Pizza-hondarrak dituzten kartoiak, likido-hondarrak dituzten latak edo tetrabrikak, edo beteta daudenak iraungita daudelako, bolalumak, hortzetako pastaren tutuak, txikleak... Zein edukiontzitara bota behar dira?
Artikulu honetan zalantza horiek guztiak argituko ditugu; izan ere, produktu horiek ezin dira birziklatu, eta errefusaren edukiontzira bota behar dira: grisera. Ziur gaude edukiontzi horira plastikozko ontziak, latak eta tetrabrikak botatzen direla badakizula, baina aurretik aipatutakoek eta beste zenbaitek zalantzak sor ditzakete.
Murriztu, berrerabili, birziklatu, berreskuratu … eguneroko hitz bilakatu zaizkigu. Ezinbestekoak dira planetako baliabideen kontsumoa murrizteko eta mundu jasangarriagoa eraikitzeko. Jende guztiak du argi ekologiaren arloko 3 arauek zer esan nahi duten (murriztu, berrerabili eta birziklatu), eta garrantzitsuena da arau horiek egunerokoan praktikan jartzea, arduraz kontsumitzeko ohituren bidez.
Hiru atal horietatik hirugarrena, birziklatzea, aztertuko dugu gaur. Baina, ezer baino lehen, ezinbestekoa da bost edukiontziak ezagutzea eta horietako bakoitza zer hondakin-frakziotarako erabiltzen den jakitea: organikoa, marroia; errefusa, grisa; ontzi arinak, horia; papera, urdina, eta beira, berdea. Hondakinak bereizten eta sailkatzen dakigunean, birziklatzen hasteko garaia izango da, sistema horren bidez, baztertutako produktu baten hondakin guztiak edo batzuk berreskuratu egiten baitira, berriz erabili ahal izateko; horrela, beste bizitza bat emango diegu. Eta berriz ere hasierara. Horrenbestez, arduraz kontsumitu eta hondakinak behar bezala sailkatzea ezinbestekoa da, ingurumen-kudeaketa egokia egiteko.
Baina badira eguneroko zenbait produktu birziklatu ezin direnak, eta, askotan, informazio faltagatik, ez ditugu behar bezala birziklatzen. Hala bada, hona hemen berrerabili ezin diren eta edukiontzi grisera, errefusaren edukiontzira bota behar diren objektuak:
- Pizza hondarrak dituzten kartoiak: janari-hondarrak dituzten edo pizza-koipez zikindutako kartoizko kaxak ezin dira edukiontzi urdinera bota, kalte egingo liokeelako gainerako paper eta kartoi garbia birziklatzeko prozesuari. Gauza bera gertatzen da paperezko ezpainzapiekin: errefusaren edukiontzira bota behar dira.
- Likido-hondarrak dituzten latak edo tetrabrikak: tetrabrik edo lata bat bota nahi badugu iraungi zaigulako, beteta dagoela ohartu behar dugu edo, agian, likido-hondarren bat izan dezakeela barruan, eta ontziak izan arren, erabat hustu behar ditugu inora bota aurretik. Baina ontzia ezin bada hustu, ezin da birziklatu, eta errefusaren edukiontzira bota behar da. Edukiontzi horian birziklatzeko uzten diren ontziek hutsik egon behar dute.
- Plastikozko jostailuak: plastikozko jostailuak ezin ditugu edukiontzi horira bota, ontzietarako bakarrik delako. Jostailuak egoera onean badaude, beste bizitza bat ematea da aukerarik onena, eta erabilitako jostailuak jasotzen dituzten erakundeei ematea.
- Hortzetako pastaren tutuak: plastikoz egindako hortzetako pastaren tutuak ezin dira birziklatu. Tutu horiek era askotako plastiko ijeztuz daude eginda eta plastiko mota bakoitzak birziklatze-prozesu bat du. Izan ere, ijezketa berean plastiko asko batzen badira, ezinezkoa da berriz ere bereiztea eta birziklatzea.
- Bolalumak: gehien bat, plastikoz egiten dira, baina, hala ere, ezin dira edukiontzi horira bota ontziak ez direlako; grisera bota behar dira.
- Txikleak: plastikozko oinarri neutro batekin egiten dira (xantano goma edo polibinil azetatoa), horrek ematen baitie elastikotasuna. Horregatik dira zailak birziklatzeko, eta, beraz, birziklaezinak gertatzen dira. Baina txikle-bilgarriak birziklagarriak dira, ontzien edukiontzi horira bota dezakegun plastiko mota batez baitaude eginda.