Osteguna, Iraila 11, 2008
ELIKADURA-SEGURTASUNARI BURUZKO MITOAK ETA EGIAK Elikadurari eta elikadura-segurtasunari buruzko zenbait kontzeptu mito bihurtu dira denborarekin, nahiz eta ideia faltsu edo okerretan oinarrituak izan. Kapitulu honek erantzunak eman eta mito ohikoenak argitzen ditu. Topikoak Elikagai onak eta txarrak daude? GEZURRA. Kontsumitzailearengana iristen diren elikagai guztiek seguruak izan behar dute. Elikaduran dieta egokiak eta desegokiak bakarrik daude. Dieta orekatua edo desorekatua izatea erabakitzen duten faktoreak kontsumitzen diren elikagai multzoa eta aukera dira. Baina, banaka hartuta, ez dago elikagai on eta txarrik. Eta gainera, kontuan hartu behar da zenbait elikagairen kontsumoa murriztea komeni dela, eta beste batzuk, berriz, egunero kontsumitu beharrekoak direla. Elikagaiek gaixotasunak sendatzen dituzte? GEZURRA. Elikagaiek lagun dezakete zenbait gaixotasun prebenitzen, baina ez dute sendatzen. Elikagaiek ez dute gaitasun terapeutikorik. Elikagaiek lagun dezakete gaixotasunak tratatzen? EGIA. Ur mineralek eta elikagai dietetiko jakin batzuk lagun dezakete gaixotasunak tratatzen; eta era berean, zenbait kasutan, ohiko elikagaiak dieta jakin batzuetako oinarrizko elementuak izan daitezke. Elikagaiak seguruagoak dira jatorrian saltokietan baino? GEZURRA. Elikagaiek segurtasun-kontrolak gainditu behar dituzte, eta haztegi nahiz baratzetan ez zaizkie aipatu kontrolak egiten, eta beraz, kasu batzuetan horien segurtasuna ez dago bermatua. Esne jetzi berria hobea da termikoki tratatua baino? Gezurra. Esneak tratamendu termikoa jaso behar du kaltegabetasuna bermatzeko. Hori da Maltako sukarra eragozteko modu bakarra. Landaretik jasotako fruitu eta barazkiak saltokietakoak baino osasungarriagoak dira? GEZURRA. Pestizida eta/edo herbiziden hondarrak izan ditzakete, eta ondorioz erreakzio toxikoak eragin ditzakete gorputzean. Beharrezkoa da era horretako hondarrik ez dutela ziurtatzea, ezinbesteko elikagaiak baitira eguneroko dietan. Elikagai gordinak sukaldatuak baino hobeak dira? GEZURRA. Zenbait elikagaik, ondo sukaldatuak izan ezean, erreakzio toxikoak edo janari-alergiak eragin ditzakete. Elikagai freskoak sukaldatuak baino nutrizio-balio handiagoa dute? EGIA. Zenbait bitamina eta mineral desagertu egiten dira egostean, hidrodisolbagarriak eta termolabilak direlako. Gehigarriek alergiak sortzen dituzte? GEZURRA. Ohiz kanpoko kasuetan gehigarriek kontrako ondorioren bat eragin dezakete, baina ez dute janari-alergiarik sortzen. Gehigarriek izan dezakete ondorioren bat osasunean? EGIA. Osasun agintariek kontzentrazio jakin batzuk bakarrik baimentzen dituzte, elikagaien ekoizleek bete beharrekoak. Neurri horien gainetik, zenbait gehigarri arriskutsuak izan daitezke. Litekeena da esneari alergia izatea, baina ez esnekiei? Gezurra.. Esneari alergia dion edonork alergia die, baita ere, esnekiei. Gerta litekeena da norbaitek esnea ez onartzea baina beste esneki batzuk onartzea laktosa eduki txikiagoa dutelako. Fruitu exotikoek alergia kasu gehiago eragiten dituzte? GEZURRA.. Gure ingurunean, alergia gehien eragiten dituen fruitua mertxika da, eta jarraian latexaren taldekoak, hala nola gaztaina, banana edo ahuakatea. Sagarrak eta marrubiek ere sortzen dituzten alergiak. Fruitu exotikoen artean kiwia da alergia gehien eragiten dituena. Barra-kodeko lehenengo bi zifrek produktuaren jatorriko herrialdia identifikatzen dute beti? GEZURRA.. Enpresa batek produktu bat ekoizten duenean, zein herrialdetako barra-kode sistemari atxiki nahi zaion aukeratzen du. Lehenengo bi zifrak edo aurrezenbakia atxikitako herrialdekoak dira; baina horrek ez du esan nahi produktua herrialde horretan ekoitzi denik. Espainian AECOC da identifikazioaz arduratzen den erakundea, eta erakunde horren bitartez barra-kodean sartzea eskatzen duten enpresek 84 aurrezenbakia dute. Argudio terapeutikoak Dieta orekatua eta askotarikoa ezinbestekoa da giza osasunarentzat. Elikagaiei ezaugarri prebentiboak, terapeutikoak edo gaixotasunak sendatzeko ezaugarriak egoztea debekatu egiten dute Espainia (1334/99 Errege Dekretua) nahiz Europako (79/112/CEE zuzentaraua) legeek, izan ere, elikagaiek, berez, ez dute horrelako propietaterik. Debeku horretatik salbuetsita daude ur mineralak eta elikadura berezi baterako jateko produktuak.Azken aldian osasunerako propietateak egozten dizkieten produktuak arautu dira, eta argudio medikoak erabiltzea debekatu da, propietate horiek azterketa serio eta egiaztatuetan oinarrituak izan ezean.