Gaur, apirilak 2, jarri da indarrean 11/2020 Errege Dekretu Legea, martxoaren 31koa, eta COVID19aren ondorioz bertan behera geratu diren bidaia konbinatuei buruzko xedapen berriak ditu.
Berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat da bidaia COVID19aren ondorioz bertan behera utzi den kasuetan, antolatzaileak edo, hala dagokionean, txikizkariak, dirua itzuli ordez zenbateko bereko bonu bat eman ahal izango diola kontsumitzaileari.
Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretu Legea gaur, apirilak 2, jarri da indarrean, eta COVID19aren ondorioz bertan behera utzi diren bidaia konbinatuei buruzko arau berri bat jasotzen du.
Bidaia konbinatu bat dela esaten da kontsumitzaileak bi bidaia-zerbitzu edo gehiago kontratatzen dituenean batera (esate baterako, garraioa eta ostatua).
Handizkaria bidaiaren antolatzailea da; txikizkaria, berriz, kontsumitzaileak produktu horiek kontratatu dizkion bidaia-agentzia.
Errege Dekretuan jaso den xedapenaren arabera, COVID19aren ondorioz bertan behera utzi diren bidaia konbinatuetan, antolatzaileak edo, hala dagokionean, txikizkariak ordaindutako dirua itzuli ordez zenbateko bereko bonu bat eman ahal izango dio kontsumitzaileari.
Bonua urtebeteko epean erabili behar da, alarma-egoera amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Urtebete igaro ondoren kontsumitzaileak bonua erabili ez badu, egindako ordainketaren dirua itzultzeko eskatu ahal izango du.
Hala eta guztiz ere, kontsumitzaileak kontratua amaitzea eskatzen badu, antolatzaileak edo txikizkariak ordaindutako dirua itzuli beharko dio, betiere bidaia konbinatuaren kontratuan dauden zerbitzu-hornitzaileek euren zerbitzuei dagokien zenbateko osoa itzuli badute.
Itzulketa partziala izango balitz, kontsumitzaileak itzulketa partziala jasotzeko eta diferentziaren bonu bat jasotzeko eskubidea izango du.
Diru-itzulketa horiek gehienez ere 60 eguneko epean egin behar dira kontratua amaitzen denetik edo zerbitzu-hornitzaileek itzulketa egiten dutenetik zenbatzen hasita.
Laburbilduta, arau berriak aukera ematen du bidaiaren prezioaren itzulketa-eskubidea bonu baten bidez gauzatzeko.
Alarma-egoera amaitzen denetik urtebete igaro eta kontsumitzaileak bonua erabili ez badu, egindako ordainketaren dirua itzultzeko eskatu ahal izango du.