Astelehena, Uztaila 29, 2019
'Kontsultei 2 eguneko epean erantzun nahi diegu eta erreklamazioei 10 eguneko epean, eta haien tramitazioa 45 egunetan osatzea lortu. Arbitraje-espedienteetan, 70 eguneko batez besteko ebazpen-epea lortu nahi dugu'
Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariak Kontsumobideko Zerbitzuen Karta 2019-2020 aurkeztu du; kalitatearekin eta batez ere kontsumitzaileekin hartutako konpromiso jakin batzuk. Euskadin kontsumoaren gaietan erreferente izateko Kontsumobidek egindako apustuari erantzuten dio kartak, kontuan izanik erakunde hau funtsezko baliabidetzat hartzen dutela herritarrek beren eskubideen babesean. Horregatik, egunero ari da neurri berriak gauzatzeko lanean, neurri horiek herritarrei hurbiltzeko eta konpromiso eraginkor eta ebaluagarri batzuk adierazteko.
Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek azpimarratu duenez, “garaien eboluziora egokitu beharrean gaude, eta kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko nahitaezkoa da prestakuntza, heziketa, egoera gatazkatsuak saihestea, baita ikuskaritzak egitea eta erreklamazioak ebaztea ere, jakina. Eta orain bizi ditugun garai hauetan ezin dugu kontsumoari buruz hitz egin kontsumo arduratsuari heldu gabe. Kontsumo-modu kontziente bat, gainerako pertsonak eta gure planeta errespetatuko dituena, non etengabea izan behar duen gure prestakuntzak.”
Horregatik, Zerbitzuen Kartak Kontsumobidek 4 eremutan ematen dituen zerbitzuak jasotzen ditu: informazioa, prestakuntza, kontsumo-gatazkak eta ikuskaritza
Informazioa: sare sozialen, teknologia berrien eta argitalpenen bitartez, baina betiere kontsulta presentzialetan eta online egiten direnetan erantzunez. Arreta zuzen hori KIUBekin eta kontsumitzaileen elkarte desberdinekin lankidetzan indartzen da. Informazioa da kontsumo arduratsu baterako lehenengo pausoa.
Prestakuntza: lehentasunez ikasleei eta adinekoak bezalako kolektibo kalteberenei zuzendua, eta herritarrei zuzendutako prestakuntza orokorra.
Erreklamazioak eta denuntziak: bitartekaritza da Kontsumobideren lehenengo aukera kontsumoko gatazkak ebazteko, eta arbitrajeagehitzen zaio, bide judizialera jo gabe gatazkak ebatzi ahal izateko.
Ikuskaritza eta merkatu-kontrola: herritarren ongizatean eragin handiena duten gaiei lehentasuna emanez. Enpresek kontsumitzaileen eskubideak bermatzen dituztela zaintzeaz arduratzen da Kontsumobide eta aldi berean jakinarazi egiten dizkie kontsumitzaileei haiengan eragina izan dezaketen lege-aldaketak.
"Arreta pertsonalizatu eta bizkor baten alde egiten dugu apustu" azaldu du zuzendariak, “kontsultei 2 eguneko epean erantzun nahi diegu eta erreklamazioei 10 eguneko epean, eta haien tramitazioa 45 egunetan osatzea lortu. Arbitraje-espedienteetan, 70 eguneko batez besteko ebazpen-epea lortu nahi dugu.”
"Konpromiso errealak dira, neurgarriak. Gure lana hobetuz bakarrik, prestakuntzaren eta kontzientziazioaren bidez kontsumitzaileak inplikatuz lortuko dugu kontsumo arduratsuago, jasangarriago eta seguruago baten alde apustu egingo duen gizarte bat” esanez amaitu du Nora Abetek.