Apartamentu bat alokatzea aukera egokia da norberak hautatutako eta norberaren beharretara egokitutako etxe batean gozatzeko oporrak. Jabeak eta turistak harremanetan jartzen dituzten web orriak zabaldu egin dituzte hautatzeko aukerak, baina arazo-iturri ere izan daitezke: kale egiten duten itxaropenak, gain-kostuak, ezerezteko zailtasunak, eta okerrenean jarrita, iruzurrak, ordainketa egin ondoren etxerik ez dagoela agerian geratzen denean.
Internet bidez apartamentu bat alokatu aurretik, web-orrien zehaztapen eta baldintza orokorrak irakurtzea komeni da, nola jarduten duten eta zer nolako segurtasuna eta bermea eskaintzen dizuten jakiteko.
- Arreta berezia jarri ordainketen kudeaketan. Bitartekaritzako plataforma horietako batzuk ordaindutako zenbatekoa atxiki egiten dute eta ez die errentatzaileari ematen errentaria iritsi eta 24 ordu igaro arte. Horrela, denbora daukazu dena ondo dagoela egiaztatzeko.
- Erabili itzazu web-orrian adierazitako ordaintzeko moduak. Bestelako bideren bat erabiltzen baduzu, erreklamazioren bat egin behar izanez gero, plataformak ez dizu jaramonik egingo. Iruzurren biktima izateko arrisku gehiago daukazu.
- Egiazta ezazu amaierako kostua eta kargu guztiak banakatuta. Egun bakoitzeko egonaldiaz gain, agian beste gauza batzuk ere ordaindu beharko dituzu: web-aren komisioa, garbiketa zerbitzua, aparkalekua, tokiko zergak... Jar zaitez jabearekin harremanetan zalantza guztiak argitzeko. Gerta liteke prezioak ezberdinak izatea zenbat egunerako alokatzen duzun edota zenbat lagunentzat alokatu nahi duzun kontuan hartuta.
- Informa zaitez fidantzarik jarri ote behar duzun, zenbatekoa izango den, zer nolako gorabeherak estaliko dituen eta fidantza itzultzeko baldintzez.
Argi izan behar duzu norekin egiten duzun kontratua, zure eskubideak eta erreklamazioak egiteko modua ezbaitira berdinak izango.
- Higiezinen agentzia batekin kontratatzen baduzu, kontsumitzaile izango zara. Horrela, erreklamazio-orria bete eta aurkeztu ahal izango duzu konponbidea bilatzeko epaitegietara joan aurretik.
- Enpresa-jardueratzat errentamendua ez duen etxe jabe batekin egiten baduzu kontratua, alokairua partikularren artean egindakotzat joko da, beraz, kontsumo alorreko araudia ez da aplikatuko. Kasu horretan, etxea dagoen autonomia-erkidegoko araudia kontuan hartuta, —hala gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan—, agian erreklamazioa aurkeztu ahal izango duzu Turismo Sailean. Saia zaitez adiskidetasuneko akordioa lortzen. Halakorik ezean, auzi-eskea aurkeztu beharko duzu.
Izan zaitez kritikoa eta zuhurra.
- Argazkiekin errealitatea itxuraldatu daiteke.
- Ez fidatu luxuzko etxeak oso prezio merkean eskaintzen dituzten paregabeko aukera edo pagotxekin.
- Irakur itzazu beste turista batzuen iritziak, baina ikuspegi kritikoz. Iruzkin batzuk manipulatu egin daitezke, baina ugariak badira, asebetetze orokorraren ideia bat emango dizute.
- Begira ezazu web-orriak egiaztapen-tresnaren bat baliatzen duen eskaintzen den etxea benetan badela eta iragarritako ezaugarriak dituela ziurtatzeko.
- Informa zaitez zeintzuk diren ezerezteko baldintzak eta moduak.