Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu du Autocontrol elkartearekin
Helburua da Euskadin publizitate-jardueraren kontrolerako mekanismoak hobetzea
Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur Merkataritza Komunikazioaren Autoerregulaziorako Elkarteko (Autocontroleko) zuzendari nagusi José Domingo Gómezekin. Hitzarmenaren helburua da lankidetza-markoa ezartzea, publizitatearen jarraipena ahalbidetu eta errazteko. Akordioari esker, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren menpeko organismo autonomoak kontsumitzaileak merkataritza-praktika desleialengandik babesteko mekanismoak areagotuko ditu.
“Legez kontrako publizitatearen debekua betetzea bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar ditugu, baita saldu edo bezeroak erakartzeko bortxazko, gezurrezko edo erasozko metodoak errotik kentzeko neurriak ere”, azaldu du Nora Abetek.
Publizitatearen autoerregulazioa bide garrantzitsua da, bide administratibo eta judizialari osagarri moduan, publizitatearen gaineko kontrol eraginkorra bermatzeko. Akordio horren bitartez, Kontsumoko Euskal Institutuko buruak adierazi duenez, "lankidetza-markoa ezarri dugu bi organismoen artean, publizitate-jarduera kontrolatu eta zaintzeko, eta igorritako publizitateak legezkotasun-, egiazkotasun- eta benekotasun-printzipioak betetzen dituela bermatuko dugu”.
Akordioak barne hartzen du, baita ere, lankidetza publizitate-jardueraren autoerregulazioari eta kontrol deontologikoari buruzko txostenak, azterlanak, proiektuak eta ebazpenak igortzean. Era berean, publizitate-jarduerarekin lotutako dibulgazio- eta prestakuntza-jarduerak elkarrekin antolatzeko aukera aurreikusten da.
Gaur sinatutako hitzarmenean hartutako konpromisoen artean, Kontsumobidek Autocontroli publizitateari buruzko erreklamazioak igorri ahal izango dizkiola ezarri da, Publizitate Epaimahaiak ebatzi ditzan.
Halaber, Kontsumobidek Autocontroli eskatu ahal izango dio publizitate-mezu zehatz bati buruzko informazioa, jakiteko aldeko txostena jaso duen ala eztabaidazko ebazpen-prozedurarik izan duen.