Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatzen du festibaletako, kontzertuetako eta beste ekitaldi batzuetako sarrerak salmenta ofizialeko webguneetan eskuratzea, eta batez ere ez jotzea sarrerak birsaltzen dituzten horietara.
Hainbat erreklamazio jaso dira birsalmentako web ezagun baten aurka. Egoera horren aurrean, Kontsumobidek ohartarazten du oso konplikatua dela plataforma horietan erreklamatzea; bide guztiak bilatu dituzte euren erantzukizunak saihesteko, eta zailtasun hori areagotu egiten da Europar Batasuneko lurraldetik kanpo kokatuta dagoenean enpresa.
Plataforma horiek adierazi egiten dute, ez oso modu argian, partikularren arteko trukea errazten duten plataformak direla. Horrela denean, ezin dira aplikatu kontsumitzaileen eskubideak babesten dituzten legeak.
Birsalmentako webguneek, ohi denez, itxura ofizial bat aurkezten dute, eta beste batzuetan “salmentako plataforma sekundario” gisa aurkezten dira. Datu hori gogoan izatea gomendatzen du Kontsumobidek.
Kontsumitzaileek web horien aurrean beren eskubideak erabiltzeko zailtasunaz gain, eskaintzen dituzten prezioak ofizialak baino garestiagoak dira (zenbaitetan % 200etik gorakoak) eta kudeaketa-errekarguak eta zerbitzu-tasak aplikatzen dituzte. Batzuetan errekargu horiek % 30 gehitzen dute salmenta-prezioa (kasu horietan salmenta-prezioa sarreran adierazten den prezioa izan beharrean eroslearen eta saltzailearen artean adostutako prezioa da) eta, ondorioz, nahiko zaila da jakitea zein den erosketaren azken prezioa. Gainera, ia ezinezkoa da jakitea sarrera baliodunak edo sarrera lapurtuak edo faltsutuak eskuratzen ari diren. Plataformek diotenez ziurtatu egiten dute hori ez dela horrela, baina esperientziak erakusten duenez ziurtapen hori ez da beti egia.
17/2019 Dekretuak, otsailaren 5ekoak, jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duenak, debekatu egiten du “errekargudun birsalmenta”, baita komisiodun salmenta ere, jatorrizko sarreraren zigilurik agertzen ez bada, no adierazten den jatorrizko prezioa eta azken prezioa. Bestalde, dekretuak ezartzen du sarrerak saltzeko online plataformek kobratzen dituzten komisioek eta kudeaketa-gastuek publikoak izan behar dutela eta agerian egon.