Argitalpen-data: 2019/09/19
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak gaur goizean aurkeztu du, Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaría lagun zuela, Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Estatutuaren Legearen aurreproiektua. Lege horrek oraingo euskal araua ordeztuko du, kontsumoari buruzkoa, duela 15 urte onetsia. Denbora horretan nabarmenak izan dira aldaketak kontsumo- eta ordainketa-ohitura eta moduetan ?bereziki online produktuen eta zerbitzuen erosketek eraginda? eta aldatu egin da kontsumoari buruzko legeria nazionala eta Europakoa.
Pérez Ezquerra sailburuak adierazi duenez, legeria berriak Kontsumobideren funtsezko zeregina bultzatuko du eta baliabide berriak emango dizkio bere jarduna hobetzeko eta eskubide horiek hobeto defendatzen laguntzeko.
Kontsumo arduratsua sustatzea da aurreproiektuaren asmoa, eta horretarako arrazionaltasun- eta iraunkortasun-irizpideei jarraituko die. Kontsumo moderatua, informatua, hausnartua eta kontzientea sustatu nahi da, ingurumena zaintzearen premian, bizi-kalitatean, espezifikotasun kulturalean eta garapen sozioekonomiko indibidual eta kolektibo arduratsu batean arreta berezia jarrita.
Lege-aurreproiektuak bereziki azpimarratzen du egoera ahulean dauden kontsumitzaileak edo erabiltzaileak babesteak duen garrantzia, baita egoera txarragoan, mendekotasunean, babesik gabe edo diskriminatuta dauden kolektiboak edo pertsona-taldeak ere.
Sailburuak lege-aurreproiektu honen berritasun eta proposamen nagusietako batzuk xehakatu ditu, gure ustez garrantzi berezia dutenak. Horien artean berritasun juridiko bat dago, orain arte Autonomia Erkidego bakar batek ere planteatu ez duena. Kontsumobidek, enpresa arau-hausleei ezartzen dizkien zehapenetan, kontsumitzaileak indemnizatu ditzaten erabaki ahal izango du, arau-hausteak eragindako kalte eta galerengatik. Zehapen administratiboaz gain, indemnizazioaren zenbatekoa zehaztuko da, eta administrazioak berak burutu ahal izango du, kontsumitzaileen babesa indartzearren.
Lege-aurreproiektuak legealdi honetan Kontsumobidek ekindako jardute-lerroa indartuko du enpresa-jardun egokien kodeak bultzatzeko, eta Kontsumoko Euskal Institutuari aukera emango dio bere lanketan parte hartzeko.
Jardute-lerro horretan kontsumoko gatazkak ebazteko sistema alternatiboei emango die lehentasuna legeak. Sailburuak adierazi duenez, “ohiko etxebizitzaren hipoteka-exekuzioetan erakunde finantzarioaren eta bere bezeroaren arteko bitartekaritza emango da lehentasunezko aukera gisa”. Horrez gain, kontsumoko arbitraje-sistemara atxikita egotea izango da aplikazio-arau nagusia sektore publikoan eta kontratazio publikoan, eta baloratu egingo da dirulaguntzak eta subentzioak emateko garaian.
Interes orokorreko zerbitzuen kontratuetan (ur, elektrizitate, gas, telefono edo Internetena, besteak beste) erabiltzaileen interesen babesa bermatuko da batik bat eta betebehar bat arautuko da horretarako, non enpresek hutsak zuzentzeko epe bat eskainiko duten prestazioa eten aurretik.
Garrantzizko berritasun gisa, Sonia Pérezek nabarmendu duenez, lege berriak behartu egingo ditu zerbitzu-enpresak informazioa eskaintzera ?zerbitzua kontratatu aurretik? sor daitezkeen intzidentziei buruz mantentze-lanengatik, jende ugariri erantzun behar izateagatik edo eguraldiagatik, horrek eragina izan baitezake zerbitzua baldintza optimoetan erabiltzeko garaian. Xedapen hori egoera hauetarako pentsatuta dago: autopista batean, parke tematiko batean edo atrakzio-parke batean sartzera doazen pertsonak, adibidez, zerbitzua kontratatu aurretik, informatuta egon daitezen instalazioen egoerari buruz, haiek erabili edo ez erabakitzeko.
Europako gidalerroen ildotik, indartu egiten da kontsumo-ikuskaritza eta baimena emango zaie ikuskatzaileei ez identifikatzeko, halakotzat aurkezteagatik beren ekintzaren xedea zapuztu ez dadin. Era berean, laginak hartu eta probarako erosketak egin ahal izango dira identitatea isilpean mantenduta –ikuskatzaileak direla esan gabe? produktuak legearen betebeharretara egokitzen direla ziurtatzeko.
Azkenik, zehapen-eremuan egiten diren ekarpen handiak azpimarratu ditu. Lege berriak arau-hausteen katalogo zabal bat hartuko du barnean, oraingo araugintzaren panoramara hobeto egokitzen dena, eta zehapenekin batera, aurreikusita du argitara atera ahal izatea azken bi urte hauetan enpresek egindako arau-hausteak. Gainera, handitu egiten du kontratuetan izaten diren abusuen aurkako babesa, neurriz gaineko klausula eta praktika enpresarialak ezagutzera emanda.
Egilea:Kontsumobide