Jostailu dira 14 urtetik beherakoek jolasteko esklusiboki edo ez diseinatutako produktuak. Segurtasun eta etiketa-arau zorrotzak bete behar dituzte, talde hori nolakoa den ikusita
Bideojokoei dagokienez, aisia-produktu elektronikoak izaki, kontuan hartzekoa da jostailuen segurtasunari buruzko 1205/2011 Errege Dekretuak ez dituela jostailutzat jotzen. Dena den, bideojokoek ere izaten dute etiketa bat, non produktuak zer eduki duen eta bideojokoan aritzeko gutxienez zenbat urte izan behar diren azaltzen den.
Jostailuen etiketak
Jostailuek bete behar dituzte honako betebehar hauek:
Produktuaren eta fabrikatzailearen edo inportazio-enpresaren identifikazioa agertu behar da.
EE marka ere eduki behar dute. Marka horrek adierazten du betetzen dituela Europar Batasunak ezarritako segurtasun-betekizunak. EE marka ikusteko moduan agertu behar da, horretarako jostailua erosi beharrik izan gabe, eta ezabaezina eta gutxienez 5 mm-ko garaiera izan behar du. Marka hori ezartzeko, fabrikatzaileek beren produktuak baimendutako erakundeetara bidaltzen dituzte, segurtasun-betekizun guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko.
Gainera, beste hainbat ohar ere izaten dituzten:
Produktuaren erabilerari buruzko oharrak, eta, hala bada, erabiltzeko adin-mugak. Jostailu oso txikiak badira, adierazi behar dute ez direla egokiak 3 urtetik beherako haurrentzat, eta azaldu, zergatik (esaterako, haurra ito egin daitekeela).
Elektrikoki funtzionatzen duten jostailuek: gehienezko potentzia, zer elikatze-tentsio behar duten eta zenbat energia kontsumitzen duten azaldu behar dute.
Kometak eta jostailu hegalariek: linea elektrikoetatik gertu ezin dela horiekin jolastu adierazi behar dute.
Babes-ekipoak direla diruditen jostailuek, hala nola kaskoek, betaurrekoek eta maskarek: istripua izanez gero ez dutela babesten adierazi behar dute.
Uretako jostailuek: neska-mutila zutik egoteko gai denean eta pertsona heldu baten begiradapean dagoenean bakarrik erabili behar direla uretan adierazi behar dute. Produktu puzgarriek, flotagailuak ez badira, ezin direla flotagailu bezala erabili adierazi behar dute.
Irristailu eta patineteek: babes-ekipo egokia jantzita erabili behar direla adierazi behar dute.
Esperimentu kimikoak egiteko jostailuek: 10 urtetik gorako neska-mutilentzat direla adierazi behar dute, eta, halaber, ohartarazi substantzia arriskutsuak dituztela.
Gomendioak
Informa zaitez jostailua erosi baino lehen, gerora arazorik ez izateko. Gogora ezazu etiketa dela informazio jasotzeko elementu garrantzitsuena. Komeni da gomendio orokor hauek kontuan izatea:
Irakurri beti jostailuaren erabilera-jarraibideak eta etiketak.
Egiaztatu EE marka baduen, horrek adierazten baitu jostailuak betetzen dituela segurtasun-arau guztiak.
Etiketa aurkitzen ez baduzu, ondo itsatsita ez egoteagatik edo norbaitek kendu izateagatik, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten ikustea, eta etiketa duen bat erostea.
Etiketa bat ondo irakurri ezin baduzu edo zer dioen ulertzen ez baduzu, galdetu establezimenduan.
Gogoratu etiketak parametro objektiboak eskaintzen dituela. Gama bereko bi produktu konparatu nahi baduzu, erosteko erabakia jakinaren gainean egonda hartzeko aukera ematen du etiketak.
Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, baliteke eta erosi ondoren behar izatea. Gorde, halaber, ordainagiriak eta produktuarekin erlazionatutako beste edozein agiri, hala nola publizitate-liburuxkak.
Erosi, dibertitzeaz gain, ikasteko eta balioak geureganatzeko balio duten jostailuak.
Egilea:Kontsumobidea
https://www.kontsumobide.euskadi.eus/gaiak-produktuak/-/kontsumoko-gaiak-jostailuak/