Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuak, Bizkaiko Probintzia Fiskaltzaren esku jarri ditu kontsumitzaile ezberdinek enpresa horren aurka aurkeztu dituzten 13 erreklamazio. Kontsumobideren ustez, enpresa honen praktiketako batzuk -burutu ez diren etxetresna elektrikoen konpontzeak nahiz eta aldez aurretik kobratu, esaterako- delitu edo falta izan daitezke.
Etxetresna elektrikoak konpontzen dituen enpresa da Sondi Teknik. Ez du berezko identitaterik edo webgunerik baina, halere, bere zerbitzuak sarean promozionatzen ditu, marka ezagunen Zerbitzu Tekniko gisara. Orrialdeen amaieran, kredituetan baino ez da adierazten ez direla inoren zerbitzu tekniko ofizialik (https://sat-serviciotecnicoliebherr.es/bilbao/ edo https://sat-serviciotecnicobalay.es/bilbao/, adibidez). Bizkaiko Meatze Aldeko herrietan (Gallarta, Muskiz, Ortuella, Trapagaran edo Abanto-Zierbena) jarduten du enpresak, bai eta Mungian edo Etxebarrin ere.
Kontsumobidek enpresa honen aurka jaso dituen 23 erreklamaziotik gorakoek patroi komun bat agertzen dute: Interneten bidez aurkitzen da enpresa eta abisua eman ondoren etxebizitzara bertaratzen da, hondatutako etxetresna elektrikoan lan egin edo lan egitearen itxurak egiten dituzte baina ez dute matxura konpontzen, berean jarraitzen du matxurak. Enpresak, halere, ordeztutako piezengatik, egindako irteerarengatik edo konpontze-lanetan emandako denboragatik kobratzen du. Zenbaitetan ere, konpontze-lanengatik kobratu, ordezko piezen bila atera eta etxebizitzara ez bueltatzera iritsi dira. Kontsumitzaileek emandako datuen arabera, balizko maula horien zenbatekoak 60 euro eta ia 300 euro bitartean daude.
Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutua behin baino gehiagotan saiatu da jasotako erreklamazioak enpresari helarazi eta jakinarazten, beti ere alferrik. Horrenbestez, eta erreklamazio batzuen larritasuna aintzat hartuta, fiskaltzaren esku utzi ditu erreklamazio guztiak.
Zerbitzu Tekniko Ofizialetara edo ibilbide eta ospe kontrastatua duten marka anitzeko zerbitzu teknikoetara joatea gomendatzen du Kontsumobidek, ustekabe desatseginak saihesteko. Enpresa Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikia egotea bere kaudimenaren eta seriotasunaren beste berme bat da ere.
Egilea:Kontsumobide
Hemen zaude
Kontsumobidek fiskaltzaren esku utzi ditu Sondi Teknik enpresaren jokabideak
Astelehena, Uztaila 15, 2019