Asteazkena, Abendua 13, 2017
Adin bakoitzerako jolas bat, jostailu desberdinak neska eta mutilentzat? Lehenengo urteetako jolasak komunak dira, berdinak neska eta mutilentzat. Guztion eginbeharra da egoera hori denboran ahalik eta gehien luzatzea. Neska-mutikoak hazten doazen heinean gehien zer gustatzen zaien eta ondoen norekin moldatzen diren konturatzen doaz. Urteek aurrera egin ahala mutilen eta nesken taldeak sortu ohi dituzte, beti baitago kidetasun ukaezin bat. Edonola ere, ingurune lasai eta aurreiritzirik gabekoetan jolas komunak ohikoagoak dira denbora luzeagoan. Iturria: Crecer Jugando izeneko fundazioaIzenburua: “Jostailuak eta haurren sexua” O urtetik 3 urte bitartera: izaera osatzen Fase horretan neska-mutilen aldaketak izugarriak izaten dira. Ingurune hurbilekoena zentzumenen bidez arakatzen duten haurtxoak izateari utzi eta izaera propioa duten haurrak bihurtzen dira, berritsukeria handiago eta txikiagoarekin mintzatuz, baina betiere erabakitasunarekin. Bizitzako lehenengo urtean beren lorpenen helburua zentzumenak, indarra eta trebetasun fisikoa garatzea da, eta halaber beren buruaren kontzientzia hartu eta gero besteekin harremanetan jartzea. Geroz eta trebeagoak eta indartsuagoak izango dira, eta hiru urte izatean, beren independentzia berretsi nahiko dute, eta lehenengo lagunak egingo dituzte. Nola jolasten dute: hasiera batean aita edo ama dira jolasa banatzen dutenak, baina berehala haurrek heurek gonbidatzen dituzte jolasa hastera. Hilabeteetan bakarrik edo beste haur batzuekin batera egingo dute jolas, gune berean, baina ez dira gai, oraindik, elkarrekin zerbait egiteko. Zer dute gustuko: Arranberak, jolas egiteko burusiak, pilotak, mugikorrak… aurrerago eskorgak, ahokagarriak, erabilera ugari ahalbidetzen dituen jolasa, trapuzko panpinak, txirristak, telefonoak, jolas sinbolikoak.... 3 urtetik 6 urte bitartera: mutilak mutilekin eta neskak neskekin? “Handiak" egiten ari dira. Erraztasunarekin hitz egiten dute eta helduekin hitz egin eta jolastea oso gustuko dute. Helduen gogokoak izan nahi dute. Arretaz entzun eta jarduera zehatzagoetan arreta jartzeko gai dira. Pixkanaka taldea geroz eta garrantzitsuagoa izango da. Sentitzen dutena adierazteko gai dira, eta laster beren emozioak kontrolatu ahalko dituzte…… neurri batean behintzat. Beren jarduera-eremua handituko duen garai baten hasiera da: irakurtzen eta idazten ikasiko dute. Nola jolasten dute: besteekin jolas egiten ikasi dute eta gustuko dute. Gainezka egiten duen irudimena dute, eta horren isla dira beren jolasak, irudimenak garrantzia izugarria baitu. Berehala ikasiko dute arau errazak dituzten jolasetan parte hartzen, baina hobe horiek denboran gehiegi luzatzen ez badira! Nahiz eta lehenengo urteetan elkar-lagunak sortu, neska-mutilek asko jolasten dute elkarrekin. Zer dute gustuko: Autoak, era eta tamaina guztietako pilotak, arkatzak eta plastilinak, eraikuntzak, musika-tresnak, txotxongiloak, mozorroak, panpinak, kaseteak, beren adinerako egokiak diren ordenagailuko jolasak... eta jolas sinbolikoa, fase horretako izarra hain zuzen. Bizitza errealeko egoerak errepikatzea, lanbide bat irudikatzea, printzesa eta jauregiekin amets egitea, edo aita eta ama izatera jolastea oso erakargarria da beraientzat. 