat asegurua aukeratzea lan zaila izatera iritsi da, merkatuan gero eta konpainia gehiago dagoelako eta eskaintzak ugariagoak direlako. Garbi eduki behar dugu zer motatako asegurua nahi dugun, jasota dituen klausulak kontuan hartuz hori zenbat ordaintzeko prest gauden, eta batez ere egin behar dena da letra txikian dagoena irakurri, atseginak ez diren ustekabeak izan ez ditzagun. KONTUAN HARTU BEHARREKO EZAUGARRIAK Jarraituko dugun funtsezko alderdia garbi dago prezioarena izango dela, baina ez du begiratu behar dugun gauza bakarra izan behar. Poliza guztietan ez dira zerbitzu berak eskaintzen, hala nola bidaietako laguntza, babes juridikoa edo 0 km.a, eta horien guztien prezioak bateratzeak nahasmena sor diezaguke.Kontuan izan beharreko hurrengoa zer poliza mota behar dugun izango da. Orokorrean, arrisku orotarako asegurua autoa berria denean kontratatzen da, horren prezioa bi milioi eta erditik gorakoa denean, edota gidariak bere denbora neurri handi batean bidaiatzen ematen duenean. Bestela, gainontzekoekiko asegurua edukitzea izaten da ohikoena, baina mugarik gabeko erantzukizun zibila, bidaietako lagunta, defentsa juridikoa eta kalteen erreklamazioa, sutea edo lapurreta gehituz.Asegurua kontratatzeko aukeratuko dugun konpainia ere aztertuko beharreko gaia da, horren kaudimena eta estatu mailan duen garrantzia hartuko ditugu kontuan, ezustekorik izan ez dezagun, adibidez, Balear Irletan eta Kanarietan laguntza ez dela sartzen.Galdetu beharreko beste zerbait konpainiak ezartzen duen bonus-malus sistema izango da. Horren bidez, azken urteotan istripurik izan ez badugu jaitsi egingo digute aseguruagatik ordaindu beharreko kuota, eta alderantziz, istripuak izan baditugu gehitu egingo digute hori. Egokiena bonus eta malusen artean erlazio simetrikoa izatea litzateke, hau da, neurri berean igotzea eta jaistea, nahiz eta hori ez izan ohizkoena.Urtean istripu bat izateko aukera ere eman beharko lukete kuota gehitu gabe, eta beti eskatu beharrekoa izango da gure erantzukizunekoak istripuak bakarrik har ditzatela kontuan. ASEGURU MOTAK NAHITAEZKO ASEGURUA Aseguruen alorreko adar hori da gaur egun inolako zalantzarik gabe daudenen artean ezagunena eta erabiliena, automobila erabiltzeko gaur egun ezinbestekoa delako, kalteak sortzeko arriskua handia izaten delako eta legean ezarrita dagoelako gidari orok gutxienez Nahitaezko Aseguru bat izan behar duela motorra duen ibilgailu batean ibili ahal izateko.Automobilaren Nahitaezko Aseguruaren bidez, Aseguratzaileak agintzen du, prima bat kobratzearen truke, Aseguratuak egindako kalteak ordainduko dituela, errepide, jabari publikoko ondasun, garaje eta aparkaleketan ibilgailuan ibiltzeagatik sortutakoak direnean eta baita industria edo nekazaritza alorreko eginkizunen bat gauzatzerakoan ibilgailu horrentzat bereziki eginak ez diren edo debekatuta ez dauden bide pribatuetan izandakoak ere.Nahitaezko Asegurua bakarrik kontratatzea erabakiz gero, kontuan hartu beharrekoa da kalte materialak ere izan ditzakegula. Istripu berean kalte materialak dituztenak bat baino gehiago baldin badira, eta erantzuleak Nahitaezko Asegurua bakarrik baldin badauka kontratatua gerta daiteke ordaindu beharreko zenbatekoa aseguru