Arauak eta gomendioak gogoan ditugu supermerkatura erostera goazenean: banaka joan behar dugu; ahalik eta gutxien joan eta beti zerrenda batekin; plastikozko eskularruak erabili; aurpegia ez ukitu; metro bateko gutxieneko segurtasun-tartea mantendu … Eta, ahal dela, hobe dugu txartelarekin edo mugikorrarekin ordaintzea, dirua, eskuz-esku dabilenez, kutsatzeko foku bat izan baitaiteke.
Ezohiko egoeran gaude, beraz, ordainbideetan ere neurriak hartu dira. Finantza-erakundeek, aldi baterako, 20 eurotik 50 eurora handitu dute kontakturik gabe edo "contactless" bidez ordaintzeko muga. Horrela, erostera zoazenean eta zenbatekoa 50 eurotik beherakoa bada, ez duzu makina ukitu beharko txartelaren PINa tekleatzeko.
Arau horren helburua prebentzioa bultzatzea eta kutsatzea eragoztea da. Covid-19k eragindako egoerak irauten duen bitartean mantenduko da, eta pixkanaka aplikatzen hasi da saltoki guztietan martxoaren 30etik aurrera.
Nolanahi ere, PSD2 izeneko ordainketa-zerbitzuei buruzko Europako zuzentarau berriarekin txertatutako segurtasun-, kontrol- eta autentifikazio-neurri indartuak aplikatzen jarraituko dira. Neurri horien arabera, PINa tekleatu beharko da 150 euro edo PINa tekleatu gabe 5 eragiketa jarraian pilatzen badira.
Kutxazainean komisiorik gabe dirua ateratzeko aukera eman dute hainbat erakundek.
Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioak (CECA) bezeroei komisiorik ez kobratzea erabaki du kutxazain sare osoan dirua eskuratzeagatik. Neurria astelehen honetatik, martxoaren 30etik, aurrera aplikatuko da. Arau horren helburua da joan-etorriak murrizten laguntzea eta mugikortasunaren arloko gomendioak betetzea.
CECArekin lotura duten kreditu-erakunde hauek hartu dute neurri hori: CaixaBank, Bankia, Kutxabank, Abanca, Unicaja Banco, Ibercaja Banco, Liberbank, Caixa Ontinyent eta Caixa Pollença.
Hala ere, kontuan izan: beti gomendagarriagoa izango da txartelarekin edo sakelakoarekin ordaintzea.