Usted está aquí

Iruzurrezko etiketak: itxura osasuntsua izan arren osasungarriak ez diren elikagaietatik ihes egin

Martes, Junio 19, 2018

Iruzurrezko etiketak: itxura osasuntsua izan arren osasungarriak ez diren elikagaietatik ihes egin

Egilea: Kontsumobide, Maiatza 31, 2018

 

'Bikini operazioa' —edo 'igerilariaren slip operazioa', kasuaren arabera— datorrenez, asteko erosketa-ohiturak aldatzea erabaki duzu: elikagai osasungarriak bakarrik sartuko dituzu orgatxoan. Begirada berriarekin zoaz supermerkatuko pasilloetatik. Mota guztietako mezu erakargarriak dituzten produktuak ikusten dituzu nonahi: "kaloria gutxikoa", "artisau-erakoa", "naturala", "light"... Baina arazoa dator, arduratsu jarrita, etiketa irakurtzerazoazenean produktu horren informazio nutrizionala aztertzeko asmoz: taulan agertzen diren kilokaloriak ez dira hain arinak; edo gehigarrien zerrenda ez dator bat artisau-erara egindako produktu batek izan beharko lituzkeenekin… Nola azaldu hori?

Europan badago arau bat, elikagai batek ezaugarri nutrizional jakin batzuk dituela noiz jarri behar duen arautzen duena. Adibidez, "balio energetiko txikia", "balio energetiko murriztua", "azukrerik ez" edo "light". Baina kontua da, alde batetik, kontsumitzaile askok ez dakiela zein baldintza bete behar dituzten ezaugarri horiek jasotzeko eta, beste aldetik, marka batzuek edukirik gabeko hitzak erabiltzen dituztela, esanahi emozional handia dutenak eta elikagai jakin baten ezaugarri onen gainean asmo faltsuak sortzen dituztenak. Izan ere, "amonaren errezeta erabiliz" egindako produktuek modu tradizionalean eta osasungarrian egindako produktuak gogoratu nahi dituzte, baina ekoizpen industrialekoakizanik gehigarriz edo oso gomendagarriak ez diren osagaiez beteta egoten dira; palma-olioa, esaterako.

Ustekabekorik ez gertatzeko, lehenengo aholkua da publizitateari lotutako mezuei jaramonik ez egitea. Gogoratu "natural" hitza ontzi askotan jartzen dutela, baina ez duela ezer esan nahi. Hitz horrek soilik du zentzua elikagai jakin batzuetan: aromarik gabeko jogurt naturaletan, esneki hartzigarriz eginda dagoelako, edo ur minerala, zuzenean iturburu batetik hartutakoa delako. Ez egin kasurik artisau-erara edo etxeko moduan egindako produktuei, benetan ezaugarri hori zigiluen edo ziurtatutako etiketen bidez frogatzen ez badute. Beste guztia marketin hutsa da.

Taula nutrizionala

Bigarren aholkua zera da: begiratu, zuzenean, etiketako taula nutrizionala. Hor ikusiko duzu 'light' hitzak soilik adierazten duela elikagai-kategoria horretakoekin alderatuta produktu horrek kaloria gutxiago duela. Hau da, produktua hiperkalorikoa bada 'light' jarrita soilik adierazten da kaloria horietako batzuk kendu zaizkiola. Horrelako kasuetarako, araudiak zehatz ezartzen du noiz erabili daitezkeen esamolde hauek:

  • ... kopurua murriztuta: nutriente hori gutxienez % 30 murriztu da, antzeko produktu batekin alderatuta. Mikronutrienteen kasuan, murrizketa hori % 10ekoa izan daiteke, eta sodioaren edo gatzaren kasuan % 25ekoa.
  • Gantz aseen kopurua murriztuta: gantz-azido aseen eta trans erakoen batura antzeko produktu batena baino % 30 txikiagoa da gutxienez, eta trans azidoen kopurua antzeko produktu baten kopuru berekoa edo txikiagoa da.
  • Azukreen kopurua murriztuta: energia-ekarpena antzeko produktu batek duen bera edo txikiagoa da.
  • Light / Lite: "... kopurua murriztuta" delakoan betetzen diren baldintza berberak bete behar dira kasu honetan ere, eta arina izateko ezaugarria zein den agertu behar da.
  • Produktu bat kaloria gutxikoa edo balio energetiko txikikoa da baldin eta ez badu:
    • 40 kilokaloria 100 gramo bakoitzeko, elikagaiak solidoak direnean.
    • 20 kilokaloria 100 mililitro bakoitzeko, likidoak direnean.
    • 4 kilokaloria anoa bakoitzeko, mahaiko edulkoratzaileetan.
  • Balio energetiko txikia: balio hori % 30 jaitsi behar du gutxienez, eta hori nola lortu den adierazi behar da.
  • Energia-ekarpenik ez: 100 mililitro bakoitzeko gehienez 4 kilokaloria dituenean. Mahaiko edulkoratzaileen muga 0,4 kilokaloria da anoa bakoitzeko.
  • Gantz gutxi: gehienez 3 gramo gantz 100 gramo bakoitzeko (solidoetan) edo 1,5 gramo gantz 100 mililitro bakoitzeko (likidoetan). Esne erdigaingabetuak 1,8 gramo gantz izan behar du 100 mililitro bakoitzeko.
  • Gantzik ez: ez dago 0,5 gramo gantz baino gehiago 100 gramo edo 100 mililitro bakoitzeko.
  • Azukre gutxi: gehienez 5 gramo azukre 100 gramo bakoitzeko (solidoetan) edo 2,5 gramo azukre 100 mililitro bakoitzeko (likidoetan).
  • Azukrerik ez: ez dago 0,5 gramo azukre baino gehiago 100 g o 100 ml bakoitzeko.
  • Azukre erantsirik ez: ez dago monosakaridorik edo disakaridorik, ezta edulkoratzeko ezaugarriengatik erabilitako elikagairik ere. Elikagaiak berez dituen azukreak besterik ez badaude, honela adierazi beharko da: "berezkoak diren azukreak ditu".
  • Zuntzak ditu: gutxienez 3 gramo zuntz daude 100 gramo bakoitzeko, edo gutxienez 1,5 gramo zuntz 100 kilokaloria bakoitzeko.
  • Zuntz ugari du: gutxienez 6 gramo zuntz daude 100 gramo bakoitzeko, edo 3 gramo zuntz 100 kcal bakoitzeko.
  • Proteinak ditu: elikagaiaren energia-balioaren % 12 emango du gutxienez.
  • Proteina ugari du: elikagaiaren energia-balioaren % 20 emango du gutxienez.