Hemen zaude

Fidelizazio- eta ordainketa-txartel bat onartu baino lehen, informa zaitez ondo: revolving txartel bat izan daiteke

Astelehena, Abuztua 26, 2019
Fidelizazio-txartelak ohikoak dira gure gizartean, eta ohikoa da, halaber, saltokiek VISA motako fidelizazio-txartelak eskaintzea. Txartel horiek ez dirudite banku-erakundeenak, baizik eta eskaini dizkiguten saltokienak. Normalean, kate handiek edo multinazionalek eskaini ohi dute produktu hori, eta, itxura batean, abantailaz beteta daude, baina, sarri askotan, atsekabeak ekar diezazkigukete. Izan ere, revolving formatuko kreditu-txartelak izan daitezke. Beraz, hauxe da gure gomendioa: informa zaitez aldez aurretik eta, beharrezkoa bada, zuzenean galdetu.
Merkataritza-kate handiek ordainketa-txartelak eskain diezazkigukete, zenbait amu erabilita: “ordainketak modu erosoan geroratzeko”, “bankuz aldatu gabe”, “atxikitako saltoki askotan ordain dezakezu”, edota “eskudirua izateko aukerarekin”. Abantaila horiek erakargarriak izan daitezke, baina ezkutatzen duten errealitatea konplikatuagoa eta arriskutsuagoa da.
Normalean, kate handi horiek bankuen edo ordainketa-zerbitzuen hornitzaileen bitartekari gisa jokatzen dute, eta, behin onartuta, zerbitzua eskaintzen dizuna ez da merkataritza-katea izango, baizik eta banku bat edo beste. Revolving formatuko txartelak izanik, dituzten arriskuak ezagunak dira: printzipala erosketa bakoitzean birkalkulatzen da; ordaintzeke dauden interesak printzipalari gehitzen zaizkio, eta, beraz, kreditu-espirala sortzen da; hileroko kuota baxuek sorrarazten dituzten amortizazio-epe luzeek izugarri garestitzen dute kreditua; % 24tik gorako interes-tasak dituzte, eta abar.
Revolving txartelek kreditu-lerro gisa jokatzen dute: zenbateko jakin bat duzu gastatzeko, baina, hori egiten duzun bakoitzean, interesak birkalkulatu egiten dira. Batzuetan, gastatutakoa eta ordaintzeke dauden interesak batuta, gainditu egiten da kredituaren muga. Ondorioz, banku-erakundeek muga hori handitzen dute, kontsumitzaileari modu argian jakinarazi gabe eta haren berariazko baimenik izan gabe.
Beraz, berriz diogu: merkataritza-kate batek edo edozein saltokik fidelizazio- eta ordainketa-txartel erakargarri eta doakoa eskaintzen badizu, informa zaitez, onartuko duzuna zer den ziur jakiteko. Badaude nahitaezkoak diren galdera batzuk:
Eskaini didazuen hau revolving txartel bat da?
Zein banku dago txartel honen atzean?
Zeintzuk dira baldintzak?
Informazio guztia jaso eta zalantzak argitu ostean, aukera ona iruditzen bazaizu, aurrera: onartu txartela eta erabil ezazu arretaz. Zalantzaren bat baduzu, ez zaitez arriskatu.
Egilea:Kontsumobide