Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua den Sonia Perez Ezquerrak Turista Arduratsuaren Gida aurkeztu du Turismoaren Astearekin batera, turismoa “esperientzia aberasgarri eta jasangarria” izan behar dela azpimarratuz. Bisitarientzako gomendio-sorta biltzen duen gida bat da.
Turista Arduratsuaren Gida hau egiteko Kontsumobide Basquetourrekin elkarlanean aritu da gurera datozen bisitariei adierazteko turista eta kontsumitzaile gisa betebeharrak eta eskubideak dituztela. Gidak, jasangarritasuna eta euskal kultura eta ondarearekiko errespetua azpimarratzen du.
Hiru ataletan egin du lan Kontsumobidek. Lehenengoan, turista eta kontsumitzaile gisa betebeharrak eta eskubideak dituztela gogorarazten zaie; aldez aurretik egiazko informazioa jasotzeko eskubidea, tratu eta zerbitzu ona jasotzeko eskubidea, faktura eskuratzeko eskubidea eta kexa eta erreklamazioak egiteko eskubidea.
Bigarren atalak turismo alorrean lan egiten duten langileengan jartzen du fokua, eta turistari eskatzen zaio langile horiek errespetuz tratatzea; zerbitzuarekin ados ez badago kexa edo erreklamazioa jar dezakeela adierazten zaio. Hirugarren atalean jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du gidak, ura eta energia aurreztearen garrantzia azpimarratzen da, baita birziklatu eta jasangarritasunaren alde egiten duten establezimenduak hautatzea ere. Azkenik, kontsumoko gatazkak ebazteko sistema gisa arbitrajera jotzeko eskatzen dio.
Nora Abete, Kontsumobideko zuzendariak aipatu duenez “turista arduratsuak nahi ditugu gure artean, baina gu ere turista bihurtzen garenean arduratsuak izan behar gara”.
Turista arduratzen gida (Turismoko web-orrian)