Hemen zaude

'Heriotzagatiko komisioa': banku-praktika txarra

Ostirala, Iraila 20, 2019

Egile batzuen arabera, "heriotzagatiko komisioa" da hildako pertsona baten banku-posizioen ziurtagiria emateagatik kobratzen den komisioa. Egile horien eta Castellóko Probintzia Auzitegiaren epaiaren arabera[1], komisio horiek kobratzea banku-praktika txarra da. Ikus dezagun zer ari garen esaten eta zelan egiten den praktika hori.

Hurbileko pertsona bat hiltzen denean eta jaraunsle bihurtzen garenean, dolu emozionalari Víctor Bastante Granell-ek[2] deituriko "banku-dolua” gehitu behar diogu, “entitate batzuek ez baitute etika profesionalik”[3]. Egoera hauetan, notarioari "posizio-ziurtagiria" edo "heriotzagatiko saldo-ziurtagiria" eman behar diogu; agiri honek esango digu, lagunarteko hizkeraz, hildakoak zer zeukan bankuan eta zer zor zion bankuari. Ziurtagiri hau eskatzeko, beharrezkoa da jaraunslea dela frogatzea. Banku batzuek komisioa kobratzen dute informazio horrengatik, baina doakoa izan beharko litzateke, ezinbestekoa baita, bai jaraunspena onartu edo ez onartzeko, bai zergak likidatzeko, hala nola, oinordetzen gaineko zerga. Beraz, informaziorako eskubidea da, baina ez da mugagabea, izan ere, heriotzaren aurreko urtekoak baino aurreragoko mugimenduak eskatzen badira, banku-erakundeek baimena izango dute komisio bat kobratzeko.

Beste batzuetan, bankuak "eska” diezaguke “bankuko testamentu-espedientea”, eta horretarako, 80etik 150 eurora arteko kopurua kobratuko digu, bankuaren arabera. Baldintza hau aldez aurretikoa izan daiteke, posizio-ziurtagiriaren eskaeran, edo, geroagokoa, jaraunspena onartu eta gero, esku-dirua jasotzerakoan.

Bankuko testamentu-espedientea borondatezko agiria da, beraz, ezin gaituzte behartu. Agiri honek hildakoaren nortasuna, bere banku-posizioak, aktiboak, pasiboak eta abar egiaztatzen ditu, bai eta jaraunsleen nortasuna ere.

Bestalde, kobratzen den komisioaren inguruko eztabaida dago piztuta: batetik, bankuek komisio edo prezio bat kobra dezakete egindako lanengatik, eta bankuko testamentu-espedientea egiteak lana eskatzen du; bestetik, ordea, pertsona guztiak desberdinak eta euren posizioak desberdinak izaki, pertsona baten edo beste baten espedientea egiteak eskatzen duen lana desberdina izango da, beraz, ez dago justifikatuta espediente guztientzako komisio bera jartzea.

Laburbilduz, zoritxarrez, jaraunsle bihurtzen bazara, jakin behar duzu bankuek ezin dizutela kobratu hildakoaren posizio-ziurtagiriagatik, ez eta zure jaraunspena eskuratzeagatik ere.

 

Gehiago jakin nahi izanez gero:

  • Urriaren 28ko EHA/2899/112 Agindua (20192/2011 Legea)

  • Espainiako Bankuaren ekainaren 27ko 5/2012 zirkularra (12040/2012 Legea)

  • SAP, 1. atala, 538/2016 zenbakia, 2016ko abenduaren 30ekoa (191011/2016 Legea)

  • Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren abenduaren 18ko 29/1987 Legea (2421/1987 Legea)

  • Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren Erregelamendua (3414/1991 Legea) onartzen duen azaroaren 8ko 1629/1991 Errege Dekretua 

Iturria:

Diario La Ley. Wolters Kluwer. “Malas prácticas bancarias en trámites de testamentaria: la comisión por “muerte”, Víctor Bastante Granell irakaslearena

 

[1]Castellóko Probintzia Auzitegia, 48/2018 epaia, 2018ko otsailaren 14koa

[2]Zuzenbide Zibileko doktore laguntzailea eta artikuluaren egilea: “Malas prácticas bancarias en trámites de testamentaria: la comisión por “muerte”.

[3] Diario La Ley, 9462 zk., Doktrina atala, 2019ko uztailaren 23a. Wolter Kluwer.