Hemen zaude

NOLA ERABILTZEN DIRA ERREKLAMAZIO-ORRIAK?

Osteguna, Iraila 11, 2008
Zer dira?Erreklamazio-orriak tresna bat dira kontsumitzaile eta erabiltzaileek kontsumo arloko eskumena duen Administrazioari jakinarazteko ez daudela ados eskuratutako produktu batekin edo establezimendu edo enpresa batengandik jasotako zerbitzuarekin. Horietan, kontsumitzaileak SALATU egin ditzake lege-hausteak edo irregulartasunak edo ERREKLAMATU produktu edo zerbitzu hori lehenago itundutako baldintzetan berrezar dezatela edo kalte edo galeragatik kalte-ordain bat eman diezaiotela.Non daude?Euskal Autonomia Erkidegoan ondasunak edo produktuak merkaturatzen dituzten edo zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimendu edo zentro guztiek behar bezala zenbakitutako eta zigilatutako erreklamazio-orriak eduki behar dituzte kontsumitzaile eta erabiltzaileen esku. Zuk horiek eskatzeko eskubidea duzu eta establezimenduak horiek eskaintzeko obligazioa du. Establezimenduaren aldetik lankidetzarik ez baldin badago, erreklamazio-orriak emateari edo kopia zuria sinatzeari uko egiten diotelako, edo zuri dagokizun kopiari harrera egitea ukatzen dutelako, Udaltzaingoa bertara joan dadila eskatu ahal izango duzu xehetasun horien berri agerrarazteko; gero, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zerbitzuak establezimendu horren aurka bidezkoak izan daitezkeen zehapen-neurriak aplikatuko ditu.Nola erabiltzen dira?Erreklamazio-orria hiru kopia kalkagarriez osatutako inprimaki batean dator; zuria Administrazioarentzat da, arrosa erreklamazioa jarri zaionarentzat, eta berdea erreklamazioa jarri duen kontsumitzaile edo erabiltzailearentzat. Erreklamatzen diren gertaerak modurik labur eta argienean azal itzazu eta ez ezazu ahaztu zure datu pertsonalak eta enpresarenak (establezimenduak eskaini behar dizkizu) zuzen adieraztea. Erreklamazio-orria bete ondoren, kopia zuria eta froga gisa erabil daitezkeen gainerako egiaztagiri eta agiriak Eusko Jaurlaritzaren Lurraldeko Kontsumo Bulego batera edo Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulego batera bidali behar dituzu, edo bestela, Kontsumitzaileen Elkarte batera jo dezakezu hori bideratu dezaten. Jasotzen denetik hamabost laneguneko epearen barruan, kontsumo-gaietan eskumena duen agintaritzak erreklamazio jaso izanaren agiria bidali beharko du eta erreklamatutako establezimenduari helarazi, hamar laneguneko epea emanez egoki iruditzen zaion guztia alegatzeko eta, nahi izanez gero, agiriak aurkezteko. Erreklamazioan atzera egiteak edo alderdien artean ados jartzeak jarduera horiek artxibatzea eragingo du, betiere administrazio-urrapenen bat eragiten duen irregulartasunik ez badago.