Osasun-larrialdiaren ondorioz konfinamendua etorri da eta, orain, online erosketa gehiago egiten da, hala nola elikagaiak, premia biziko gaiak edo tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko produktuak erosteko.
Internet bidez ordaintzeko aukera ugari dago. Aukera horietakoren batek beldurra ematen bazizun eta horregatik ez baduzu erabili, ez izan beldurrik, erabat seguruak dira eta. Dena den, sistemak ez daudenez blindatuta, zibererasoren bat izan dezakete; neurri batzuk besterik ez dira hartu behar inork ziria ez sartzeko. Egia esan, ordainketak hasteko pasabideen bidez ordaintzeko aukerak (Paypal, adibidez) dira seguruenak. Baina beste sistema batzuk ere badaude. Besteak beste:
- Kreditu- eta zorduntze-txartela. Gehien erabiltzen den aukera da, erosoa eta azkarra delako. Baina, ez da seguruenetako bat, txarteleko informazio guztia ematen delako.
Komertzioak datu horiek eskura ditzan saihesteko eta, horrela, sistema hori seguruagoa izateko, establezimendu askok Saltokiko Terminal (ST) birtualak erabiltzen dituzte eta autentifikazioa eskatzen dute: txarteleko informazioa sartu ostean, bankuak SMS mezu bat bidaltzen du erosketa amaitzeko gakoarekin. - Ordaintzeko plataformak. Plataforma horiek (PayPal, adibidez) zure datuak babesten dituzte, eta bitartekari lana egiten dute eroslearen eta komertzioaren artean. Mota horretako plataforma batean alta hartzen baduzu, zure txarteleko edo bankuko kontuko datuak lotuko dituzu. Beraz, online erostean ez dituzu txarteleko digituak sartu behar, nahikoa da plataforman alta emateko erabili dituzun helbide elektronikoa eta pasahitza sartzea. Ordaintzeko metodo seguruenetako bat da, baina plataforma horietako batzuetan alta eman baino lehen informazio nahikoa jaso behar duzu; ondo ikusi zein segurtasun-neurri eskaintzen dituen eta iruzurra egonez gero zein berme ematen dizkizun.
- Bizum. Aplikazio horren bidez, mugikorra erabilita bidali diezaiokezu dirua zure bankutik beste pertsona bati. Baina erabili ahal izateko, biok izan behar duzue aplikazio hori. Oso erraz erabil daiteke: aplikazioan sartu eta kontaktuen artean bilatu dirua jaso behar duen pertsonaren telefono-zenbakia. Zenbat diru bidali zehaztu behar duzu eta, gero, transakzioa baieztatu, SMS bidez jaso duzun kodea sartuta.
Komertzio askok dute ordaintzeko zerbitzu hori, aukera moduan, beren web-orrietan. Horrela ordaindu nahi baduzu, zure telefono-zenbakia eta Bizumeko gakoa sartu beharko dituzu. Zure bankuko App-ean eskuratuko duzu gako hori.
Sartu Bizum aplikazioan https://bizum.es/ eta bilatu zein finantza-erakundek erabiltzen duten eta zein komertziotan ordain dezakezun zerbitzu hori erabilita.
Tresna erraza eta segurua da. - Banku transferentzia. Sistema hori erabiltzen baduzu, zuzenean bidaliko duzu dirua zure bankutik komertziora. Abantaila moduan, ez duzu daturik sartu behar webean. Baina kontuz ibili behar duzu, batez ere ordainketa egingo duzun bankuko kontu hori atzerrian badago. Iruzurra bada, zailagoa izango da ordaindutako dirua berreskuratzea.
- Erositakoa jasotzean ordaintzeko aukera. Erosten duzun hori jasotzen duzunean egiten duzu ordainketa. Online denda guztiek ez dute aukera hori, baina seguruena da, erosi duzuna ondo dagoela egiaztatu ostean egin baitezakezu ordainketa.
- Aurreordainketako txartelak. Txartel birtualak dira, kontu bati lotuta ez daudenak. Zuk erabakitzen duzu zenbat diru sartu nahi duzun txartelean. Bankuan eska dezakezu txartel hori.
Baina, hala ere, garrantzitsua da web-orri seguruetan ordaintzea, bestela harrituta geratuko zara eskatutakoa jasotzen duzunean edo, are txarragoa dena, erositakoa jasotzen ez duzunean.
Online erosi dudana itzuli nahi badut, egin dezaket?
Online egin diren erosketei uko egiteko epea, normalean, 14 egunekoa da. Baina alarma-egoeran edo horren luzapenetan gauden bitartean, epe hori etenda dago.
Hala ere, produktu batzuk ezin dira itzuli: neurrira egindakoak, elektronikoki jasotako fitxategi informatikoak edo zigilua kenduta duten diskoak.