Konfinamendua dela-eta, gero eta gehiago darabiltza jendeak Internet eta sare sozialak. Eduki mordoa sortzen eta zabaltzen ari gara egunotan, koronabirusa gurera heldu aurretik baino gehiago ere bai. Poz-pozik dabiltza, hortaz, zibergaizkileak: inoiz baino biktima posible gehiago dute eskura, iruzurrak eta engainuak egiteko.
Argi, bada, eta ibil zaitez adi: ez jokatu beldurrez itsututa, eta ondo pentsatu email, WhatsApp, SMS, sare sozial edo halakoetatik jasotzen duzunari kasu egin aurretik... edo hala moduzko web-orriren batetik jatorri edo erabilera susmagarriko ezer erosi aurretik.
Alarma-egoeran gaude, eta hala egon behar dugu, baita ere, Interneten gabiltzanean:
Lagundu gezurrei bidea mozten. Ez birbidali ezer, zabaltzen duen informazioa kontrastatuta dagoela ziur ez badakizu.
Saiatu gailu elektronikoak, zureak nahiz besteenak, ez kutsatzen. Ez birbidali ezer, nondik datorren ziur jakin gabe, baliteke-eta mezua kutsatuta egotea. Birtualki ere berdin: saiatu birusik ez zabaltzen.
Zibersegurtasuna zorrotz hartu. Pasahitza are eta seguruagoa jarri, eta zure dokumentuen segurtasun-kopiak egin.
Hona aholku batzuk zibererasoei izkin egiteko:
Ondo babestu zure datu pertsonalak eta osasunari buruzkoak. Ez jakinarazi halakorik iturri ofizialetakoak ez den inongo web orri edo aplikaziotan. Ez diezazutela phishing egin (datu pertsonalik lapurtu).
Argi ibili mezuak jasotzean.
Banku, osasun-zentro edo Gobernutik omen datorren mezuren bat jaso baduzu, argi. X diruko txekeak erregalatuko dituztela dioten mezuak ere zabaldu dira dagoeneko. Erakundeari galde egin, ea benetan haiek bidalitakoa ote den mezua. Horretarako, haien komunikazio-kanal ofizialetara jo: web orria, sare sozialak...
Aldiz, mezua familiako norbaitena bada, idazkera bera ere lagungarria izan daiteke jakiteko benetan bera den idatzi duena, edo beste norbait ote dabilen haren lekua hartuta: iruzurrezko mezuak akats ortografikoz eta bukatu gabeko esaldiz beteta datoz. Erraz detektatzen dira, senak asko laguntzen du.
Adi honelako mezuei: Bidali “laguntza” XXX telefonora… Batzuetan, kolaboratzeko eskatzen digute mezuren batean, eta osasuneko langileei laguntzeko, dena delako dohaintzaren bat emanez. Kasu honetan ere, ziur jakin behar duzu solidaritate-eskaera horiek iturri ofizialetatik datozela.
Ez deskargatu jatorri susmagarria duen aplikaziorik edo artxiborik, eta estekarik ere ez zabaldu. Ziur jakin behar duzu iturria fidagarria dela, adibidez, koronabirusari buruzko app guztiak ez direlako fidagarriak. Baliteke malware delakoren bat izatea (programa okerren bat), eta azkenean ordenagailua edo mugikorra infektatzea.
Telefono-deiak. Baten batek telefonoz deitu badizu “laguntza teknikokoa” dela esanez, adi. Batzuek dagoeneko salatu dute telefono-dei hauen helburua dela jendearen datuak eskuratzea, eta ekipo informatikoetan software okerren bat instalatzea.
Ez zaitez fidatu eskaintza harrigarriekin.
Mirarizko produktuak. Ez dago halakorik. Produktu batzuk koronabirusaren infekzioa prebenitu edo sendatu dezaketela diote. Eta hainbat estrategia darabilte horretarako:
erreferentzia profesionalak, osasuneko langileenak, adituenak, edo ofizialak ez diren iturrietakoak aipatzen dituzte. Informazio zuzena, iturri ofizialetatik datorrena da, eta ez besterik; gogoan hartu hori.
Gainera, fijatu zaitez ondo, mezu oldar samarrak erabiltzen dituzte-eta maiz: erosi orain!, edo ez galdu aukera paregabe hau!
Datu pertsonalen bat eskatuko dizute, edo aplikazioren bat deskargatzeko.
Doaneko harpidetzak Pelikulak edo serieak ikusteko euskarrietatik halako mezu mordoa zabaltzen ari dira. Begiratu zorrotz URLari (Interneteko helbideari), eta iturri ofizialera jo, galdetzeko ea benetan ari diren eskaintza berezi hori egiten.
Aipatutako kasuren bat hauteman baduzu, edo zuri tokatu bazaizu, komeni da salaketa jartzea, Ertzainetan edo Kontsumobiden.