Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak webgune bat jarri du abian euskaraz eta gaztelaniaz, ikasleentzat askotariko prestakuntza-baliabideak biltzen dituena. Material hori Kontsumobidek Bilbo, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastián hirietako bere prestakuntza-zentroetan egin ohi dituen ikastaro eta tailerren bilduma eta egokitzapena da; izan ere, zentro horiek itxita daude une honetan, Covid-19aren krisia dela eta.
Webgunean, askotariko infografiak aurki daitezke, askotariko kontsumo-gaien arabera sailkatuak: IKT arloa, jasangarritasun arloa, publizitate arloa, etiketatze arloa, elikadura arloa, kontsumoko oinarrizko eskubideak, finantzen arloa eta lanbide-heziketa. Gainera, hezkuntza-premia berezietara egokitutako bi kontsumo-erronka daude, erosketei eta elikadura-segurtasunari lotuta. Infografia bakoitza aukeratuz eta klikatuz, bideoak, jolasak, testa, oinarrizko informazioa eta abar eskura ditzakegu.
Helburua da ikasleen, ikastetxeen eta hezkuntzako profesionalen eskueran jartzea aurrez aurre landu izan diren prestakuntzarako bitartekoak. Edonola ere, webgune hau tresna bat gehiago da gure eskubideen ezagutza sustatzeko, kontsumitzaileak garen aldetik, eta edonork erabil dezake.
Web-orrira www.kontsumobide.eus hasiera-orritik sar daiteke, edo https://www.kontsumobide.euskadi.eus/kontsumo-erronka helbide-barran tekleatuz.