ABENTURAKO TURISMOA
UNE ATSEGINAK IGARO DENBORA LIBREAN
Abenturako turismoa (arroilak jaistea, raftinga, piraguismoa, mendi-irteerak, hidrospeed, parapentea, etab.) ohiko jarduera turistikoak dira. Gehienak aire librean egitekoak dira, arrisku fisikoa dute eta segurtasun-neurriak hartzen ez badira istripuren edo beste gerta daiteke.
Mendian, hain zuzen ere bertako ubide, ibai, arroila, erreka eta uharretan gauzatzen dira kirol-jarduera gehienak. Pozik eta ilusioz beterik ibiltzeko eta une atseginak igarotzeko bidea da.
Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu, jarduera horiek, gauzatzen diren lekuan gauzatzen direlako, arrisku batzuk dituztela eta horiek ezagutu egin behar ditugula, arriskuak prebenitu edo gutxitu ahal izateko behintzat.
Horietan gerta daitezkeen arriskuak bi motatakoak izan daitezke:
Objektiboak: Jatorri naturala dute eta ez dute zerikusirik erabiltzaileak duen portaerarekin:
- Harkaitzak eta harriak erortzea.
- Ezusteko denbora-aldaketak: trumoia, tximista, elurra, haizea, behe-lainoa, etab.
- Ur emaria bat-batean igotzea.
Subjektiboak: Gure portaeraren ondorio izaten dira, hau da, erabiltzaileak berak sortzen ditu: Gutxiestea, zentzurik gabe ibiltzea, eta bertako arriskuak, giroa, egoerak eta segurtasuna behar bezala ez ezagutzea.
Laburbilduz:
- Jarduera horretarako behar den prestakuntza fisikorik ez izatea.
- Jarduera horiek beharrezko ezagutza teknikorik gabe praktikatzea.
- Egoki ez elikatzea.
- Garaiz ezetz esaten ez jakitea, etab.
Kontuan izan behar dugu mendiarekin zerikusia duen kirol-jarduera orok, berez duen izaeragatik, ingurune horretan sor daitezkeen arriskuen menpe egongo dela. Eta zer esanik ez arrisku-jarduera moduan sailkatuta dauden horiek.
Federazioren batek, Gurutze Gorriak edo beste norbaitek antolatutako lehen sorospenetarako ikastaroren bat egitea oso neurri ona izango litzateke gure aldetik. Jakinaren gainean egon behar dugu ezbeharren bat gertatzen denean ezagutza horiek erabakigarriak izan daitezkeela istripua izan duen norbaiten bizitza salbatzeko.
Lehen sorospenak istripua izan duen norbaiti edo bat-batean gaixo jarri den norbaiti ematen zaizkion laguntzak izaten dira, laguntza espezializatua izan arte eskaintzen zaiena.
Ezer baino lehen funtsezko BI PREMISA gogorarazi behar ditugu.
- LASAITASUNA.
Azkar jardun beharra dago, lasai jokatuz eta besteak ere lasai egon daitezela ahalegina eginez.
- LEKUAREN EZAUGARRIAK.
Jardunbide xume batzuk gogorarazi behar ditugu, horiei esker lana egoki egin ahal izateko.
TELEFONOA ISTRIPUA IZANEZ GERO
Istripua izanez gero, funtsezkoa izango da Segurtasun Zerbitzuei horren berri ematea. Horretarako, eta non gauden aztertu ondoren, Suhiltzaileekin, Guardia Zibilarekin, Ertzaintzarekin edo beste norbaitekin jar gaitezke harremanean.
Espainian autonomia erkidego guztietan funtzionatzen du larrialdietarako 112 telefonoak larrialdietarako abisuak bideratzeko. Horien ardura izango da beharrezko zerbitzu guztiak koordinatzea erreskate kasuetan.
Horren berri Guardia Zibilari zuzenean eman nahi badiogu, errazena 062ra deitzea izango da..
Nabarmena da abenturazko kirolak dituen arriskuak hor daudela, baina egia da baita ere prestakuntza egokia izatea, zuhurtasunez jokatzea eta egunez egun hartutako esperientzia baliagarriak izango ditugula eta horiei esker era horretako kirol motak segurtasun handiagorekin egin ahal izango ditugula. |
Beti norbaiti esan nora zoazen eta zer kirol-mota egin behar duzun. Inoiz ez bakarrik joan. |
|
Materiala eta ekipoa beharrezkoa eta egokia izango da eta baldintza onean egongo da. |
|
Indarra gorde itzulerarako, hori behar bezala neurtuz. Ez hasi presaka. Beharrezkoa izanez gero ezetz esaten jakin behar da. |
|
Mapak eta liburuak erabili, eta ibilbidearen deskribapena beti aldean eraman. |
|
Egin itzazu lehen sorospenetarako eta laguntzarako ikastaroak. Istripua izanez gero prebentziorako eta jarduteko baliagarriak izango dituzu. |
|
Jarduera zentzuzko ordu batean hasi behar duzu eta aurreikuspen meteorologikoak begira itzazu. Adi ibili ekaitzekin. |
|
Astean zehar zaindu zure prestakuntza fisikoa. Kirol horiek egiteko sasoi onean egon behar da. |
Joan zaitez klubetan eta federazioetan antolatzen dituzten prestakuntza-ikastaroetara. Kontrata ezazu aseguru bat. |
|
Une atseginak igaro baina beti zuhur jokatu. Zaindu zure segurtasuna eta zure lagunena. Solidarioa izan zaitez. |
ENPRESA ANTOLATZAILEAK
Jarduera horiek antolatzen dituen enpresaren batekin zerbitzuak kontratatzea erabaki baldin baduzu, aurrez esandako guztiaz gain, kontuan izan behar dituzu zerbitzu horiek antolatzen dituzten enpresek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak.
Enpresa antolatzaileek honakoa egin beharko dute:
- Erabiltzaileari informazioa eman. Jarduera lantzen hasi aurretik honakoak ezagutu beharko ditugu:
. Ibilbidea edo bidea.
. Aurreikusitako segurtasun-neurriak.
. Jarduerak dituen zailtasunak eta arriskuan egon edo istripua izanez gero izan beharreko portaera.
. Aseguru poliza eta horren baldintzak. Aseguru polizak behar bezala estali beharko du istripu-arriskua.
. Prezioen tarifak.
- Teknikari edo monitore espezializatuak izatea eta horiek lehen sorospenetan zer egin behar den jakin dezatela. Botikina eta komunikatzeko tresnaren bat aldean eramatea ezinbestekoa izango da, istripua edo beste zerbait gertatuz gero horren berri eman ahal izateko.
Jarduera horretarako behar den berariazko materialari dagokionez (neoprenoak, kanoak, sokak, bizikletak, kaskoak, etab.) homologatutakoa izan behar du eta izango duen erabilerarako beharrezko diren segurtasun-baldintzak eta bermeak izan behar ditu. Guk begiz aztertuko dugu eta gure ardura izango da hori egoera onean eta ongi zainduta edukitzea (inoiz ez dugu oso kaltetua, kolpatua, adabakiak dituena, gastatuegia, soka korapiloduna edo bustirik dagoena erabiliko). Edozein zalantza izanez gero EZ EZAZU ZURE BURUA ARRISKUAN JARRI, eskatu beste materiala edo bila ezazu hori antolatzen duen beste enpresaren bat.
ABENTURAZKO TURISMOAREN ALORREAN ARI DIREN ESTABLEZIMENDU GUZTIEK NAHITAEZ IZANGO DUTE erreklamazio orriak badituztela adierazten duen informazio-kartela.