horren estaldurako 2.200.000 pta.tik gorakoa izatea.Kasu horietan kaltetu bakoitzak ordaindu beharrekoa sortutako kalteen araberakoa izango da, eta gainerako zenbatekoak istripua sortu duenari eskatu beharko dizkio, horrek bere ondarearekin eta dituen eta izango dituen ondasunekin erantzun beharko du, aseguratzaileak ez baitu gehienezko zenbatekotik gorako kopururik ordainduko.Gainera, istripua izanez gero, Nahitaezko Aseguruak dituen salbuespenak ere kontuan hartu behar dira eta honakoak dira: a) Hartzaileak, ibilgailuaren jabeak edota aseguratuak edo ibilgailuaren gidariak izan dituen kalteak ez ditu estaltzen.b) Asegurua duen ibilgailuak izan dituen kalte materialak, bertan garraiatutako gauzak edo aurreko atalean aipatutako edozein pertsonen ezkontidearen edo hirugarren mailara arteko horren familiakoen ondasunak ez dira sartzen, beti ere horien kontura bizi baldin badira. BORONDATEZKO ASEGURUA: Nahitaezko Aseguruaren osagarri bat da; osagarri hori honela laburbil daiteke: 1.- Erantzukizun Zibileko estaldura handitzea. Nahitaezko Aseguruan ageri diren mugetatik abiatuz mugarik gabeko estaldura izan arte handitzen dira orokorrean. Gainera Erantzukizun Zibilagatik Auzitegiek Aseguratuari edo gidariari eska diezazkiekeen fidantzak ematea sartzen da. 2.- Kalteen defentsa eta erreklamazioa. Aseguratuaren defentsa bermatzen da kausa penalean, zehapen pertsonalean sartzen ez diren abokatu eta prokuradoreen gastuak eta gainerako gastu judizial guztiekin. Aseguratuak erantzukizuna duen hirugarren baten aurka izandako kalte pertsonal edo materialen erreklamazioa ere bermatzen da. 3.- Aseguratutako ibilgailuak izan dituen kalteak. “Kalte Propioak”izenez ezagutzen den modalitate horretan aseguratutako ibilgailuak ibilian edo geldirik dagoela izan ditzakeen kalteak sartzen dira, hirugarrengo bati erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkion edo ez kontuan hartu gabe.Modalitate hori frankiziarekin edo frankiziarik gabe kontrata daiteke (kalteen zati bat aseguratuaren kontura), hori maila ezberdinetakoa izan daiteke. Ibilgailuaren Erabateko Galerako kasuetara ere muga daiteke bermea (kalteen zenbatekoak merkatuko balioaren %75a gainditzen duenean, une horretan erabateko hondamentzat hartuko da). 4.- Ibilgailua lapurtzea. Hori gertatzen denean aseguratzaileak aseguratuari ordaindu egin beharko dio hirugarrengo batek ibilgailua lapurtuz gero, beti ere axolagabekeri larririk izan ez bada Aseguratuaren aldetik edo hori lapurreta egin duena ez bada edota haren gaizkidea edo estaltzailea ez baldin bada, edo odolkidetasunari dagokionez haren hirugarren maila arteko familiakoak izan badira, edo haren langileak zein soldatakoak badira.Erakunde aseguratzailearen arabera, saltzeko duen balorearen edo berrirako balorearen arabera ordainduko da ibilgailua antzinatasun jakin batetik gorakoa ez denean. Bestalde, eta ia gehienetan, kasu batzuetan %80 inguru ordaintzen da, eta beste batzuetan %100 inguru; beti ere ibilgailua polizan ezarritako epean berreskuratzen ez bada (orokorrean 30 eguneko epea ezartzen da), kasu horretan aseguratuak hori itzultzea onartu beharko luke ordainketa gisa jaso zuen zenbatekoaren truke. 5.