Hemen zaude

Elektrizitatearen fakturazioa bi hilez behin egingo da berriz ere

Ostirala, Apirila 5, 2013

Apirilaren 1etik aurrera...
Elektrizitatearen fakturazioa bi hilez behin egingo da berriz ere

Apirilaren 1ean jarriko da indarrean abenduaren 28ko 1718/2012 Errege Dekretua. Dekretu horrek 15 Kw-ko eta hortik beherako potentzia kontratatuta duten tentsio txikiko energia-horniduren irakurketa eta fakturazioa egiteko prozedura zehazten du.

Arau horri jarraiki, kontsumitzaileek kontsumitzen duten elektrizitatea baino ez dute ordainduko. Gainera, hilean behingo fakturazioari eusteko aukera dago.

Araudi berriak 10 Kw-tik 15 Kw-ra igo du tentsio txikiaren atalasea; hori dela-eta, ETEek ere egin ahalko dute fakturazioa bi hilez behin. Errege Dekretuan zehaztutako sistemak ordeztu egingo du 2008ko irailaz geroztik indarrean izan den hilean behingo fakturazioa. Aurreko sistemarekin, faktura estimatu bat lortzen zen, bi hilean behin igortzen zena. Kontsumitzaileek erreklamazio ugari egin dituzte fakturazio estimatu horren harira, kontsumo-erregularizazioei lotutako konplexutasuna dela-eta.

Fakturazio mota berriak zenbait salbuespen ditu:

· Etxebizitzak teleneurketa egin dezaketen kontagailu digitalak baditu, fakturazioa hilean behin egingo da, eta hileroko irakurketa errealetan oinarrituko da.
· Kontagailu mota gorabehera, posible da hilean behingo fakturazioa egitea, kontsumitzaileak berariaz onartzen badu. Hilean behin fakturatzeko aukerak ez du aldatzen kontsumoaren irakurketaren aldizkakotasuna; izan ere, bi hilean behingoa izango da, kontagailua analogikoa bada. Irakurketa errealik gabeko txandakako hiletan, fakturazioaren estimazioa egingo da.
· Kontsumitzaileek beste fakturazio mota bat adostu badute merkaturatzailearekin (tarifa finkoa).
· Irakurketak egiten dituen enpresak ezin badu etxebizitzako kontagailua irakurri, eta kontsumitzaileak ez badu horren irakurketarik eman bi hileko epean, aipatu enpresak kontsumoaren estimazioa egin ahal izango du.

Hona hemen zer-nola eragiten dion Errege Dekretu berriak elektrizitatearen fakturazioari, hornidura, kontagailu eta irakurketa motaren arabera (Iturria: Centro de Estudios de Consumo. CESCO).

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona: «Fakturazio elektrikoaren sistema berria» (CESCO, Kontsumoari buruzko ikerketen zentroa).

Kontsumobidek energia erantzukizunez kontsumitzea gomendatzen du, bai eta elektrizitate-horniduraren fakturari lotutako honako aholku hauek jarraitzea ere:

· Irakurri faktura arretaz. Bertan, izandako kontsumoa adierazten da, bai eta honako kontzeptu hauek ere: ekipamenduen alokairua, bidesariak, banaketa, elektrizitate-zergak, BEZ (% 21). Kontzeptuon zenbatekoa faktura osoaren % 50 gainditzera irits daiteke.
· Berrikusi beti eta konparatu aurrekoekin.
· Ez bazaizu iritsi, eskatu merkaturatzaileari (paperean edo digitala).
· Kontagailuaren irakurketak:

Egiaztatu zuzenak direla.

Kontagailua etxebizitzaren barruan badago, eta irakurketa egin behar den egunean ez bazaude, eskatu kontsumo errealaren datuak bi hilabete igaro baino lehen.
·
Fakturaziori lotutako edozer zalantza izanez gero, edo fakturak akatsik izanez gero, jarrai harremanetan merkaturatzailearekin.