Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (COP28), azaroaren 30etik abenduaren 12an bitartean ospatuko da Dubain. Elikadura eta nekazaritza aztertuko dira eztabaidetan, Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Aditu-Taldearen (IPCC) azken datuek aditzera eman duten larrialdi klimatikoko egoerak bultzaturik. COP-eko Lehendakaritzak nekazaritza plan klimatiko nazionaletan sartzeko deia egin du. Testuinguru honetan, Euskadiko Familia Nekazaritzaren Batzordean (CRAF)1 lankidetzan ari diren nekazaritza-sindikatuek zein kontsumitzaile-, gazte- edo emakume-elkarteek, besteak beste, gogorarazi dute euskal nekazaritza-sektorea, nagusiki familia-nekazariz osatuta dena, klimaren, elikadura-sistemen aldaketaren eta biodibertsitatearen babesaren katalizatzailea dela.
Familia-nekazaritza funtsezkoa da klima-aldaketaren eraginak arintzeko eta baita hari aurre egiteko. Horretarako, Euskadiko nekazaritza-abeltzaintza sektoreak konpromezu handia hartu du etorkizun jasangarriago bat lortzeko. Azken urteotan, Euskadik modu zuzen batean jasan izan ditu aldaketa klimatikoaren ondorioak: muturreko egoera klimatikoak eta euri-ereduen aldakortasun handiagoa, besteak beste, gure nekazaritza eta abeltzaintza egokitzera behartuz. Munduko liderrak Dubain elkartzen diren bitartean, CRAF-ak euskal nekazaritza eta abeltzaintzaren ekarpen positiboen berri eman nahi dio euskal gizarteari. Horrez gain, familia- nekazaritzaren jasangarritasunak gure lurraldearen jasangarritasuna bermatzen duela ere aldarrikatu nahi du.
Familia-nekazariak, elikagaien ekoizpen jasangarriaren inguruan duten ezagutza eta esperientzia medio, beharrezkoak dira berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu eta nekazaritza sistemen erresilientzia sendotuko duten irtenbide praktikoak ezartzeko. Familia-nekazaritzak konpromezua hartu du ingurumena errespetatzen duten jarduerak gauzatzeko eta erronka klimatikoei aurre egiteko irtenbide berritzaileak bilatzeko.
TOKIKO PRODUKTUAK KONSUMITZEA KRISI-KLIMATIKOARI AURRE EGITEKO
Halaber, garrantzitsua da nabarmentzea kontsumitzaileek ere ekarpen esanguratsua egin dezaketela klima-aldaketaren aurka, tokiko eta denboraldiko produktuak aukeratzean.
1 EUSKADIKO FAMILIA-NEKAZARITZAREN BATZORDEA (CRAF EUSKADI) Nazio Batuen Familia-
Nekazaritzarako Hamarkadaren esparruan sortu zen, familia-nekazaritza indartzeko eta baserritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuz. Hauek dira gaur egun CRAFaren bazkide direnak: Basque Culinary Center, Bizilur, CIFP, Arkaute Nekazaritza Institutua, EGK Gazteriaren Euskal Kontseilua, EHNE-Bizkaia,
ENHE Gipuzkoa, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna (UCE-EHKB), Euskal Kontsumitzaileen Alkartea (EKA-ACUV), ELIKA, ENBA-Gipuzkoa, ENBA-Bizkaia, Eroski, Eusko Ikaskuntxa, Munduko Landagunea, Cándido Iturriaga eta María Dañobeitia Fundazioa, HAZI, Konfekoop, Landa XXI, LURSAIL, Mendinet,
UAGA eta UN Etxea.
Izan ere, elikagai-sistemek eragiten duten berotegi-efektuaren gasen %20 inguru “food miles” delakoetatik datoz; hau da, produktuek ekoizpen gunetik eta kontsumitzailearen platerera egindako garrario-jardueratik.
Beraz, tokian tokiko produktuak kontsumitzeak, lurraldeko familia-nekazariei laguntzeaz gain, elikagaien garraioari lotutako karbono-aztarna ere murrizten du.
