Iristear da udazken honetako festarik kuttunena; sorginez, banpiroz eta zonbiz beteko zaizkigu kaleak, Beetlejuice filmaren itxura hartuta. Dendek prest dituzte dagoeneko gau berezi horretarako mozorroak eta osagarriak. Mozorrotzeko osagai horiek guztiek segurtasun-neurriak bete behar dituzte eta, horregatik, arretaz aztertzea komeni da. Ondo erreparatu behar diogu erosten dugunari, Halloween festa segurua izan dadin.
Mozorroak, maskarak eta gainerako osagaiak 14 urtez azpiko neska-mutikoentzako baldin badira, jostailutzat hartzen dira legearen arabera:
- Egiazta ezazu etiketa, eta irakurri erabiltzeko argibideak eta berariazko oharpenak.
- Erreparatu zer adin-tartetara bideratuta dagoen.
- Ziurta ezazu CE marka (Europak onartua). Esteka honetan, txinatar CE markatik nola bereiz dezakezun azaltzen dizugu.
- Egiazta ezazu mozorroak ez duela su hartzen, edo ez dela erraz su hartzekoa, behintzat.
- Saihets itzazu pieza txikiak, hala nola perlak edo lentejuelak, erori eta irentsi egin baitaitezke. Gauza bera gertatzen da txanoetan edo lepo inguruan egon daitezkeen soka edo lokarriekin; hobe da era horretako elementuak dituzten mozorroak ez erabiltzea, itotzeko arriskua saihesteko.
- Ez ezazu erabili punta edo ertz zorrozdun jantzirik.
Helduentzako mozorroek oinarrizko arau batzuk bete behar dituzte, etiketei, osagaiei eta kontserbazioari dagokienez. Irakur itzazu arretaz etiketa eta erabiltzeko argibideak. Erreparatu, batez ere, segurtasunari buruzko oharpenei.
Har itzazu kontuan, gainera, aholku hauek, eta segurtasun osoz gozatu ahal izango duzu gau beltzaz:
- Berrerabili. Egin ezazu kontsumo jasangarriaren aldeko apustua, eta begira ezazu etxean aprobetxa dezakezun mozorrorik eta osagarririk ba ote duzun.
- Marakask. Egiazta ezazu maskarek edo aurpegi-mozorroek behar bezala arnasa hartzen uzten ote duten.
- Makillajea. Egiaztatu zer osagai dituen eta haren iraungitze-data, ez diezazun larruazaleko erreakziorik eragin.Ziurta ezazu margoak edo makillajea urez garbi daitezkeela.
- Tokiko komertzioak. Mozorroa erostea erabakitzen baduzu, gomendagarriena da hurbileko eta konfiantzazko dendetan erostea.Segurtasun-berme gehigarria eskainiko dizu erabaki horrek.
- Online bidez erostea. Har itzazu kontuan aholku hauek, Internet bidez modu seguruan erosteko. Erosi duzuna itzultzeko 14 eguneko epea duzu, batere zigorrik jaso gabe. Badaude salbuespen batzuk, neurrira egindako produktuak esaterako; beraz, alderdi horiei ondo erreparatzea gomendatzen dizugu.
- Egilea: Kontsumobide