Aurki askoz arrisku gutxiago izango du abonatu baten telefonoari buruz galde egiteko 118 telefono batera deitzeak. Halako zerbitzuak ematen dituzten enpresek hiru hilabete izango dute, maiatzaren 14a arte, beren jarduera araudia berriaren arabera egokitzeko, abusuak ebitatzeko propio sortu eta gero. Hamaikatxo erreklamazio jaso ondoren, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) egindako ikuskapen-txostenak adierazitakoa aintzat hartuta, erabaki da arauak aldatzeko garaia dela, erabiltzaileak babesteko, ahal den neurrian.
Ez baduzu horrelako zerbitzurik erabili nahi, aukera duzu zure telefono-konpainiari eskatzeko 118 telefonoak erabiltzea eragozteko (deskonektatzeko eskubidea esaten zaiona). Ez baduzu deskonexioa eskatzen, ez ahaztu zerbitzu horiek ematen dituztenek nahi duten prezioa jartzeko askatasuna dutela.
Araudiaren aldaketa horiek mugak jarri dituzte, besteak beste, deien fakturazioa eta iraupena murrizteko, eta tarifen nahiz zerbitzuaren berri emateko nahitaezko lokuzioaren baldintzak zorrozteko:
- 118 telefonoetara deitzeko, zuzenean markatu behar da zenbakia, alegia, digituz digitu markatu behar du zenbakia erabiltzaileak. Hala, markazio automatikoa erabat saihestuko da, batzuetan horretarako arriskua egoten zen-eta, programaren bat edo aplikazioaren bat aktibatuz gero.
- Erabiltzaileek minutuko 2’5 eurotik (zergarik gabe) gorako 118 zenbaki batera deitu nahi badute, aurretik "eskaera propio eta formala" egin behar izango dute.
- Fakturazioak konexio-denbora besterik ez du hartuko kontuan. Enpresek ezin dute deia ezartzeko kuotarik ezarri.
- Gehienez ere, hamar minutu iraungo du deiak, baita erabiltzaileak deia burutzeko eskatu badu ere. Deia burutzea zera da, operatzaileak erabiltzailea berak eskatutako zenbakiarekin zuzenean konektatzea, zentralita bat balitz bezala.
- "Berandutu gabe eta justifikaziorik gabeko luzapenik gabe" eman behar du eskatutako informazioa enpresak.
- Norbaitek 118 telefonora deitzen duenean, prezioari eta zerbitzuaren baldintzei buruzko nahitaezko lokuzioa entzuten du, lehendabizi:
- Erregulazio berriaren arabera, grabazio hori luzatu egingo da eta 20 segundokoa izango da aurrerantzean. Lehen 11 segundokoa zen (aurreneko 8rak zerbitzuaren gaineko informazioa emateko eta gainerako 3ak, deia jarraitu edo ez erabakitzeko). 20 segundo izango dira aurrerantzean: 15 informazioa jasotzeko eta 5 erabakitzeko. Enpresek ezingo dute esandako tarifa hori aplikatu, 20 segundo horiek pasatu arte.
- Lokuzioak "argia eta ulerterraza" izan behar du. Bi adjektibo horiek sartuta, enpresa batzuek egin ohi zutena ebitatu nahi da, hau da, ulertu ezin diren lokuzioak erabiltzea, Micromachine garaiko anuntzio zahar haien antzekoak.
- Minutuko prezio maximoa, zerga eta guzti, zein izango den azaldu beharko du, eta gehienez zenbat iraungo duen; adierazi beharko du abonatuen telefono-zenbakiari buruzko kontsulta telefonikoa egiteko zerbitzua dela, eta zerbitzu hori ematen duen enpresaren izen osoa edo izendapen soziala aipatu.
- Grabazioak, gainera, testu hauxe izan behar du: "Dei honen minutuko prezioa xxx €-koa izango da, gehienez, zerga eta guzti. Deiak asko jota 10 minutu iraungo du. Telefonozko kontsulta-zerbitzu hau xxxxx enpresak ematen du".
- Erabiltzaileak deia burutzea eskatzen badu, alegia, galdetu duen telefonoarekin konektatzea, kasu horretan, deiak, zerga eta guzti, zer prezio maximo izango duen azaldu beharko dio.