Hemen zaude

Kontsumobidek kanpaina bat abiaraziko du Euskadiko enpresak, profesionalak eta saltokiak kontsumoko arbitrajera atxiki daitezen

Astelehena, Otsaila 19, 2018

Kontsumobidek kanpaina bat abiaraziko du Euskadiko enpresak, profesionalak eta saltokiak kontsumoko arbitrajera atxiki daitezen

 

Gatazkak epaitegietatik kanpo konpontzeko bidearekin 1.100 establezimendu gehiagok bat egitea da Institutuaren asmoa

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak kanpaina bat abiarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko 1.100 enpresa, profesional eta saltokikontsumoko arbitrajera atxiki daitezen. Bide horri esker, epaitegietara jo gabe konpon daitezke kontsumoaren inguruko kontsumitzaileen eta konpainien arteko gatazkak, azkar eta dohainik.

Atxikitzeko plana Euskal Autonomia Erkidegoko 38 udalerritan gauzatuko da, hiru lurralde historikoetako hiriburuak barne. Hain zuzen, Arabako 3 herritan, Bizkaiko 19 herritan eta Gipuzkoako 16 herritan egingo da. Plan honen xede diren enpresak 22 sektoretakoak dira, irakaskuntza akademiak, bidaia-agentziak, estetika-zentroak, higiezinen agentziak, gimnasioak, hotelak edota hotz klinikak, besteak beste.

Kontsumoko arbitrajera ahalik eta establezimendu gehien atxikitzea lortzeko apustu irmoa egin du Kontsumobidek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak defendatzea baita bere asmoa. Izan ere, gaur egunEuskadin diharduten 14.800 enpresek erakusten dute ikurra, auziak epaitegietatik kanpo ebazteko erabakia adierazten duena.

Arbitrajearen funtzionamendua berme osoa da herritarrentzat. Beren eskubideak urratu dituztela irizten badio kontsumitzaile batek, auzibidera jo gabeko bidea erabiltzea eska dezake. Arbitrajera atxikita baldin badago konpainia, prozedura automatikoki abiaraziko da. Ez baldin badago, arbitrajea onartzeko gonbita egiten zaio kasu zehatz horretarako.

Lehendabizi, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak alde bien arteko bitartekotza egiten saiatuko da. Lortzen ez badu, arbitraje-organoasartuko da tartean. Organo horrek hirugarren independente eta inpartzial gisa jardungo du, eta frogak eta aldeek esateko dutena aztertu ondoren, erabakia hartuko du, arbitraje-laudoa deritzona. Ebazpen hori hiru hilabeteko epean ematen da, eta derrigor bete beharrekoa da. Auziarekin modu azkarrean eta dohainik amaitzeko modua da, epaitegietara jo gabe.

Kanpainaren datuak

Informazio gehiago

Kanpainaren udalerriak

  • Araba: Llodio, Agurain eta Gasteiz.
  • Bizkaia: Amorebieta, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbao, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Muskiz, Mungia, Balmaseda eta Lekeitio.
  • Gipuzkoa: Andoain, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oñati, Tolosa, Zarautz, Beasain, Hondarribia eta Pasaia.

Xede diren sektoreak

  • Erkidegoei zerbitzua ematen dien enpresak; aholkularitzak, igogailuak eta garbiketa zerbitzuak.
  • Akademiak eta ikastetxeak. Ibilgailuak ibiltzen ikasteko autoeskolak.
  • Bidaia-agentziak. Zerbitzu turistikoak internet bidez Euskadin.
  • Arkitektoak eta aparejadoreak. Ingeniaritzak.
  • Argazkigintzako saltokiak eta profesionalak.
  • Merkataritza elektronikoko enpresak.
  • Hainbat enpresa-mota: eraikuntza, igeltserotza, pintoreak, zurgintza eta arotzeria metalikoa, iturgintza, elektrizitatea, burdindegiak, beirategia...
  • Higiezinen agentziak eta aseguruak.
  • Optikak eta audifonoak eta ortopediak.
  • Autoen, motozikleten eta bizikleten konponketa-tailerrak.
  • Etxetresna elektrikoen dendak eta LTZ.
  • Antenen instalazioa eta elektronika.
  • Altzari-dendak. Tapizatzaileak. Artisauak. Etxe-dekorazioa. Lanpara-dendak.
  • Ordenagailu-dendak, informatika, diseinu grafikoa, fotokopiak. Zerbitzu teknikoak.
  • Liburu-dendak.
  • Hotelak, ostatu eta landa-turismo etxeak.
  • Albaitaritzako klinikak eta animalien dendak.
  • Hortz-klinikak eta oftalmologiako klinikak.
  • Akademiak eta prestakuntza zentroak.