Hemen zaude

Kontsumobidek Eguberrietako erosketak planifikatzea eta elikagaien xahuketa saihestea gomendatzen du

Astelehena, Abendua 16, 2019

Eguberriak opariekin, familia-bilerekin eta bazkariekin, afariekin eta gehiegikeriekin identifikatzen dira. Jai horien idiosinkrasiaren beraren ondorioz, kontsumoak nabarmen egiten du gora eta, batzuetan, alde batera uzten dira prekauzioko eta kontsumo arduratsuko neurriak. Hala ere, egun horietan inoiz baino beharrezkoa da gastua kontrolatzeko neurriak hartzea, kontsumo arduratsua egitea eta elikagaien xahuketa saihestea. 

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, gomendatzen du Eguberrietako menuak planifikatzea, erosketak antolatzea eta mailakatzea eta benetako beharretara egokitzea. Gomendio horiek ohikoak dira data hauetan, lagungarriak baitira familien gastua kontrolatzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko. 

Aditzera eman denez, jai-egun hauetako beste arazoetako bat elikagaien xahuketa handia da. Elikagaien xahuketaren aurkako euskal plataformaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan urtean 350.000 tona elikagai baino gehiago botatzen da, hau da, pertsona bakoitzeko 160 kilo, eta etxeetan xahutzen da, hain zuzen ere, elikagai gehien. 

Erosketak planifikatzea eta mailakatzea estrategia lagungarria da gure ekonomia hobetzeko eta, aldi berean, elikagaien xahuketa-arriskua murrizteko. Elikagaiak hozkailuan eta janaritegian egoki antolatzea edo “soberakinen menu” gisa ezagutzen direnak prestatzea ere gure ohituretan txertatu beharreko estrategiak dira, are gehiago jai-egun hauetan. Jatetxeetan egiten diren ospakizunetan, berriz, komeni da kontsumitu ez dugun janaria etxera eramateko ontzi batean jar diezaguten eskatzea. 

Elikagaien xahuketaren arazoa, bestalde, beharrezkoa ez den gastuaz harantzago doa, edo arazo etiko bat baino gehiago da —gosea duten milioika pertsonen aurrean—.  Lehen mailako arazo ekologikoa da, bai elikagaien produkzioan kontsumitzen diren baliabideei dagokienez, bai xahututako elikagaiak prozesatzeko baliabideei dagokienez.

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/albistea/-/prentsa_oharra/2019/kontsumobidek-eguberrietako-erosketak-planifikatzea-eta-elikagaien-xahuketa-saihestea-gomendatzen-du/