Lehenik eta behin, argi izan behar duzu aire-konpainia dela fakturatutako maletei gerta dakiekeenaren erantzulea, maletak hondatzen, galtzen edo atzeratzen badira; beti ere, hegazkinean bertan edo konpainiaren zaintzapean egon bitartean gertatzen bada. Eskuko maletekin, konpainiaren erantzukizuna mugatuagoa da, langileen manipulazioaren ondorioz edo konpainiari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik gertatu ezean erantzukizunari uko egin ahal baitzaio.
Bigarrenik, har ezazu kontuan hainbat aldiz errepikatu dugun gomendio ezagun hau: gorde dokumentazio guztia; batez ere, ontziratze-txartela eta ekipaje-taloia.
Eta, erreklamazioa jarri behar badut, nola egin dezaket? Lehenik, bete zure konpainiaren erakusmahaian emango dizuten partea (ekipaje-erregulartasunaren partea). Aireportuan egin ezin baduzu, etxean bete dezakezu, baina gogoratu erreklamazioa jartzeko epeak daudela:
Maletak kaltetu badira, zazpi egun dauzkazu, ekipajea jasotzen duzunetik zenbatzen hasita.
Maletak atzeratu badira, hogeita bat egun dauzkazu, ekipajea ematen dizutenetik zenbatzen hasita.
Hogeita bat egun igarota ekipajea eman ez badizute, galdu egin dela balioetsiko da.
Ekipajea ematen atzeratzen badira, konpainiek behar-beharrezko gastuak ordain diezazkizute maleten zain egon bitartean (Adi! Kontu honen inguruan, nolabaiteko nahasmendua dago: ez da eskubide automatiko bat. Eta, bestalde, izan ezazu garbi larruzko txaketa bat ez dela behar-beharrezkoa). Gorde fakturak, eta aurkeztu erreklamazioarekin batera. Eta gogoratu muga bat dagoela.
Ekipajea galtzen, kaltetzen edo atzeratzen bada, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango duzu, 1.350 euro inguruko mugarekin*. Bestalde, bidaia-aseguruarekin bidaiatzen baduzu, aseguruaren estaldura handiagoa izaten da aire-konpainiena baino, azken horien erantzukizuna mugatua baita. Asegurura jotzen baduzu, eskatu txostena aire-konpainiari.
Informazio gehiago:
Gure Webgunean: Aireko garraioa
Kontsumobideren blogean: Eta hegazkin-konpainiak nire erreklamazioari erantzuten ez badio, zer?
*Kalte-ordainak igorpen-eskubide berezietan (IEB) neurtzen dira, eta 1.131 IEBtan daude finkatuta. Hala ere, bihurketa-balioa egunero aldatzen denez, kopuru horiek gutxi beherakoak dira.
Egilea:Kontsumobide