Hemen zaude

Haurrentzako mozorroak: alaitasuna bermatu

Astelehena, Otsaila 17, 2020
Inauteriak gainean ditugu, urtero bezala mozorroak gure etxeetara helduko dira. Gure seme-alabek eskoletan egingo dituzte mozorro batzuk baina beste batzuk ez. Guk erosiko dizkiegu, edo guk egingo dizkiegu, atal desberdinak han eta hemen josten. Lagunen seme-alabekin aterako gara, denok mozorrotuta, denok alai, eta inork nahi ez duena da ezustekorik izatea.
Inauterietako segurtasuna da mozorrotu ezin dezakegun gauza bakarra, are gehiago gehien maite ditugun gure seme-alaben ongizateaz ari garenean. Hemen dituzu kontuan hartzeko neurri batzuk.
Mozorroak
Konprobatu aukeratutako mozorroa egokia dela zure seme edo alabaren adinerako.
Ez erosi, edo egin, zati txikiak dituzten mozorroak (askatu daitezkeenak eta irentsiak izan), edo kateatu daitezkeenak edota itogarriak izan ditzaketen sokatxoak dituztenak (txanoa eta lepoaren inguruan batik bat).
Suaren kontrako soineko edo jantziak aukeratu, edo behintzat erraz erretzen ez direnak.
Erositako mozorroa bada bila ezazu CE marka europarra, segurtasun bermea da, ez badu, ez erosi. 14 urte baino gazteago diren haurrentzako mozorroak jostailuak dira eta beraz jostailuen araudia bete behar dute.
Ohartarazpenak kontsultatu batez ere 36 hilabete baino gutxiagoko umeei zuzendutako mozorroetan.
Txantxoak edo maskarak
Arnas hartzeko zulo nahikoa duten bermatu.
Hobe buru osoa ez badute estaltzen batez ere ume txikiei dagokienez.
Adi materialarekin, osagaiak eta materialak konprobatu eta etiketa berrikusi. Azalarekin edo aurpegiarekin kontaktuan egongo da, batzuetan izerdiarekin nahasirik eta umeen azala delikatua da. Horregatik zenbat eta azal gutxiago estali hobeto.
Kontuz aurpegia jartzekoak diren maskaretan erabiltzen diren lokarriekin, seguruak direla bermatu.
Pinturak eta makillajea.
Iraungitze data begiratu, narritadurak sortzeko arazoak ekidin.
Osagaiak begiratu, eta alergia sor diezaiekeen ezer ez dagoela bermatu
Erraz garbitzen direla, urarekin soilik bada hobeto, ziurtatu ezazu.
Eta ez ahaztu, internet bitartez erosi baduzu eta ez bada zure gustukoa eta ireki gabe badago, 14 egun dituzu itzultzeko inolako azalpenik gabe. Hala ere, arazo hori saihesteko hobe duzu mozorroa edo mozorroa egiteko materiala konfiantzazko dendaren batean erostea, ziur gaude auzoan bertan edo etxetik gertu horrelakoren bat izango duzula.
 
http://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2020/haurrentzako-mozorroak-alaitasuna-bermatu/y10-kbpstblg/eu/