6 eta 9 urte bitartean: beste sexuaz ohartzea Beren jakin-minak ez du mugarik, eta jakin-min hori asebetetzeko galderek ere ez. Adin horretako neska-mutilek beren jardueren ondorioak aurreikus ditzake eta horiekiko interesa erakusten dute. Fisikoki trebetasun handia lortu dute eta erabiltzea gustatzen zaie. Lagunek garrantzia handia dute, zalantzarik gabe. Beren lehenengo aukera sendoak egiten dituzte, eta lehengo lehia, borroka eta adiskidetzeak gertatzen dira. Nola jolasten dute: pilotarekin egiten diren talde-jolasen garaia da: funtsean futbola. Jarduera horretan mutikoek “onartzeko eskubidea erreserbatua” kartela zintzilikatzen dute, ez baita neskentzako jolasa; hala ere, egia da neska guztiek ez dutela parte hartu nahi izaten. Neskek ere bazter uzten dituzte zakarregiak jotzen dituztenak. Edonola ere, ikastetxeetan talde-jolasen garaia da eta nahikoa fisikoa: sokan, saskibaloian, ezkutaketan, goman. Zer dute gustuko: Txirrinduak, puzzleak, auto telegidatua, panpin-manikiak eta panpin artikulatuak, esperimentu-jolasak, magia-jolasak, multimedia, kartak, eraikuntza konplexuagoak… 9 eta 12 urte bitartean: jolas komunek jarraitzen dute eta aldatzen dira Aurki nerabeak izango dira: beren planak egiten dituzte, helduak alde batera utzita. Geroz eta indibidualistagoak dira, baina zenbait lagunekin dituzten loturak geroz eta estuagoak dira. Beren iritziak ausart ematen dituzte, baita lotsagabe ere. Telebista kontsumistak dira eta teknologia berriak geroz eta gehiago interesatzen zaizkie. Nola jolasten dute: aire zabalean kirola egiten duten arren, batez ere nesken jolasak geroz eta lasaiagoak dira. Beren bizipenak kontatzeko geroz eta sarriago elkartzen dira. Batzuentzat eta besteentzat bildumazaletasunak indar handia hartzen du; nolanahi ere, kromoen eromena aurreko fasean hasten da. Nahiz eta neskek eta mutilek oso garbi dituzten beren interesak, jolaserako eremu komunak izaten jarraitzen dute, oinarrian aire zabaleko jolasak. Zer dute gustuko: kirol-osagarriak (irristailuak, ohol gurpildunak, patineteak), mekanoak, sormen artistikoko jolasak, puzzle konplexuak, dedukzio-jolasak, beren ezagutzak estutasunean jartzen dituztenak, bideo-jokoak… 12 urtetik aurrera: beste unibertso bat Beren denbora antolatu nahi dute, eta lagun minekin duten harremana ezinbestekoa da. Askori kirola eta lehia gustatzen zaie. Interes bizia erakusten dute teknologia berriekiko: Internet, ordenagailuak, musika-erreproduzitzailea formatu berriekin… helduen munduan sartzen ari dira. Nola jolasten dute: Batzuek jada ez dutela jolasten esango dute, baina benetan, jolasten jarraitzen dute. Ez dio axola nola deitzen dioten horri. Edonola ere, jolasari eskainitako denboran geroz eta gutxiago mugitzen dira eta pribatua da. Kirola eta aire zabaleko jarduerak garrantzitsuak dira, baina orain bereizketa oso nabarmena da: mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Zer duten gustuko: Bildumak, bideojokoak, mahai- eta gizarte-jokoak, estrategia-jokoak, rol eta simulazio jokoak, kiroletako materiala, maketak eta eraikuntza konplexuak, slot-ak. Egia da adinarekin jolasa aldatu egiten dela. Baina ezin da desagertu, guztiok, neska, mutil, aita eta amok behar baititugu alternatiba egoki eta sormenezkoak gure aisialdirako.