Hemen zaude

Obra edo berritze lana ez dadila lardaskeria edo iruzurra bihurtu

Asteazkena, Uztaila 10, 2019

Kontsumobidek kontsumitzaileek jarritako hainbat erreklamazio jaso ditu, etxeko eraberritze lanekin erlazionatutakoak. 2017. urtean nagusiki Gipuzkoako bulegoan jaso baziren ere, gaur egun modus operandi bera duten kasuak ikusten ari gara. Denek ezaugarri komunak dituzte: obrak hasi baino amaitzen ez direnak etxea hankaz gora utziz, etxetresna elektrikoak konpontzera eraman eta berri gehiagorik ez izan, eta kasu guztietan dirua aurreratu izana.

Komunikabideetako informazioen arabera, erreklamazioetan aipatutako enpresak -aurreko urteetan izen komertzial desberdinekin aritu dena- publizitate iragarkiak jartzen ditu buzoietan, atarietan, tabernetan etab. Baina ez pentsa, batzuetan ez gara fidatzen buzoietan jasotako publizitatearekin, baina halako enpresek eta praktika hauen arduradunek sistema garatuagoak ere erabiltzen dituzte; esate baterako itxura profesionala duten webguneak baina atsekabea eragin diezaguketenak.

Antzeko egoerak planteatu dira etxetresna elektrikoen konponketekin lotutako erreklamazioetan; ez dituzte inoiz amaitzen.

Nola saihestu konponketa erraz bat edo eraberritze txiki bat izan behar zena kalbario bat bilakatzea?

Zalantzarik gabe, lehen urratsa enpresa egokia aukeratzea da. Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitako enpresa bat aukeratzea berme gehigarria da. Edozein arazoren edo desadostasunen aurrean bide judiziala ekidin eta arazoaren konponbidea arinago lortuko da. Horregatik, Kontsumoko Arbitraje sistemari atxikitako enpresen zerrendakontsultatzea gomendatzen dizu Kontsumobidek.

Enpresa edo profesional entzutetsua aukeratu, eta beti eskatu aurretiaz aurrekontu bat, idatziz. Zerbait ulertzen ez baduzu argitzeko eskatu, eta, ahal duzun neurrian, ez aurreratu inolako diru kopururik. Edozein ordainketa egiteko faktura eskatu, izan erositako materialarena edo eginiko lanena, eta obren ziurtagiriak ere bai. Egin behar duzun obra garrantzitsua bada, lanak koordinatzeko zerbitzuak kontratatzea komeni zaizu, gremio desberdinen lan eta ardurak koordinatzeko erarik eraginkorrena baita.

Etxetresna elektrikoak konpontzeko bila ezazu, ahal duzun guztietan, laguntza teknikoko zerbitzu ofiziala eta, edozein kasutan, ez ordaindu piezak aldez aurretik, ez da sektorean erabiltzen den ohiko jarduna. Etxetresna elektrikoa konpontzeko bertan utzi behar baduzu, hori egiaztatzen duen gordailu-agiria eskatu. Blog honen sarrera honetan, Laguntza Teknikoko Zerbitzuekin aritzeko hartu behar dituzun neurrien inguruko argibideak dituzu eta zeintzuk diren legeak aitortzen dizkizun bermeak.

Hala eta guztiz ere, arazoren bat baduzu, Kontsumobidera etor zaitezke edo hurbilen duzun Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetara (KIUB), erreklamazioa aurkeztera edo on line egin Kontsumobide.eus webgunearen bitartez.

Egilea:Kontsumobide

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2019/obra-edo-berritze-lana-ez-dadila-lardaskeria-edo-iruzurra-bihurtu/y10-kbpstblg/eu/