Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak, azken egunotan jasotako zenbait kexu eta kontsultaren aurrean, gogorarazten du gasa eta/edo elektrizitatea merkaturatzen dituzten konpainiek ezin dituztela fakturatu urtebetetik gorako atzerapena duten kontsumoak, eta ezin dituztela, ezta ere, kontsumo horiek erreklamatu.
Gipuzkoako zona batzuetan kexuak jaso dira gas-merkaturatzaile batzuk urtebetetik gorako antzinatasuna duten fakturak erreklamatzen ari direlako, kobrantzetako atzerapen horien arrazoia izanik, hain zuzen, konpainien beraien akats administratiboak.
Azpimarratu beharra dago, benetako kontsumoaren azpiko fakturazioak egiten badira (zenbatetsitako irakurketen edo kontagailuaren matxuren ondorioz), gas- eta elektrizitate-konpainiek, salbuespen gisa, fakturatu gabeko kontsumo-defizita fakturatu ahal izango dutela, baina denbora-muga batekin, gasa edo elektrizitatea den. Halakoetan, kontsumitzaileak kontsumitutakoa ordaindu beharko du —gehienez azken urtean, elektrizitatearen kasuan, eta 6 hilabetetan, gasaren kasuan—, eta eskubidea izango du ordainketa hori hainbana dezan eskatzeko akatsa izan denetik igarotako hilabete bezainbat hilabeteko fakturatan. Hala ere, geroratze hori ezin izango da urtebetetik gorakoa izan. Gasaren kasuan, ezohiko fakturazioa akats administratibo baten ondorio bada, epe hori 6 hilabetera murrizten da. Konpainia elektrikoek urtebete izaten jarraituko dute, ezohiko fakturazioa akats administratibo baten ondorio bada ere.