Hemen zaude

Kontsumobide Elikagaien Xahuketaren Aurkako Asteko konpromisoari atxiki zaio, eta kontsumo arduratsura zuzendutako ekintza jasangarrien katalogoa hedatu du

Asteartea, Abendua 10, 2019

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuari buruzko lege berriaren aurreproiektuak ingurumena zaintzea jotzen du kontsumo arduratsuaren ezaugarritzat
Euskadiko kontsumitzaileen elkarteek ere bat egin dute Elikagaien Xahuketaren Aurkako Asteko ekintzekin

Kontsumobideren iritziz, kontsumo arduratsuak lotuta egon beharko du ingurumenarekiko konpromisoarekin, eta jasangarria eta etikoa izan beharko du. Izatez, elikagaien xahuketak klima-larrialdiko egoera batean onartezina den energia- eta material-gastua dakar.

Era berean, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EHKB), Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak (EKE) bat egingo dute aste honetan egingo diren sustapen-ekintzekin eta hiritarrak kontzientziatzeko ekintzekin.

Elikagaien Xahuketaren Aurkako Euskal Astea, beraz, Eguberrien aurreko egunetan egingo da, euskal etxeetan eta jatetxeetan janari gehien xahutzen den urteko sasoietako baten aurreko egunetan, hain zuzen ere. Egoera hori, hala ere, urte osoan gertatzen da, eta, horren ondorioz, Euskadin urtean pertsona bakoitzeko 160 kilo elikagai xahutzen da; hortaz, urtero 350.000 tona janari botatzen da zaborretara. Europan arazo horrek urtean 89 milioi tona xahutzea dakar. Elikagaien xahuketaren % 42 etxeetan gertatzen da eta % 14 jatetxeetan.

Testuinguru horren aurrean, Kontsumobidek zenbait ekintza iragarri du, eta ekintza horiek kontsumitzaileen estatutuari buruzko Lege berriaren aurreproiektuan sartu dira. Lege hori Legebiltzarrean aurkeztu da, eta arreta berezia eskaintzen dio elikagaien xahuketari, eta, gainera, kontsumo arduratsua definitzen duten ezaugarrietako bat ingurumena zaintzea dela adierazten du.

Elikagaien xahuketaren aurkako Lege berrian jasotako neurrien artean nabarmentzen da jatetxeei eta jatetxe-zerbitzuak ematen dituzten establezimenduei zuzendutako betebeharra, "kontsumitzen ez diren elikagaien hondarrak ontzi birziklagarrietan edo berrerabilgarrietan doan ematea, hala eskatzen duten bezeroei”.

Bestalde, lege-aurreproiektuan ezartzen denez, jatetxe-establezimenduek nahitaez eskaini behar diete kontsumitzaileei iturriko ura, inolako kostu ekonomikorik gabe.

Bi berrikuntzak 16. artikuluan daude jasota. Artikulu horrek dio jarduera publikoen xedea izango dela kontsumo-harremanak arrazionaltasun- eta jasangarritasun-irizpideen arabera egitea, eta, hartara, kontsumo neurritsua, informatua, gogoetatsua eta kontzientea sustatzea, ingurumena zaintzeari dagokionez, bizi-kalitateari dagokionez, kultura-espezifikotasunari dagokionez, familiaren zorpetzeari dagokionez, arrisku onargarriei dagokienez eta garapen sozioekonomiko indibidual eta kolektibo arduratsua dakarten gainerako faktoreei dagokienez".

Kontsumobideren, Kontsumoko Euskal Institutuaren, eskumena izango da, halaber, neurri egokiak sustatzea plastikoak murrizteko, bidezko merkataritzaren aldeko apustua egiteko edo material birziklagarriak erabiltzeko, baita "elikagaien galera edo xahuketa murriztuko duten" jarduerak sustatzea ere.

Kontsumitzaileentzako aholkuak, Eguberrietan gertatzen den elikagaien xahuketa saihesteko

Kontsumobidek gaur abiaraziko du elikagaien xahuketa saihestea helburu duen eta kontsumitzaileentzako aholkuak biltzen dituen informazio kanpaina. Laburbilduta, hauek dira aholkuak:

Plangintza. Soilik beharrezkoa dena erosi; horrek elikadura osasuntsuagoaren alde ere egingo du. Aurrekontura egokitu eta zerrenda bat egin.

Gogoeta. Ez erosi presaka (edo gosez), alderatu prezioak, aztertu eskaintzak eta aprobetxatu iraungitze-data hurbil izateagatik prezio beheratua duten produktuak.

Antolamendua. Antolamenduak xahuketa saihesten du. Jarri hozkailuko eta janaritegiko lehen lerroan lehenago iraungiko diren elikagaiak, lehenik horiek kontsumitzeko.

Aprobetxamendua. Soberan geratu dena baliatzea, horrekin errezeta berriak egiteko.

Aurrea hartzea. Eguberrien aurreko datak baliatu lehenago eta merkeago erosteko. Soberan geratzen dena banako errazioetan izoztu.

Birziklatzea. Hondakinak bereizi eta dagokien edukiontzian bota, hondakin horiek bigarren bizitza izan dezaten, hala nola konpostean. Eduki ontzi marroian biltzen diren janari-hondakinak ongarri naturala dira.

https://www.kontsumobide.euskadi.eus/albistea/-/prentsa_oharra/2019/kontsumobide-elikagaien-xahuketaren-aurkako-asteko-konpromisoari-atxiki-zaio-eta-kontsumo-arduratsura-zuzendutako-ekintza-jasangarrien-katalogoa-hedatu-du/