- Osagarri diren beste berme batzuk. Badira aparte eta poliza horren barruan kontrata daitezkeen borondatezko beste kontratazio berme batzuk, hala nola: Sutea, beiren haustura, bidaietako laguntza, garraiatutako zama, atoia eramatea, gidatzeko baimena kentzeagatiko subsidioa edo tapizeria garbitzea istripua izan duen norbait eraman behar izanez gero. 6.- Aparteko arriskuak. Kalte propio, lapurreta, sute, beiren haustura, eta abarren bermeak estaltzen diren polizetan klausula bat jasoko da adieraziz aparteko izaera duten ezbeharrak Aseguruetako Konpentsazio Kontsortzioak ordaindu beharko dituela, erakunde horri dagokion prima urteko ordainagirian ordaindu izan denean. Aparteko Arriskutzat hartuko dira honakoen ondorioz sortutakoak:a) Aparteko izaera duten naturaren fenomenoak.b) Terrorismo, matxinada edo herri-istiluen ondorioa sortutakoak.c) Bake garaian Indar Armatuek eta Estatuaren Segurtasun Gorputzek egindako ekintzak. 7.- Bidaiarien asegurua. Inolako zalantzarik gabe Erantzukizun Zibileko Asegurua da ibilgailu bateko bidaiariak estaltzen dituena kasu gehienetan, hala nahitaezkoak nola borondatezkoak; baina zer gertatzen da gidari, jabe edo aseguratuarekin?. Pertsona horiek ez dira sartzen nahitaezko Aseguruan.Bidaiarien Aseguruak estaltzen dituen bermeak honakoak dira: kapital bat heriotzagatik, ezintasun iraunkorragatik, eta osasun Laguntzako gastuak, mugarekin edo mugarik gabe. Nolanahi ere 70 urtetik gorakoentzat eta 14 urtetik beherakoentzat, heriotzagatiko kapitala hileta gastuak ordaintzeko hainbatekoa izaten da. ARRISKU OROTARAKO ASEGURUA: Arrisku orotarako aseguruan, estaldurarik erabilienak kalte propioak eta sute edo lapurretagatik ibilgailua galtzea izaten dira. Baina ongi irakurri behar dira kontratuaren klausulak, ia konpainia bakar batek ere ez baitu sartzen autoaren balorearen %100a itzultzea bigarren urtetik aurrera. Azkenik ibilgailuaren ohizko gidarien ezaugarri pertsonalak hartuko ditu kontuan, horien arabera egokituko baita ordaindu beharreko prima (adina eta zirkulazio baimenaren antzinatasuna). GURE AHOLKUAK Kontratatu aurretik Eskaintzak hainbat erakunderi eskatzea komeni da eta horien kalitate-estaldura-prezio erlazioa parekatzea, horietako bakoitzaren abantailak eta eragozpenak kontuan hartuz. Poliza arreta handiz irakurriko dugu, ezagutzen ez ditugun aseguruaren kontratuko zalantzak galdetu eta ulertzen ez ditugun klausulen esanahiari buruzko azalpena eskatu. Nolanahi ere, aseguratzailearekin argitu beharko dugu, polizan argi eta garbi gera daitezen, estaldura (kontratuak estaltzen duena) eta salbuespenak (estaltzen ez duena). Salbuespenak nabarmen adieraziko dira, garbi ikusi ahal izateko. Hitzez esandakoarekin kontuz ibili behar da eta idatziz dagoena bakarrik kontuan hartu. Kontratua sinatu ondoren ez dugu onartuko kaltegarriak izango ditugun alde bateko aldaketak ezartzea kontratuan. Nolanahi ere, aurrez Kontsumitzaileen Elkarteren batean edo Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoren batean (K.I.U.B.) argibideak eskatzea. Kontratatzerakoan Zuk erreklamatu nahi duzunaren eta zure konpainiak nahi duenaren artean gerta daitezkeen interes-gatazkak eragozteko babes juridikoa beste konpainia batekin kontratatzea gomendatzen dizugu. Ez