Hemen zaude

COVID-19 larrialdian oinarrizko horniketak bermaturik daude

Ostirala, Apirila 17, 2020

Energia eta ura bermaturik. 

Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, inori ezin zaio moztu energiaren (elektrizitatea, gasa, petrolio-deribatuak) edo uraren inolako horniketarik; debekatuta dago. Hortaz, horniketa-kontratuei dagokienez, ordaindu ezean horniketa moztu egingo dela dioten klausulak baliorik gabe utzi ditu gobernuak, aldi baterako. 

Eta gauza bera ohartarazpen-epeetarako ere: ordaintzeko eskatzen denetik horniketa eten arteko legezko epeak zenbatzeko ez du balio alarma-egoeran gauden denborak. 

8/2020 Dekretuak, bestalde, garbi utzi zuen datozen 6 hilabeteetan ezingo dela ez gas naturalaren ez butano-bonbonaren prezioa igo.

Energiaren edo uraren horniketa etetekotan, segurtasun-arrazoiengatik beharko du izan soilik. 

Elektrizitate-bono soziala. 

Bono horien indarraldia luzatu egin da, eta irailaren 15era arte balioko dute. 


Langile autonomoek ere, krisia dela-eta ezin izan badute lan egiten jarraitu edo fakturazioa nabarmen urritu bazaie, bono soziala eskuratzeko modua izango dute, baldin eta baldintza ekonomiko batzuk betetzen badituzte. 

Autonomoek baldintza hauek bete behar dituzte bono soziala eskuratzeko: 

  • Jarduera eten egin behar izan dute.

  • Edo, bono soziala eskatu aurreko hilean, fakturazioa % 75 baino gehiago urritu zaie.

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa darabilte.

  • Ohiko bizitokirako bakarrik erabil daiteke bono soziala.

  • Bono soziala horniketa jakin baterako eskatzen da, baina gerta daiteke dena delako horniketa hori enpresa edo pertsona juridiko baten izenean egotea; hala bada, titularra aldatu egin beharko da, eta pertsona fisikoaren izenean jarri. 

Agiri guztiak entregatzen diren momentuan bertan aktibatuko da bono soziala.

Eta haren beharra ekarri duten gorabeherak zuzentzen diren artean balioko du; edo, gehienera ere, 6 hilabetez. Bonoaren amaiera badatorrela, berriz, hilabete lehenago abisatu beharko du merkaturatzaileak. 

Badira errenta-muga batzuk, bono soziala eskatu ahal izateko:

  • 18.799€ (2,5 x 14 pagatako IPREM), familia-unitatean adingaberik ez badago.

  • 22.559 € (3 x 14 pagatako IPREM), familia-unitatean adingabe bat baldin badago.

  • 26.318 € (3,5 x 14 pagatako IPREM), familia-unitatean bi adingabe baldin badaude. 

Zer dokumentazio behar den 

Merkaturatzaileari bidali behar zaizkio agiriak eta eskaria. 

  • Bono soziala eskatzeko inprimakia, beharrezko baimenak eta guzti. Apirilaren 3ko TEC/320/2020 Aginduak dakarrena izango da inprimakia.

  • Titularraren eta familia-unitateko kide bakoitzaren NANaren edo AIZren fotokopia, baita 14 urtez azpiko adingabeena ere, agiri horietako bat edo bestea baldin badaukate.

  • Titularraren eta familia-unitateko kide guztien erroldatze-ziurtagiria (indarrean egon behar du).

  • Familia-unitaterik baldin badago, familia-liburuaren fotokopia.

  • Norberaren kontura aritzen den langilearen egoera ekonomikoa egiaztatzeko agiriak.Jarduera etenda daukala egiaztatzeko ziurtagiria. Zerga Administrazioko Estatu Agentziak emango du (edo autonomia-erkidegoko organo eskudunak), interesdunak berak horixe adierazteko egindako deklarazioan oinarriturik.

  • Edo, fakturazioa urrituta baldin badauka: egindako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia; sarrera eta gastuen egunerokoaren kopia; salmenta eta sarreren erregistro-liburuaren kopia; edo erosketa eta gastuen liburuarena. Autonomo batzuk ez daude derrigortuta jarduera-bolumena egiaztatzeko liburua edukitzera; halakoetan, jarduera gutxienez % 75 mehetu zaiela egiaztatu beharko dute, legez onartutako edozein froga-bide erabiliz. 

Zaila bada dena delako dokumentazioa aurkeztea, ordezko gisara, merkaturatzaile batzuek ardurapeko adierazpenak ere onar ditzakete aldi batean. 

Elektrizitateko bono sozialari buruzko informazio orokorra

Beste ezer jakin nahi bono sozialean eginiko aldaketen gainean?