Revolving txartelak kreditu-txartelak dira, eta hileko kuota baxuen bidez zure erosketak (ordainketak) atzeratzea ahalbidetzen dizute. Bestetik, kreditu-muga daukate, eta kreditu-lerroen funtzionamendua dute. Hala ere, kontuz: inork ez du dirua merke oparitzen. «Trikimailuak» dauzkate, eta interesak oso altuak izatea da lehenengoa; are, merkatuko batezbestekoa gainditzen dute.
Honela funtzionatzen dute txartelok: kreditu-muga bat eta hileko kuota bat hitzartzen dituzu erakundearekin. Horrela, kreditu-muga agortu arte atzeratuko da egiten duzun edozein erosketa edo ateratzen duzun eskudirua (azken hori, komisioarekin). Arazoa honako hau da: erosketa bakoitzarekin, berriro kalkulatzen dira interesak, eta interesak zure zorrarekin batera finantzatzen dira; hau da, kontrolik gabeko kreditu-espiral batera sar zaitezke.
Eta, esan dizugun bezala, ezin dezakegu interesen zenbatekoa ahaztu. Hilean kuota baxua edukitzeak zorraren amortizazio-epe oso luzea eratzen du, eta, ondorioz, interesen guztizko ordainketa oso altua da.
Ez erabili txartel horiek eguneroko erosketetarako; zor-espiral batean eror zaitezke, eta ezusteko desatseginak eduki. Ikus dezakezunez, kreditu-lerro baten antzeko funtzionamendua izan dezakete: malgutasuna eskaintzen dizute, baina arrisku eta interes handiekin. Azken gomendioa hemen: ondo informatu. Horrelako txartela edukitzea merezi duela uste baduzu, galdetu banku-erakundean bestelako aukerez; hala nola, kreditu pertsonalez edo ohiko kreditu-txartelez. Eta, adi! Batzuetan, marka komertzialen, merkataritza-kateen edo saltoki-guneen fidelizazio- edo ordainketa-txartelek revolving txartelak ezkutatzen dituzte. Hurrengo postean kontatuko dizugu.