Interneten arakatzen zabiltzala, bat-batean, zure ametsetako produktua topatzen duzu Belgikako webgune batean, huskeria baten truke. Zure datuak bete, ordainketa egiteko modua hautatu eta onartu botoia sakatzen duzunean, ordea, zerbaitek ez dizu transakzioa egiten uzten: beste estatu batetik zaudela konektatuta antzeman du orrialdeak.
Europako Batasunak, besteak beste, blokeo geografiko hori desagerraraztea erabaki du, mugarik gabeko merkatu digital bakarra bultzatzeko, merkatu bakar horrek bermatuko baitu salgaien eta zerbitzuen zirkulazio askea. Horretarako, arautegi berri bat argitaratu du, zeina 2018ko abenduaren 3tik aurrera aplikatu beharko den. Kontsumitzaileentzat zein enpresentzat onuragarri izatea nahi du, eta kontsumo-modu berriak sustatzea.
Merkataritza elektronikoan ohikoa izaten da blokeo geografikoa, herrialde bateko zibernautek ez ditzaten erosi edo kontratatu beste herrialde bateko webgune batean eskaintzen diren produktuak edo zerbitzuak. Batzuetan, plataformak blokeatu eta ez du transakzioarekin jarraitzen uzten, edo orrialde jakin batzuetara sartzen bakarrik uzten du; beste batzuetan, aldiz, norberaren herrialdean argitaratu den webgunearen bertsiora bideratzen du pertsona.
Batzuetan, arrazoi objektiboak izan daitezke murrizketa horretarako. Esate baterako, estatu mailako legeak, aurrekontratuko informazioaren betekizun linguistikoak edo produktua garraiatzeak kostu gehigarriak izatea. Beste batzuetan, ordea, arrazoirik gabea izaten da blokeoa, eta diskriminazioa eragiten du nazionalitateagatik, bizilekuagatik edo pertsona dagoen lekuagatik. Aipatutako arrazoi horiek desagerraraztea da Europako arautegi berriaren helburua.
Abendutik aurrera, EBko online dendek ezingo dute, nazionalitatea, bizilekua edo kokalekua dela eta, justifikatu gabeko arrazoiengatik:
- Beren webgunetara sartzea blokeatu edo mugatu.
- Orrialdearen beste herrialde bateko bertsiora bideratu, inork hala baimendu ezean.
- Baldintza edo ordainketa-modu desberdinak aplikatu.
- Produktu eta zerbitzuak eskuratzeko baldintza orokor desberdinak ezarri, prezioak barne, baldin eta:
- Saltokiak emate- edo jasotze-zerbitzuak kontsumitzailearekin adostutako leku batean eskaintzen dituen estatu batean entregatu behar badira produktuak.
- Online zerbitzu jakin batzuk badira, hala nola informazioa webguneetan ostatatzea edo datuak gordailutzea.
- Saltokiak jarduera burutzen duen herrialdean eskaintzen badira zerbitzuak, esate baterako, hoteletan ostatu hartzea edo ibilgailuak alokatzea.
Erregelamenduak espresuki baztertzen ditu:
- Egile-eskubideek babesten dituzten edukiekin erlazionatutako zerbitzuak eta euskarri fisikorik gabeko obrak; esaterako, musika datu-korrontean ematea edo liburu elektronikoak.
- Ikus-entzunezko zerbitzuak, hala nola kirol emanaldiak eta lurralde-baimen esklusiboak dituzten emanaldiak.
- Txikizkako finantza-zerbitzuak, ordainketa-zerbitzuak barne.
- Garraio-zerbitzuak; zehazki, bidaiarien garraiorako txartelen salmenta.
- Gizarte-zerbitzuak eta osasun-arretako zerbitzuak.
Europar Batasunak espero du blokeo geografikoa debekatuta transakzioak indartzea; izan ere, gaur egun, Europako herritarren % 15ek erosten du, ozta-ozta, online gainerako estatu kideetako dendetan.