Hemen zaude

Ez diezazutela adarrik jo, saihestu Bizum bidezko iruzurrak

Larunbata, Azaroa 20, 2021

Mugikorretik ordaintzeko Bizum plataforma ordainketak egiteko gehien erabiltzen den aukeretako bat da. 2016an sortu zen, eta harrezkero aplikazioa gero eta pertsona gehiagok erabiltzen du. Gaur egun 16 milioi pertsonak erabiltzen dute.

Aplikazio horren bidez, ordainketak telematikoki bidali eta jaso daitezke, berehala. Hau da, horren bidez, 1.000 eurora arteko eragiketak egin daitezke eta egunean, gehienez, 2.000 euro jaso daitezke. Gainera, ekainean muga berria ezarri zuen: hilean 60 ordainketa jaso daitezke (lehen 150 ziren).

Nabarmentzekoa da Bizum-en funtzionamendua segurua dela, ordainketa segurua egiteko Europako PSD2 araudia betetzen baitu. Baina, horrek ez du esan nahi iruzurrik egin ez daitekeenik.  Sistema ez da oharkabean pasatu zibergaizkileentzat, eta kontu-zenbakiak lortzeko eta dirua lapurtzeko erabiltzen dute zerbitzu hori.

Espainiako Bankuak ohartarazi du Bizum bidez hiru motatako iruzurrak egiten ari direla batez ere:

  •  «Erosle faltsua». Iruzurraren egileak itxura egiten du bigarren eskuko artikulu bat erosi nahi diola erabiltzaile bati salerosketa-plataforma batean. Ondoren, ustezko erosleak mugikorraren zenbakia eskatzen dio Bizum bat bidaltzeko erreserba gisa, baina dirua bidali beharrean, kobratzeko eskaera egiten du. Bizumek bidalitako mezuan eskaera bat dela zehazten bada ere, litekeena da biktima ez konturatzea eta transakzioa automatikoki onartzea.
  • «Saltzaile faltsua». Kasu honetan, delitugileak saltzaile baten itxura hartzen du, produktu interesgarriak Internet bidez arrazoizko prezioetan saltzen dituena balizko erosleak erakartzeko. Biktima bat aurkitzen duenean, produktua bidaltzeko dirua edo diruaren zati bat aurreratzeko eskatzen dio. Biktimak ordaintzen duenean, produktua ez da inoiz iristen eta saltzailea arrastorik utzi gabe desagertzen da.
  • Gizarte Segurantzaren edo aldi baterako lan-erregulazioen prestazioen ordainketa faltsuak. Zibergaizkileak SMS bat bidaltzen dio biktimari, erakunde publiko baten itxura eginez, eta jakinarazten dio Gizarte Segurantzako kobrantza batzuk ez zaizkiola ordaindu. Ordainketa horiek Bizum bidez egingo zaizkiola azaltzen dio. Kasu honetan ere, diru-eskaera bat da ordainketa baten ordez, eta lehenengo kasuan bezala, gerta daiteke ez konturatzea.

Hala ere, Bizum bidez iruzur baten biktima izan bazara, lehenik eta behin gertatutakoa salatu behar duzu Ertzaintzan, udaltzaingoan edo agintaritza eskudunean. Mugimenduei buruzko informazio guztia ordainketa-sisteman erregistratzen da, eta iruzurraren biktima izanez gero, Bizumek kasu bakoitza ikertzeko beharrezko informazioa eman ahal izango die agintariei.

Bankuko datuak eman badituzu, hala nola kontuaren edo txartelaren zenbakia, jar zaitez berehala harremanetan zure banketxearekin, beharrezko segurtasun-neurriak hartzeko eta, horrela, kargu gehigarririk egin ez dadin.