Hemen zaude

Autoa alokatzeko kontuan eduki beharrekoak

Asteartea, Abuztua 13, 2019

Alokatu aurretik

Alderatu preziok eta konpainiak Interneten eta hautatu komeni zaizun autoa: modeloa, gama, potentzia eta abar.

Erreserba aldez aurretik egitea eta check-a linean egitea aukera ona izan daiteke, batez ere goi-denboraldian. Eskatu beti kontratuaren, baldintzen eta gainerakoen kopia. Kopiarik ezin baduzu eskuratu, deskarga itzazu enpresaren web orritik.

Aztertu ondo gutxieneko baldintzak: askotan gutxieneko adina ezartzen da, gida-baimenarekin gutxieneko aldia eman izana eskatzen da edo antzeko zerbait.

Ezinbesteko osagarririk behar baduzu (ume-eserlekua...), aurretik eskatu behar duzu eta idatziz ezarri eskaeraren berri. Norberak garrantzitsutzat jotzen dituen beste osagarri batzuk ere (GPSa, aire girotua...) zehaztu egin behar lirateke.

Gidari bat baino gehiago egongo bazarete, ager daitezela denak kontratuan, ezustekorik gerta ez dadin; izan ere, aurrez hitzartu ezean, beti ez da egoten aukerarik gidaria aldatzeko.

Konpainia batzuek onartzen dute autoa kreditu-txartelik gabe alokatzea eta esku-dirutan ordaintzea, baina sarritan prezioa askoz garestiagoa izaten da. Alderatu beti prezioak.

Egiaztatu alokairu-konpainia arbitrajeari atxikita dagoela. Arazorik gertatuz gero edo erreklamaziorik egin behar izanez gero, arbitrajea berme ona da.

Ibilgailua: egoera, jasotzea eta itzultzea

Erreserbatutako autoa ez badaukate, antzekoa edo goragoko kategoriakoa eman behar dizute. Autoa egoera onean eman behar dizute: garbi, sistema guztiak funtzionamenduan eta abar. Behar den moduan ez badago, kontratua desegin dezakezu; hori gertatzen bada, erreserba-dirua itzuli behar dizute, eta horrek kalterik sortzen badizu, ordaina eman behar dizute.

Aztertu ondo ibilgailua erabiltzen hasi baino lehen. Egin argazkiak eta, akatsen bat dagoela edo zerbait gaizki dagoela igartzen baduzu, adierazi konpainiari eta gorde jakinarazpenaren kopia.

Zaindu ibilgailua: konpainia batzuek zehapena ezartzen dute autoa zikin itzultzen bada, eta batzuetan auto barruan erretzeagatik ere bai.

Ibilgailua itzultzen duzunean, aztertu enpresako langilearekin batera eta eskatu kalterik gabe ekarri duzulako frogagiria. Itzultzen duzunean bulegoa itxita badago, egin argazkia, egoera onean utzi duzula frogatu ahal izateko.

Giltzak galtzeak diru-zehapena dakar, eta batzuetan oso handia, gainera.

Ordu batzuk berandu heltzen bazara autoa itzuli beharreko tokira eta enpresak egun osoa kobratu nahi badizu, gogoan eduki hori gorantz biribiltzea dela eta abusuzko klausulatzat jotzen dela.

Gasolina eta kilometroak

Autoaren alokairuak kilometro kopurua mugatuta badauka, zerbitzua hastean begiratu zenbat markatzen duen kilometro-kontagailuak (egin argazkia) eta ibili kontuz baimendutako kilometro kopurua ez gainditzeko; izan ere, muga gainditzeagatik ezartzen den errekarguak asko gehitu dezake alokairuaren azken prezioa. Kilometro asko egiteko asmoa badaukazu, merezi du kilometro-mugarik gabe alokatzea.

Autoa depositua beterik dagoela alokatzen baduzu, halaxe utzi beharko duzu, depositu betearekin. Erreserba-tarifa garestixeagoa izan daiteke, baina konpentsatu egiten du. Autoa erregairik gabe, depositua hustuta, itzultzeko aukera ematen duen tarifa hautatzen baduzu, hasieran autoak daukan erregaia kobratuko dizute, eta kobratu ere benetako prezioa aplikatuta baino askoz garestiago.

Aseguruak

Konpainiek nahitaezko hirugarrenen aseguruarekin alokatu behar dituzte autoak. Gainerako zerbitzuak, inolako ezbairik gabe alokairu-enpresak eskainiko dizkizunak, ez daukazu zertan kontratatu.

Asegurua hirugarrenena, frankiziaduna edo arrisku orokoa izan daiteke. Kontuan eduki behar duzu frankiziaduna hautatuz gero zure kontu izango dela ibilgailuen konponketa-gastuen zati handia.

Arrisku oroko asegurua erosoagoa izan daiteke, baina aztertu ondo klausula guztiak, batzuetan mugak ezartzen baitizkiote ibilgailuaren erabilpenari (asfaltatu gabeko bideetatik ibiltzea, giltzak galtzea, okerreko erregaia erabiltzea…). Gainera, eduki kontuan prezioa: aseguru honekin alokairuaren azken prezioa askoz handiagoa izan daiteke.

Non eta nola gidatu

Gidatu arretarekin. Arau-hausteren bategatik isuna ezartzen badizute, ordaindu egin beharko duzu, jakina; baina, gainera, enpresa gehienek aparteko kopurua kobratzen dute “isunak kudeatzeagatik”: 50 euro inguru.

Autoa uharte batean alokatzen baduzu, irakurri ondo kontratua: baliteke beste uharte batera txangoa egin nahi izatea eta kontratuaren arabera autoa uhartetik ezin irten izatea (adibidez, Lanzarotetik Fuerteventurara).

Halaber, herrialde batetik baino gehiagotik ibiliko bazara, jakin beharko duzu autoak mugarik daukan edo herrialde batetik beste batera joateagatik diru kopuru osagarririk ordaindu behar den.

Kontuz ibili asfaltatu gabeko bideetan eta txarto asfaltatutakoetan: autoak kalteak jasan ditzake, eta baliteke kontratuaren arabera halako bideetatik ezin ibili izatea ere.

Eta erreklamazioa aurkeztu behar bada?

Lehenbizi alokairu-konpainiari berari aurkeztu behar diozu erreklamazioa.

Ados ipini ezean, eskatu erreklamazio-orria (ofiziala izan behar da), bete eta utzi kontsumo-bulego batean (KIUB, Kontsumobide…).

Horrez gainera, Garraioen Arbitraje Batzordera jo dezakezu (irakurri ondo kontratua, konpainia batzuek uko egiten diote bide horri eta).

Azken urratsa bide judiziala da; dena dela, pentsa ondo ekin aurretik: epaia ez da beti aldekoa izaten.

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/blog-sarrera/2019/autoa-alokatzeko-kontuan-eduki-beharrekoak/y10-kbpstblg/eu/