ahaztu autoak eramango dituen osagarriak eta aparteko gauzak jakinaraztea. Zure kotxea berria baldin bada, lehenengo urteetan “berriaren balioan” asegura ezazu. Zure ibilgailua 25 urtetik beherakoren batek edo gida baimena duela bi urte baino gutxiago aterata duen norbaitek gidatuko duela aurreikusi baldin baduzu, azal iezaiozu konpainiari. Polizaren kopia bat eta primaren ordainagiriak gordetzea komeni izaten da. Gure Autonomia Erkidegoan aseguru hartzaileak poliza euskaraz edo gaztelaniaz idaztea eskatzea aukeratzeko eskubidea du. Aseguruak irauten duen bitartean Poliza ez berritzea erabakitzen baldin baduzu, iraungi baino 2 hilabete lehenago jakinarazi behar diozu konpainiari. Atzerrira joaten bazara, eraman ezazu nahitaezko aseguruaren ziurtagiria. Eraman itzazu autoan poliza berrikuntzen ordainagiriak. Ez onartu prezio gehikuntza handiegirik bi hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi ez badizute. Ezagutu ezazu ongi istripua izan duten autoak konpontzeko zure aseguratzaileak erabiltzen duen prozedura. Istripua izanez gero. Istripua izaten baduzu eta errugabea ez baldin bazara, ez duzu onartu behar zuri errekargurik edo onura galerarik jartzea hurrengo urteko priman. Inoiz ez ezazu idatziz onartu istripuan errudun zarenik. Zure konpainiaren zerbitzu juridikoak erabili nahi badituzu eta horrek erreklamazioa egin nahi ez baldin badu, zerorrek egin dezakezu: aukera ezazu hori egingo dizun abokatua, eta ebazpena zure aldekoa gertatzen da pasa iezaiozu faktura aseguratzaileari. Hori egin ordez konpainiarekin negozia dezakezu indemnizazio bat lortzeko eta horren bidez kalte txikiak konpondu eta konpainiaren ez erreklamatzeko erabakia arbitraje eraginpean jartzeko. Kalte propioen zure estaldura erabili behar badute, agian kalte bat baino gehiago izatea komeniko zaizu parte bakar batean jakinarazteko eta horren ondorioz zure onuran aldaketarik ez egiteko. NOLA ERREKLAMATU? Lehendabizi arazoa aseguratzailearekin konpontzen ahaleginduko gara. Hori ezinezkoa baldin bada, idatziz erreklamatuko diogu Aseguratuaren Defendatzaileari, aseguratzaileak erakunde hori baldin badu. Aseguratuaren Defendatzaileak aseguratuaren aldeko ebazpena ematen badu loteslea izango da konpainiarentzat. Aseguruetako Zuzendaritza Nagusiko Kontsulta eta Erreklamazioen Sailean ere aurkeztu ahal izango dugu erreklamazioa, horrek baduelako eskuduntza erakunde aseguratzaileei errekerimenduak egin eta horiei zehapenak jartzeko, aseguru kontratuan azaltzen diren eskubideak kaltetu edo horien aurka jardunez gero. Kontsumoko arbitraje sistemaren bidea ere irekia daukagu, hainbat aseguru erakunde atxiki zaizkio horri, nahiz eta batzuetan atxikipen hori aseguruaren atal jakin batzuetara, zenbateko jakinetara edo beste hainbat egoeratara mugatu. Eta azkenik judizio bidea daukagu. Aurrez Kontsumitzaileen Elkarteren batean edo Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoren batean (K.I.U.B.) argibideak eskatu. EGITEN DIZKIGUTEN GALDERAK Istripu bat izan dut nire ibilgailuarekin, eta erruduna beste ibilgailuko gidaria izan da. Nire aseguruan esan didate erabateko hondamena eman diotela ibilgailuari eta saltzeko zuen prezioa eskaini didate. Poliza ezagutu gabe esan