Hemen zaude

Kontsumitzaileak babesteko neurri berriak: kontsumorako kredituak etetea

Igandea, Apirila 5, 2020

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretuak ezartzen du kontsumorako kredituak hiru hilabetez eten behar direla. Etete hori jaso ahal izango dute Covid-19aren hedapena gelditzeko hartutako neurrien ondorioz kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek.

Mailegua eteteko aldiak maileguaren epemuga denbora baliokidean aldatzea ekarriko du. Epe horretan, etenaldia erabatekoa dela ulertuko da. Hortaz, maileguek ez dute interesik, gasturik edo antzekorik sortuko.

Zure finantza-erakundearen aurrean kontsumo-kredituaren luzamendua eskatzeko epea alarma-egoeraren indarralditik hilabetera amaituko da.

Nork lor dezake luzamendu hori?

Neurri horri heldu ahal izango diote enplegua galdu duten pertsonek. Enpresaburu, autonomo edo profesionalen kasuan, fakturazioan beherakada nabarmena izan dutela frogatu beharko dute, gutxienez % 40koa.

Laguntza horiek jaso nahi dituztenek frogatu beharko dute zorraren guztizko pisua familiaren diru-sarreren % 35etik gorakoa dela, eta osasun-krisiagatik hartutako neurrien ondorioz pisu hori 1,3 aldiz handiagoa dela.

Nolanahi ere, neurri honen onuradunek beren familia-unitatean (zorduna, legez bananduta ez dagoen ezkontidea edo izatezko bikotea eta etxebizitzan bizi diren seme-alabak, adina edozein dela ere) dituzten diru-sarrerak ezingo dira hiru alditiz handiagoak izan  Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa (IPREM) baino. Diru-sarreren muga hori handitu egiten da seme-alabak dituzten mendeko pertsonak, 65 urtetik gorakoak edo desgaitasunen bat dutenak bizi badira familia-unitatean.

Zer dokumentazio aurkeztu behar da?

Langabezia-ziurtagiria, prestazio gisa hilero jasotzen den zenbatekoa adierazita.

Jarduera bertan behera uzten bada, Zerga Administrazioko Espainiako Agentziaren edo autonomia-erkidegoaren ziurtagiria.

Familia-liburua.

Etxebizitzan erroldatutako pertsonen erroldatze-ziurtagiria.

Desgaitasunaren, mendekotasunaren edo ezintasun iraunkorraren aitorpena, hala badagokio.

Familia-unitateko kide bakoitzaren jabetza-erregistroko ohar soila.

Ohiko etxebizitzaren edo alokairuko etxebizitzaren eta maileguaren eskriturak.

Erantzukizunpeko adierazpena.