FAMILIA-NEKAZARIAK COP28-AN
Azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean ospatuko da Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia (COP28) eta honakoan, familia-nekazaritzaren ordezkaritza bateratu batek hartuko du parte lehendabiziz, Munduko Landagunearen eskutik. Erakundeak Euskadiko Familia Nekazaritzaren Batzordeko idazkaritza-lanak betetzen ditu gaur egun.
Munduko Landaguneak, aliatu nagusiekin batera, lau ekitaldi antolatuko ditu COP28an eta beste hainbestetan hartuko du parte. Ekitaldi hauetan gai erabakigarriak jorratuko dira: lurraren eskuratzea, familia-nekazaritzaren eginkizuna klima-aldaketari aurre egiteko, familia-nekazaritza eta kontsumitzaileen arteko lotura, edota berrikuntza-aukeren aprobetxamendua emakume nekazarien eta gazte nekazarien eskutik, besteak beste. Ekitaldi guzti hauek bazkide nagusiek antolatuko dituzte, hala nola COP28ko Lehendakaritza, International Land Coalition (ILC), Consumers International edota Elikadura eta Nekazaritza Erakundea (FAO), besteak beste.
Gure lurraldeko nekazari batek ordezkatuko du Euskadiko nekazaritza-abeltzaintza sektorea Konferentzian; zehazki, Arabako abeltzain batek. Bere esperientziaz bizitako klima-aldaketaren eraginak eta hari aurre egiteko neurri nagusiak partekatuko ditu.
KLIMA-KRISIAREN ERAGINA EUSKADIN
Klima-krisiak hamaika ondorio ditu Euskadiko nekazaritza-abeltzaintza sektorean: klimaren aldakortasuna areagotzen du, eguraldian ustekabeko aldaketak eraginez eta horrek, lehorte sakon eta luzeak izateko arriskua areagotzen du. Aldi berean, uholde-eurien arriskuak ere gora egiten du eta horrek nekazaritzarako plangintza eta ekoizpena zailtzen ditu, uzta eta azpiegiturak kaltetuz.
Tenperaturen igoerak izurrite eta gaixotasunak ugaltzea dakar, pestiziden eta botiken beharra areagotuz. Laborantza ereduetan aldaketak dakartza baita ere, jarduerak zein laborantza-motak doitzera behartuz. Horrez gain, klima-aldaketek bazka-ekoizpenari eragiten diote lurzoruaren higadura handituz eta nekazaritzarako eta artzaintzarako lurren kalitate eta emankortasuna kaltetuz.
BC3ren arabera, planetaren berotzeak eragina du lurreko ekosistemetan, fruituen loratze- eta heltze-aldaketak nabarmentzen dutenez. Euskal basoak “mediterranear” bilakatzea aurreikusten da: espezie inbaditzaileek aurrera egingo dute eta espezie autoktonoek (haritza, esateko) Europako iparralderantz desagertuko dira 2080rako. Itsas ekosistemetan, uraren tenperatura aldatu egin da, alde batetik berdela bezalako espezieak iparralderantz bultzatuz eta bestetik, eskualdeko uretako aingira egoera kritikoan utziz.
Erronka horien aurrean eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza babestu eta garatzen jarraitzeko, lurraldearen errespetuzko kudeaketa orekatua mantentzen dela bermatu beharko da. Zalantzarik gabe, klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko neurriak eta konpromisua hartu beharko dituzte nekazaritza-abeltzaintza katean parte hartzen duten eragile guztiek.
Familia-nekazaritzak Euskadiko lurraldearen %85 kudeatzen du errespetuz eta modu orekatu batean. Gure nekazaritza-ondarearen aberastasuna zaindu eta hobetzeko erantzukizunaz gain, gure paisaia moldatzeko eta gure natur ingurumena zaintzeko ardura ere baditu.
Familia-nekazaritzak funtsezko eginkizuna du klima-krisiaren ondorioei aurre egiteko eta ingurumen-erronka larrietara egokitzeko, baina, mundu-mailan, familia-nekazariek klimarako baliabideen %4 baino gutxiago jaso zuten 2021ean.