Partikularren arteko merkataritza-transakzioetan, protagonismoa lortu dute hainbat plataformek, hala nola Wallapop, eBay, Mil Anuncios edo antzekoek. Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dituzte plataforma digital horiek, dagoeneko behar ez dituzten objektuak saltzeko edo bigarren eskuko produktuak erosteko. Era ona da diru gehigarri bat lotzeko edo, are gehiago, modu ekologikoan birziklatzeko dagoeneko erabiltzen ez ditugun produktuak. Baina, kontuz!, arretaz jokatu behar da disgusturik ez hartzeko.
Kontsumo-legeek ez zaituzte babesten.
Lehenik, jakin behar duzu legeek ez dutela babesten kontsumitzailea, partikularren arteko salerosketa delako; beraz, ezin dira aplikatu lege horiek eskaintzen dituzten bermeak.
Sarritan, plataforma horiek ez dute eskaintzen ordainketa-sistemarik: iragarki-taula bilakatzen dira, eta erosle eta saltzailearen esku geratzen da salerosketen transakzioa eta erantzukizuna.
Kontuz ibili
Ez ahaztu partikularren arteko salerosketak eta distantziara egiten direnak engainabide edo iruzurbide izan daitezkeela. Halakorik gerta ez dadin, kontuz ibili behar duzu erosi edo saltzen duzunean.
- Ez ahaztu inoiz arriskua. Zuhurra izan behar duzu: kontuan izan iruzurra izan daitekeela dirua aurreratzeko eskatzea, atzean ez dagoelako produkturik edo ez direlako ematen dutena, edo ez ordaintzea produktua bidali eta gero, eta abar. Pentsatu beti dela hobe denbora gehiago hartzea salerosketa egiteko eta seguru egotea, iruzurra egin diezazutela baino.
- Ez irten plataformatik, ez eman korreo elektronikorik edota datu pertsonalik. Komisioa saihestu nahirik, nahikoa arrunta izaten da plataformatik kanpo jarraitu nahi izatea transakzioarekin. Hala ere, errore bat da, eta arriskuan jartzen gaitu. Transakzioa plataforma barruan eginez gero, plataformak berak eskaintzen dituen bermeak izango ditugu. Baina, adibidez, posta elektronikoz eginez gero, arriskuan egongo zara; izan ere, phishing eraso baten biktima izan zaitezke –datu pertsonalak ostu ahal dizkizute–, edo bestelako iruzurren batena.
- Eskatu produktuaren argazkiak. Erosten baduzu, eskatu produktuaren argazkiak. Ez katalogoko argazkia, baizik eta argazki orijinalak, saltzaileak berak egindakoak. Egiaztatu produktua existitzen dela, eta irakurri arretaz haren deskripzioa. Kasu batzuetan, pertsona batzuek, produktua bera erosi beharrean, haren argazkia erosi dute. Eskatu behar duzun informazio guztia; pertsona zintzoa bada eta saltzeko interesa badu, emango dizu.
- Saiatu saltzailea ikertzen. Jakin nongoa den: ez da gauza bera transakzio bat egitea hurbil dagoen batekin, edo Nigerian, Argentinan, Britainia Handian edo Txinan dagoen batekin.
- Erosten edo saltzen ari zarela, ez fidatu ikusten baduzu ortografia zalantzazkoa dela edota akatsak azaltzen direla joskeran edo esaldien osaeran. Robot batekin ibil zaitezke harremanetan, edo iruzurra izan daiteke.
Ez fidatu txoiloez. Ez dago halakorik. Prezioa lar merkea bada, ez fidatu: ziria sartuko dizute. Kontuz faltsifikazioekin.