Partikular baten salaketak eta Kontsumobideren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren arteko lankidetzak ahalbidetu dute enpresa bat detektatzea, gasaren instalazio/mantentze-lanak egiteko eta berokuntzaren instalazio/mantentze-lanak egiteko gaitzen duen baimenik gabe diharduena. Egoera horrek segurtasun-arazo bat ekar dezake.
Gainera, enpresak erabiltzen dituen praktika komertzialak ez datoz bat araudiarekin, eta beren “bezeroak” menderatzea dute helburutzat, gehienetan adineko pertsonak direla kontuan hartuta. Kasu honetan, “instalatzailea” salatzailearen etxean aurkeztu zen, eta galdarako pieza batzuk ordeztu zituen ?15 hilabete besterik ez ditu galdarak? salatzaileak “menderatzailetzat” jo duen jarrera batekin, beldurrarazi egin baitzuen. Salatzaileak ez du uste ordeztutako piezak egokiak direnik, eta albaranean adierazten dira okerrak.
Halako egoerak saihesteko, ondokoa gogorarazten du Kontsumobidek:
Gas-instalazioaren ikuskaritza banatzailearen erantzukizuna da. Banatzaileak bidaliko dio gutun bat bezeroari ikuskaritza egingo den eguna eta ordua adieraziz eta bere teknikariek behar bezala akreditatuta joan behar dute. Edozein zalantza sortuz gero teknikarien identitateari buruz, deitu gas-banatzailearen enpresara etxeko atea zabaldu aurretik.
Galdararen ikuskaritza bere jabeak eskatuta egiten da. Kasu honetan gomendatzen dugu zerbitzu tekniko ofizialetara jotzea, edo prestigio edo ibilbide handia dutelako ezagun diren zerbitzuetara.
Bi kasuetan hau da funtsezkoa: gure galdara edo instalazioa ikuskatuko duen pertsona ez da ustekabean agertuko; deitu egin diogulako etorriko da beti, edo banatzaileak haren bisita aurretik jakinarazi digulako. Beraz, edonork zerbitzu horiek zure atean bertan eskaintzen badizkizu, ez fidatu, ez ireki atea eta, hala badagokio, salatu.