Hemen zaude

Dutxak instalatzen dituzten enpresetan etikoak ez diren praktikez ohartarazi du Kontsumobidek

Astelehena, Urria 14, 2019
Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutua behartuta dago ohartaraztera oso etikoak ez diren praktikez, bainuontzien ordez dutxaontziak instalatzen dituzten enpresa batzuen etxez etxeko salmenta-prozeduretan. Jasotako kexak Bizkaian dagoen enpresa ezagun baten aurka zuzendutakoak dira batik bat. Enpresa horri aurretik ere ohartarazi izan zaio eta espediente ugari ditu irekiak, gehienak Bizkaian, baina baita EAEko gainerako lurraldeetan ere. Sektore bereko beste enpresa batzuei ere egin izan zaizkie erreklamazioak, kontsumitzaileak berak aurkeztuak.
Erreklamazio gehienak ordaindu den seinalea itzuli ez izanagatik eta obren exekuzio txarragatik egin dira. Hala ere, etxez etxeko salmenta-prozedurak berak ere zalantzan jartzen ditu enpresa horien zintzotasuna eta etika, are gehiago kontuan hartzen badugu adinekoen sektorea dela praktika horiengatik gehien erasandakoa.
Salmenta-dinamika.
Salmenta-dinamika antzekoa da beti:
Erabiltzaileak, enpresaren publizitateak erakarrita, deitu egiten du aurrekontu bat eskatzeko eta enpresako ordezkari bat agertzen da etxean. Enpresek zenbaitetan deiak ere egiten dituzte ordezkari baten bisita eskaintzeko.
Aurrekontu bat betetzen da eskuz eta bertan ez da zehazten elementuetako bakoitzaren prezioa, ezta eskulanarena ere. Gainera, aurrekontuak ez du lauki argi bat non ziurtatu onartu egiten dela.
Aurrekontu horrekin ez dira kontratazio-baldintzak entregatzen. Hala ere, enpresak baditu kontratazio-baldintza horiek, nahiz eta zenbaitetan ez duten legea argi betetzen.
Erabiltzaileari seinale bat eskatzen zaio, ustezko aurrekontuaren % 25ekoa, eta horren truke ez zaio inolako ordainagiririk ematen.
Pertsonak esaten badu aurrekontua ez duela onartzen eta seinalea itzultzeko eskatzen badu, aurrekontua onartuta dagoela alegatzen du enpresak, eta dutxaontzia fabrikatzen hasiak direla, neurrira egina, eta hortaz ez zaiola seinalea itzuliko.
Salmenta-dinamika agresibo, lauso eta etikarik gabeko horrekin jarduten du enpresak adinekoen etxebizitzetan batez ere.
Kontsumobide praktika horiek ikertzen ari da, gure etxeetatik baztertuak izan daitezen. Bitartean, ondoko gomendio hauei jarraitu ahal izango diegu.
Kontsumobideren gomendioak.
Ez sinatu inolako aurrekonturen onarpenik etxean, pentsatzeko gutxienez pare bat egun hartu ez badituzu.
Eskatu beti aurrekontu bat baino gehiago, konparatu ahal izateko.
Inoiz ere ez ordaindu seinalerik kontratua sinatu arte, eta fede eman eta erabaki duzun arte adierazitako enpresarekin hasi behar duzula obra.
Eskatu ordainagiri edo faktura bat seinale bat ordaintzen duzun kasu guztietan.
Enpresa batek aurrekontua egiteagatik kobratu nahi badigu, aldez aurretik ohartarazi behar digu eta zenbatekoa adierazi.
Ados ez bazaude edo praktika horietakoren batek erasan badizu, Kontsumobideren gomendioa da dagokion erreklamazioa enpresaren aurrean aurkeztea, edo Kontsumobideren bulegoetan (online ere aurkez daiteke) eta KIUBetan.
Egilea:Kontsumobide
https://www.kontsumobide.euskadi.eus/albistea/-/prentsa_oharra/2019/dutxak-instalatzen-dituzten-enpresetan-etikoak-ez-diren-praktikez-ohartarazi-du-kontsumobidek/