Urte osoko kontsumorik handieneko garaian sartzear gaude. Gabonak mehatxua dira poltsikorako, eta Black Friday eguna dugu mehatxu horren hasierako mugarria. Erosketa konpultsiboa bultzatzen da eta horrek ez dio soilik gure ekonomiari eragiten. Egun horretan egiten diren erosketen eta ondorengo egunetako itzulketen kopuru handiak ingurumen-kostu handia dakarte, garraioa (CO2 emisioak) eta enbalajeak (hondakinak) areagotu egiten direlako.
Kontsumoa ez hauspotzeko eta diru-zorroa kontrolik gabeko erosketetan ez zulatzeko, hausnartu eta egin zure buruari honako galdera hauek: Benetan behar dut? Zenbat aldiz erabiliko dut? Badut etxean antzeko zerbait edo berrerabili daitekeen zerbait? Horrela jakingo duzu alferrik gastatzen ari zaren edo, aitzitik, zure kontsumoa arduratsua den.
Azkenean egun horretan (edo egun horietan, zenbaitetan saltokiek kanpaina luzatu egiten baitute “Black Week” deitutakoarekin) erostea erabakitzen baduzu, gogoratu:
- Ez erosi itzultzeko asmoz. Planetak ezin du jasan.
- Aurrekontua egiteak pentsatzen laguntzen dizu, zure ekonomia nolabait egonkor edukitzen. Egin zerrenda bat erosi nahiko/beharko duzunarekin, opariak eta zuretzako artikuluak bilduz; eta jarri aurrekontu bat zure buruari eta lotu zaitez aurrekontu horretara.
- Alderatu prezioak. Gauza jakin baten bila bazabiltza, egiaztatu Black Friday egunaren aurretik zenbat balio zuen.
- Erosi tokikoa. Bilatu lehenik zure auzoko dendetan. Kate handietan aurkitzen ez duzun hurbiltasun eta konfiantza hori eskaintzen dizute. Baina era berean denda horiek bizitza ematen diete gure kaleei eta hemen ordaintzen dituzte beren zergak. Gainera, ziur badaukatela zuk behar duzuna.
- Ezagutu zure eskubideak. Prezioak jaisteak ez dakar zure eskubideak gutxitzea.
- Irakurri produktuari eta itzulketa-politikari buruzko informazio guztia, erosi aurretik.
- Internet bidez erosi behar baduzu, webgune seguruetan erosi, ordainketa-pasabide seguruekin, produktuaren ezaugarriek eta entrega-epeek zalantzarik eragingo ez dizuten webguneetan.
Kontsumoa oinarrizkoa eta errepikakorra den jarduera da guretzat, baina plangintza funtsezkoa da egun horietan arduraz eta segurtasunez kontsumitzeko, gehiegikerietan erori gabe.
Black Friday egunaren inpaktu handia ekonomian eta ingurumenean - kontsumoBIDE - BLOGA (euskadi.eus)