Hemen zaude

Kontsumoa: erreklamazioa non jarri, arazoaren arabera

Astelehena, Iraila 2, 2019

Kontsumo-erakundeek tramitatzen dute kontsumoari buruzko arauen urraketak sortutako gatazken ondorioz izaten diren erreklamazioen parte handi bat; Kontsumobide horietariko bat da. Sektore askotan, ordea, bide eta organo espezifikoak daude arazo horiek konpontzen saiatzeko. Hemen dituzu horietariko batzuk, jakin dezazun non erreklamatu, kasuaren arabera.

Telefonia eta Internet: erreklamazio gehien jasotzen dituen arloa da. Euskadiko ranking-ean lehena izan zen, 2016an: 5.300 erreklamazio-idazki baino gehiago jaso zuen; guztizkoaren % 27. Hemen aurkez dezakezu zurea: Kontsumobiden, Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal-Bulegoetan (KIUB) edo Telekomunikazioen Erabiltzailea Artatzeko Bulegoan (OAUT).

Aire-garraioa: atzerapenak, hegaldia bertan behera geratzea edo txartel gehiegi saltzearen ondorioz hegazkinean sartzerik ez izatea: horra gatazka ohikoenak. Aerolinearen Arreta-Zerbitzuarekin ados jarri ezean, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziara (AESA) jo dezakezu.

Lurreko garraioa: zenbait egoeretatik datozen arazoak sartzen dira hor, besteak beste: hiri barruko bidaietatik (autobusa, taxia, tranbia...), hirien arteko joan-etorrietatik (autokarra, trena,...), salgaien garraiotik, edo ibilgailu-alokairutik. Dagokion Garraioko Arbitraje Batzordean aurkez dezakezu kexa-agiria. Euskal Autonomia Erkidegoan badago organo espezifiko bat Arabarako, eta beste bat eskumena duena Bizkaian eta Gipuzkoan.

Turismoa, apartamentu turistikoen alokairua eta bidaia konbinatuak: Turismo Sailean aurkez dezakezu erreklamazio-idazkia.

Banku-zerbitzuak: finantza-erakundeek zure eskubideak urratu ondoren, ez bazara ados jartzen haiekin, Espainiako Bankuaren Bezeroaren Atarira jo dezakezu.

Inbertsio-produktuak: uste baduzu Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren mendeko pertsonen edo enpresen jokabideak kalte eragin diela zuen inbertsioei, lehenik eta behin saiatu adiskidetze-itun bat lortzen erakundearen Arreta Zerbitzuaren bidez. Lortu ezean, jo hona: Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren Inbertitzaileak Artatzeko Bulegora.

Aseguruak: lehenik eta behin, saiatu ados jartzen aseguru-etxearekin berarekin. Ez bada posible, idazki bat aurkeztu Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Erreklamazio Zerbitzuan.

Zalantzak badituzu, ez baitakizu ondo non erreklamatu, galdetu gertuen duzun kontsumo-erakundean. Zuzenean bidaltzen badiozu idazkia organo horri eta hark ez badauka eskumenik zure gaia tramitatzeko, berak bidaliko dio dagokion organo espezifikoari, eta haren berri emango dizu.

Egilea:Kontsumobide