Azken hamarkada hauetan ikusi dugu garapen ekonomikoak aurrerapen nabarmena egin duela gure herrialdean. Egoera horrekin batera, kontsumoak ere igoera garrantzitsua ezagutu du, eta gainera, gaur egun, gauzak erosi ahal izateko, aurrezkietatik datorren kapital bat eduki beharrik ez izateak bizkortu egin du kontsumo hori.Izan ere, kreditura ordaintzeko bitarteko ugari daude kontsumitzailearen esku.
Azken hilabete hauetako krisialdi ekonomikoak begi-bistan utzi du, halere, kontsumo-eredurik bortitzena ezin daitekeela denbora luzeagoan mantendu, Espainiako familia asko eta asko neurriz gaineko zorpetzeegoera batean aurkitzen direlako.
NEURRIZ GAINEKO ZORPETZEA esaten zaio neurriz gaineko zorrak egin dituen eta une batean horiei aurre egin ezinik aurkitzen den kontsumitzailearen egoerari.
Kontsumitzaile bat neurriz gaineko zorpetze-egoerara bultzatzen duten edo bultzatu ahal izan duten faktoreak ugariak izan daitezke.Maila pertsonaleko edo psikologikoko faktoreez gain, azpimarratu behar dugu azkeneko urte hauetan kontsumoondasunen ordainketa geroratua eta kreditua errazteko sortutako produktuak eta zerbitzuak erabiltzera (edo hobe esanda, neurriz gain erabiltzera) bultzatu dutela kontsumitzailea horietako askok.Halako neurritaraino barneratu du kontsumitzaileak kontsumo-ondasunak eskuratu beharra, ezen sarritan, ohiko etxebizitza eskuratzeko hipoteka-maileguaren gerizpean, ia eguneroko kontsumo-erosketek eragindako zorrak bildu baitira.
Era horretan, kontsumitzaileak ezinlotuagoak ditu bere etorkizuneko diru-sarrerak, eta edozein ustekabeko faktoreren mende aurkitzen da, hala nola langabezia, krisialdi pertsonal edo familiar bat, gaixotasun larri bat edo bestelakoak.
Neurriz gaineko zorpetze-egoera horrek ez du normalean irtenbide errazik edota kontsumitzaileari inolako kosturik ez dakarkionik.
Kasurik onenean, galdu egin dezake jabetzan duen ondasun bakarra, hots, bere ohiko etxebizitza, eta batzuetan benetan larriak diren egoeretara ere irits daiteke, oinarrizkoenarekin ere sostengatzeko ezintasuna eragin diezaiokeelako.
CD honetan eskaintzen den informazioak, ahal duen neurrian, kontsumitzaileari bere kredituaren kostua murrizteko eskaintzen zaizkion neurriei buruzko azalpenak eman nahi ditu, gutxienez kasu batzuetan aldi baterako (aldi baterako langabezia-egoera bat, osasun-arazoren bat... gainditzeko), eta bigarren partean, konkurtsoa aztertzen da, kasurik gehienetan zerotik hasi ahal izateko eskaintzen zaion azken neurri gisa, hark dituen zorren zenbatekoa ahal beste geroratzen edo murrizten saiatuz.
Nolanahi ere, esandako honek ez du esan nahi kontsumitzaileak ez duenik egoera honetan erantzukizunaren bere partea onartu behar.Orain inoiz baino gehiago, kontsumitzaileari gomendatu behar zaio buruarekin pentsa dezala, kredituari baino lehentasun handiagoa eman diezaiola aurrezpenari, eta saia dadila bere etxeko kontuaren saldoa ez dadila hilaren bukaeran negatiboan izan.