beharra daukagu aseguratzaileekin dituzun hitzarmenez gain eta eskaintzen dizuten indemnizazioarekin ados ez bazaude aurkako konpainia aseguratzaileari eskatu behar zitzaiokela horren konponketaren zenbatekoa. Poliza gehienetan defentsa eta erreklamazio judiziala sartuta daude. Bigarren eskuko ibilgailu bat erosi dut, eta erosi eta aldi labur batera konturatu naiz ez dabilela ongi, tailerrera eraman eta saltzerakoan kontuan hartu ez ziren hainbat akats dituela azaldu didate. Datu gehiagorik gabe esan behar dizugu erosi duzun ibilgailuak sei hilabeteko gutxienezko bermea dutela legez, eta horren erantzule saltzailea izango da, beti ere akatsak ibilgailua normaltasunez erabiltzearen ondorio ez baldin badira. Akatsak oso larriak baldin badira kontratua baliogabetzea ere eska dezakezu. Ibilgailu berri bat erosi dut eta hasieratik arazo mekaniko asko izan ditu. Tailerrera joaten naizen bakoitzean adeitasun osoz hartzen naute, baina beldur naiz bermea amaitzen denean berdin ez ote nauten hartuko. Bermea amaitu ondoren arazo mekanikoren bat sumatuz gero, eta bermea izan bitartean konpondutako matxura baten ondorio baldin bada, zuretzako inolako kosturik gabe konpondu beharko dizute. Ibilgailua tailerrera eraman izan dugun bakoitzeko agiriak eskatzea beharrezkoa da, eta baita egin duten lanarena edo eman dizuten dokumentazioa ere. Istripu bat izan dut nire ibilgailuarekin, eta ibilgailuak izan dituen kalte materialez gain hainbat kalte fisiko ere izan dut. Konpainian azaldu didate ez dutela inolako adostasunik lortu beste konpainiarekin eta esan didate auzitara jo beharko dugula. Esan didate ahalorde bat egiteko konpainiako abokatuekin. Nik nahi dudan abokatua aukera dezaket? Auto aseguru poliza gehienetan jasota egoten dira defentsa eta erreklamazio judiziala, eta aseguratuak nahi duena aukera dezake, beraz, poliza ezagutu gabe ere esan genezake abokatua izendatzeko eskubidea duzula zure defentsarako; horren ordainsariak konpainia aseguratzaileak ordaindu beharko ditu. Istripu bat izan dut nire ibilgailuarekin, orain bajan nago eta zer eskubide ditudan jakin nahi nuke. Lehenengo, izan dituzun lesioengatik indemnizazio ekonomikoa jasotzeko eskubide duzu. Azken urte hauetan, konpaini aseguratzaileek taula batzuk erabili dituzte indemnizazioetako zenbatekoak erabakitzeko. Orain dela gutxi sistema hori zalantzan jarri du Auzitegi Konstituzionalak. Nolanahi ere, zure kasuan, medikuak alta eman arte ezin izango duzu inolako zenbatekorik eskatu, ondoriorik izan dezakezun ziurtasunez jakin arte. Autoen kontzesionario batera joan nintzen eta hainbat bisitaldi egin ondoren ibilgailu bat erosi behar niela erabaki nuen, seinale bat eman behar niela esan zidaten, eta ibilgailuak hilabeteko epean emango zidatela. Lau hilabete igaro dira eta ez dut ibilgailurik. Zer egin dezaket?. Jakinarazi dizkiguzun datuen arabera, ibilgailua hilabeteko epean emango zizutela esan bazizuten, eta zuk seinalea baldintza horrekin eman bazenuen, kontzesionariokoek bere hitza bete ez dutenez aurreratutako diru kopurua itzultzea eskatu ahal izago diezu eta erosketa hori bertan behera utzi. Hor ikusten da zein garrantzitsua den ibilgailua data jakin batean emango dutela idatziz jasotzea.